Literatoak

Bidador Gonzalez, Joxemiel

1969an Iruñean jaiotako idazle nafarra. Iruñean hil zen 2010eko martxoaren 2an, 39 urte zituela.

Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskara irakaslea izan zen Iruñea eta Tuterako ikastetxe askotan.

Literatura eta folklorearen arteko harremana ikertu zuen. Horrela, dantza tradizionalak sarritan aztertu zituen. Ikuspuntu teorikoa emateaz gain, praktikara ere eraman zuen dantza. Hala, besteak beste, Danok Bat, Duguna edo Danzantes de San Lorenzo izeneko taldeetan parte hartu zuen.

1993. eta 1995. urteetan Iruñeko Udalak euskarazko egile hasiberrientzat antolatutako Literatura Sariketetan saritua izan zen. Halaber, kolaboratzaile izan zen, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria eta Diario de Noticias egunkarietan eta Egan, Fontes Linguae Vasconum edo Txistulari aldizkarietan.

Euskal Idazleen Elkarteko kide eta idazkari izan zen. Eta hainbat testu argitaratu zituen idazle ezberdinen inguruan, esate baterako, Alexander Tapia-Perurena, Joxe Agerre edo Larrekoren inguruan.

Berezko poesia-liburuak egiteaz gain, berak egina da Sakanako Euskal Idazleen Antologia (2000). 2004an Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra izeneko lana argitaratu zuen. Argitalpen horrek "Baziren, bagara" manifestua ekarri zuen, idazle eta kulturgintzako pertsonen babesa izan zuena.

2005ean Miguel de Unamuno Saria irabazi zuen Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanari esker. XVI-XX mendeen artean Euskal Herrian garatu zen dantzari buruz apaizek emandako lekukotzak biltzen dituen saiakera. Urte berean Euskal Dantzarien Biltzarrak kaleratzen duen Dantzariak aldizkariko koordinazioa beregain hartu zuen.