Literatoak

Urte, Pierre

Ezer gutxi dakigu donibandar idazle honen bizitzaz eta gorabeheraz (Donibane Lohitzune, 1664-Londres, c. 1725), ia ezezaguna baita euskal irakurleentzat.

Familia xume baten sortu zen 1664ko urtarrilaren batean. Aita Joanis d'Urte izan zuen (arotza) eta ama berriz Marie de Camiño. Aita-bitxia Betri Canonier kapitaina izan zuen eta horri esker ikasketak burutu izan zituen. Ziur asko "Les Recolettes" komentuan hasi zituen ikasketak (egun itsas armadaren komandantzia da). Komentua frantziskotarrek sortu zuten 1615ean Ziburu eta Donibane Lohitzune artean zegoen uharte txikian. Hala ere, dirudienez bertan ez zuen aparteko zaletasuna garatu orden hori edota erlijio katolikoaren alde. Bere Gramatikan azaltzen duen bezala: dès ventre de ma mère je suis né très insensible pour toutes les superstitions de l'Eglise Romaine.

Bere bizitzaren aztarnak topatzen ditugu 1699an. Orduan lehen aldiz ezkontzen da Judith Gautereau-rekin Londreseko L'Artillerie eliza protestantean. Era berean, Londreseko hugonoteen elizetako erroldan ikus daitekeenez, Igalaterrara erbesteratuak izan ziren protestanteek jaso izan zuten laguntza eskuratu zuen 1706an (15 libera) eta 1717an (6 libera). Agiri horietan "pretre converti" bezala aipatzen dute, hau da, apaiz konbertitua omen zen, kaputxinotarra izandakoa, eta ez dirudi denboraren poderioz bere egoera hobera egin zuenik. Alargundu ostean berriro ere ezkondu egin zen 1719an Londreseko Castle Street-eko kapera frantsesean, Magdalen L'Hermett-erekin. Horrez gain, ez dakigu noiz hil zen.

Pobrezian bizi izan arren, gara hartako kultura arloko pertsona garrantzitsuekin harreman izan zuen, esaterako, John Chamberlaine eta David Wilkins, Lambeth Palace-ko liburuzaina. Bi horietako lehenengoak 1715ean Amsterdam-en argitaratu zuen bere Oratio Dominica in diversas fere gentium linguas..., garai hartako joerarekin bat eginik. Bertan Aita Gureraen euskarazko hiru bertsio ikus ditzakegu -Joanes de Leizarragaren Testamentu Berria ageri dena (1571), Jean Haramboureren Debocino Escuarra, Mirailla eta oracinoteguia liburukoa (1635), eta Pierre d'Urterena. Dirudienez, Chamberlayne-ren berriemailea Donibaneko bere laguna omen zen eta ziur aski gurera ailegatu diren zenbait idazlan idaztera bultzatu zuen:

  1. 1. Itun Zaharraren zati baten itzulpena, Llewelyn Thomas-ek Oxford-en argitaratu zuena (1894), izenburu honekin: The Earliest Translation of the old testament into the basque language (a fragment), by Pierre d'Urte of St. Jean de Luz, circ. 1700, edited from a MS in the Library of Shirburn Castle, Oxfordshire, by... Esaten dutenez itzultzaile erraz omen zen, sintaxi sinplea eta argia zuelarik, jatorrizko euskalkiari esker, hau da, XVII. mendearen bukaerako lapurtera.
  2. 2. Grammaire Cantabrique-Basque fait par Pierre D'Urte, 1712..., par les soins du Rev. Wentworth Webster..., Bagnères-de-Bigorre, D. Berot, 1900. Liburu horren inguruan Koldo Mitxelenak zera esaten digu bere Historia de la Literatura Vasca idazlanean: Dejó escrita una gramática vasca con ejercicios, compuesta algo antes que la de Larramendi y mucho más rica que la de éste, aunque los materiales están presentados en un desorden caótico. [1960:87]. Dena den, Webster argitaratzaileak eta Jacques Allières-en (Symbolae Ludovico Mitxelena..., 1985: 899-921) balorazioa askoz positiboagoa da. Bi horien ustez, fonetika, sintaxia, eta antzeko alorrei eskainitako orrialdeez gain, ahozko morfologia aberatsaren azalpena argia eta zentzukoa da.
  3. 3. Dictionarium Latino-Cantabricum, Patri Urkizuk argitara eman zuen bere doktoretza tesian Pierre D'Urteren Hiztegia, Londres, 1715 (2 ale, Mundaiz, Donostia, 1987). Idazlan horretan latindar alfabetoaren lehendabiziko hiru letren baliokideak biltzen ditu. Hau da, euskarazko baliokideak A, Ab, Abs hitzetatik hasita Commotus hitzera bitartean, baina eskuizkribuak 2457 orrialde ditu. Ziur aski, bere hiztegia osatzeko erabili izan zituen beste bi hiztegi honako hauek izan daitezke: Robert Etienne humanista frantsesaren Dictionarium Latino-Gallicum... (Paris, 1546), eta John Davis inglesaren Antiquae Linguae Britannicae Dictionarium duples, prius britannico-latinum, posterius latino-britannicum... (Londres, 1632), edota garai hartako beste hainbat hiztegi. Orduan plagioa nonahi ikus genezakeen eta horregatik zaila da idazlan orijinala zein den jakitea.

Hiztegi honen hasieran latinez ohar batzuk ageri dira idazlanean bertan erabili behar duen metodoaz. Liburuan barrena atsotitzak, ohar historikoak, teologikoak edo gramatikazkoak aurki ditzakegu. Era berean, bestelako erlijio liburuen inguruko aipamenak ditugu, esaterako Biblia, Korana, Platonen Errepublika, Batracomyomachia, Senecaren Apolocynthosisa edota Demokritoen Chirocineta. Mitxelena eta Agud Querol irakasleek (Donostia, 1956) argitaratutako Landuchioren (1561) hiztegia eta gero, hauxe da Larramendiren hiztegiaren (1745) aurretik idatzitako luzeena. XVII. mendearen bigarren erdialdean eratu zen Silvain Pouvreau-ren hiztegia, hainbat egilek erabili badute ere, oraindik ez da argitaratu, euskaldunok betidanik gai horien aurrean izan dugun nagikeria dela eta. Andoaingo jesuitak ez bezala, Lapurdiko idazlea ez da batere garbizalea, ezta alegiazko etimologia berriak sortzearen aldekoa. Ez du inolako arazorik bizirik dauden maileguak erabiltzeko, esaterako Biarnoko aditxats, komai, konpai, eta abar. Lexikoa oso aberatsa da hainbat alorretan, esaterako, astrologia, geografia fisikoa, mineralogia, botanika (belar eta landareen 240 izan baino gehiago biltzen ditu), itsasoa (jaioterriagatik hain ondo ezagutzen zuen), eta abar. Sexuaren inguruko hainbat hitz ere aipatzen ditu, baina halako esaldiak "utete caute" erabili behar omen dira, hau da, kontu handiz. Ohikoa denez garai hartako hiztegietan, beste gai hauen inguruko hitzak ere jorratzen ditu: erretorika klasikoa, literatura, musika, dantza, antzerkia, arkitektura, pintura, eskultura, erlijioa eta eskola. Idazlana argitaratu gabe hainbat urte eman zituen heinean, Azkue, Lhande edota Mujikak ezin izan zuten hitz horiek erabili, baina Mitxelenak hasi zuen Diccionario General Vasco-Orotariko Euskal Hiztegia hiztegian biltzen ari dira, Sarasola eta honen taldearen eskutik. Beraz, laburbilduz, XVIII. mendearen hasieran Londreseko erbestean idatzi zituen hiru idazlanen bitartez argi eta garbi ikus dezakegu Pierre d'Urteren hizkuntzak Donibane Lohitzuneko eta Euskal Herriko euskararen bizitasuna agerian uzten duela, XVII. mendearen bigarren zatiko bizitasuna alegia.