Bilbon 1875eko apirilaren 14an jaio eta 1931ko uztailaren 7an Madrilen zendutako pintore bizkaitarra.
Euskal familia industrial bateko kidea izaki, heziketa kosmopolita jaso zuen. 1887an hasi zen batxilergo frantziarreko ikasketekin Angulemen (Frantzia). Ondoren, 1892an bere kultura-ezagutzak sakontzen jarraitu zuen Etoneko Unibertsitatean (Ingalaterra). 1897an amaitu zituen ikasketak. Industri ingeniari titulua eskuratuta, hainbat nazioetan barrena bidaiatu zuen siderometalurgiako prozedura nabarmenenak ikasi eta baitaratzeko. Ondoren, Bilbora itzuli zen aitak zuen industria-enpresa zuzentzeko asmoz.
1902an ama hil zen eta, horren ondorioz, enpresa utzi zuen bere pasio kuttunari eusteko: pintura. Pintura arloko ikaskuntza Bilbon egin zuen, 1903an, Manuel Losada irakasle zuela. Hogeita zortzi urte bete berriak zituen Echevarriak orduan. Bere garaiko Bilboko zirkulu intelektual eta artistikoetan mugitu zen. Horrela, besteak beste, Miguel de Unamuno, Leopoldo Gutierrez Abascal, Guiard, Iturrino edo Regoyos ezagutu zituen.
Hilabete batzuk beranduago Parisera joan zen Francisco Iturrino pintorea bidaide zuela. Parisen Cezanne, Van Gogh eta Gauguinen pintura ezagutu zuen eta Frantziako hiriburuan finkatutako Espainiako artisten zirkuluan barneratu zuen. Horien artean ziren, besteak beste, Picasso, Zuloaga, Vazquez Diaz eta bere lagun Francisco Iturrino eta Francisco Durrio eskultorea. Azken horren azalpen eta irakaspenak arretaz jarraitu zituen. Eta, gainera, Rodolphe Julianen akademian eskolak jasotzen zituen.
Asko bidaiatu zuen Europako hiriburuetan zehar arlo guztietan zuen jakinduria sakondu asmoz. Horrela, esate baterako, Holanda, Alemania eta Errusian izan zen.
1911n Artista Euskaldunen Elkartea sortu zen, Espainiako artea jorratzen zuen talde aitzindaria. Echevarria bertako kide aktiboa izan zen hastapenetik.
1914an Lehen mundu-gerra lehertzear zela, pintorea Espainiara itzuli zen. Lehenik eta behin Granadan finkatu zen. Han, hegoaldeko argi biziarekin topo egin eta bere paletan aldaketak egin zituen. Hala, gama epelagoa islatzen da bere pintaketan eta kolore-erregistro gehiago erabiltzen ditu. 1916an Avilara jo zuen eta hori ere bere obran islatzen da, izan ere, Gaztelako soiltasuna islatzen ahalegindu zen.
1918an Madrilen finkatu zen eta Espainiako idazleen erretratuak egiteari ekin zion. Lehenengoa bizitza osoan zehar lagun handia izan zuen Pio Baroja izan zen. Halaber, Luis Garcia Bilbao poetaren erretratuak egin zituen, Juan Ramon Jimenez andaluziar poetaren erretratu amaitugabea, Francisco Iturrino pintore eta adiskidearena, Ramiro de Maeztu, Valle Inclan edota Azorinena.
Urte horretan Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzen I. kongresuan izan zen. Kongresu horretan kulturgintzan garrantzia handia zuten Euskal Herriko pertsona ugari izan ziren eta bertan erabaki zen Eusko Ikaskuntzaren sorrera.
Bere erakusketa kolektiboen artean hauek nabarmendu behar dira: Pariseko Udazkeneko Aretoa (1911 eta 1912), Bruselako Arte Modernoko Museoan egindako erakusketa (1913), Bilbon Artista Euskaldunen Elkarteak egindako erakusketa (1916), azken horretan hogeita hamalau lan eta Ondarroako hainbat marrazki jarri zituen ikusgai. Erakusketa hori Madrileko Ateneo aretora eraman zuten beranduago. Bartzelonako Layetanas izeneko galerietan Artista Euskaldunen Elkarteak egindako erakusketa kolektiboa (1916). Bilbon egin zen Pintura eta Eskulturako Nazioarteko erakusketa (1919). Urte horretako ekainean berrogeita hamahiru margolan paratu zituen Bilboko Elkarte Filarmonikoaren festa-aretoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Batzordearen babesarekin. 1925ean Artista Iberikoen Erakusketan parte hartu zuen.
Bakarkako erakusketei dagokienez hauek azpimarratu behar dira: 1916an Bilbon, Artista Euskaldunen Elkartearen aretoan bakarka egin zuen erakusketa. Artearen Lagunen aretoan egin zuen bakarkako erakusketa (1923). Bertan askotariko gaiak erakusten zituzten berrogeita bi margolan aurkeztu zituen eta, ordutik Madrilen, bertan egin baitzen azken erakusketa hori, ezaguna zen Juan de Echevarriaren pintura.
1926an Madrileko Artearen Lagunen aretoan hogeita hamalau olio-pintura paratu zituen, gehienak loreontzi eta natura hilak. Bakarkako azken erakusketan Buenos Aireseko Witcomb galerian egin zuen (1927).
Hil ostean, hilondoko erakusketa itzela jarri zen Frantziako hiriburuko Marcel Barheim galerian.
Bere margolan eder eta ezagunenetako batzuk Bilboko Arte Modernoko Museoan ikus daitezke. Horien artean Un paria segoviano eta Un serrano izenekoak nabarmendu behar dira.
Aipatutako horiez gain, hauek gailentzen dira:
- La merienda
- La mujer del pescador
- Gitana
- El viejo pescador
- Gitana nómada
- Flores
- Una muchacha granadina
- Manolita
- Llegada de la anchoa
- Apunte
- Naranja y limones
- La merienda
- Naturaleza muerta
- Retrato de Cayetano Cervigón
- Una granadina
- El pobre sablista
- Apunte para un cuadro
- Aldeano Vasco
- Zubicaray el vencedor
- Gitana con su hijo
- Tierras de Pampliega
- Cerro de San Miguel
- Una gitana
- Las dos amigas
- La chata
- Gitanos en el Albaicín