EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Eibar, 1957.
Eibarren hazi zen Pedro Alberdi, baina oso gazterik Bilbo aldera jo zuen eta han paratu zen bizitzen, 17 urte zituenetik euskara irakastea izan du ogibidetzat.
Aldizkari batzuetan argitaratzen hasi zen. Deba eta Orrua herri-aldizkarietan, adibidez, zenbait kontakizun labur aurkeztu zituen. Haur- eta gazte-literaturaren arlokoak izan ziren bere aurreneko liburuak. Handitzen naizenean, 1995ean argitaratua (Alberdania) izan zen lehenengoa eta Nire kalea, 1998an kaleratua (Erein), bigarrena. Fikzio hiritarra dugu, gazte batzuk pertsonaia nagusi dira. Handitzen naizenean kontakizunean, adibidez, izenburuaren leloa da istorioaren lelo nagusia, gazteek (eta, agian, haurrek) handiak edo nagusiak izango direnerako dituzten itxaropenak zein hutsal, hauskor eta betetzeko zailak diren erakustera dator.
Entsegurako saltoa, ostera, mende (eta milurteko) berriarekin batera egin zuen. Izan ere, Joseba Jaka beka garrantzitsua irabazteari esker, Satorrak baino lurpeago izenburudun entsegu asmotsua (2000) idatzi zuen, aurrerapauso garrantzitsua izango zena bere idazle-ibilbidean. Entsegua izan zela esan berri dugu, baina fikziozko zenbait tanta badituela aitortu beharko litzateke. Bertako istorio, anekdota eta gertakizun guztiak harilkatzeko baliagarriak izango diren Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eleberriko pertsonaia bi agertzen dira Alberdiren entseguan -Iñaki Abaitua eta Eduardo Ortiz de Zarate. Euskal Herriarendako hain giltzarria izan ziren 60 eta 70eko hamarkaden kronika egiten du, kronika sentimental halako bat, agian, garai haietako gertaera politiko, kultural (abestiak, poesia, antzezpenak...) eta sozial guztiek utzitako arrasto sentimentalean ere arakatzen duelako. Beste gauza bat nabarmentzen hasten da Pedro Alberdiren tematikan: Eibar-Bilbo-Literatura delakoak hiruki garrantzitsu bat osatzen duela.
Kafka Bilbon (2002) izeneko liburuan narrazioari ekin zion berriro ere. Sei istorio eta literatur ariketa bat ("Eta beste") dira liburuaren edukia. Istorioetako batek ("Kafka Bilbon") ematen dio izenburua liburuari. Bere ikasle-garaia du oinarritzat, ikasle gipuzkoarrek ostiralero autobus geltokian beren herrietara joateko autobusa hartzen zuteneko garaia, hain zuzen. Istorioak edo ohitura horren deskripzioak, baina, beste dimentsio bat hartzen du ondokoaz konturatzen direnean: haiek (narratzaile fikziozkoa eta bere gertuko lagun gipuzkoarrak) dauden lekutik, Nerbioi ibaiaz bestaldean, Kafkak lan egin zueneko aseguru etxearen kartela (Assicurazioni Generali) ikusten dute. Bilbo absurduaren eremu horretan ere sartzen da horrela, eta literaturari esker, detaile horren jakitun diren ikasleei beste mundu bat zabaltzen zaie euren barne-begien aurrean, eta arruntkeriari beste jarrera batekin egingo diete aurre. "Gabriel Aresti Eibarren" kontakizuna ere giltzarria da liburu honetan. Sarritan bezala, errealitatetik abiatzen da (Gabriel Arestik Eibarren egin zuen lan bolada batean). Sentimentalki eta literaturaren ikuspuntutik Gabriel Arestirentzat berezi aparta suertatu zen egun bat kontatzen du... baina narratzaileak irakurleari hitz egin beharrean, Arestiri berari zuzentzen zaio, zer egiten, zer pentsatzen eta zer sentitzen duen Gabrieli berari kontatuz. Liburu honetako istorio bakoitzean baliabide desberdinak erabili zituen.
Alberdania argitaletxean ateratako hasierako liburuaren ostean, Iruñeako Pamiela argitaletxean Orhoit gutaz (2003) entsegua kaleratu zuen. Satorrak baino lurperago erabilitako joera bati eusten dio, berriro ere: Euskal Herriko garai bateko pertsonaiak, idazleak, gertakizunak, poema eta bertsoak txirikordatzeari ekiten dio. XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera hartzen dira kontuan oraingo honetan. Denbora, lekua, argitalpenak, gaiak edota anekdota hutsak izan daitezke aitzakia gai bat hurrengoarekin lotzeko eta berbaldia garatzeko. Ahal den guztietan, "ura bere errotara ekarriaz" betiere (gogoratu aurretik aipatutako Eibar-Bilbo-Literatura delako hirukia), hara-hona ibiliko da garai hartako kronika egiten berriro ere, joera zirkularrari eutsirik.
Carlos esaten zioten gizoa (Alberdania, 2009) dugu Alberdiren azkeneko lana. Bilboko Udalak Migel Unamuno VIII. saria eman zion. Mario Onaindia (Lekeitio, 1948 - Gasteiz, 2003) politikari eta garai bateko ETAko militantearen bizitza tarte bat kontatzen zaigu... Zehazki, Lekeition jaio zenetik (5 urte zituela, Onaindiatarrak Eibarrera aldatu ziren) 1969an ETAkide izateagatik atxilotua izan zen arteko aldi zirraragarri, giltzarri eta gorabeheratsua da kontakizunaren muina. Ondo dokumentatutako istorioa da hauxe, baina ez da istorio hutsa. Pedro Alberdik ederto daki historiari istorio kutsua ematen. Garai haiek (eta gertakizunen lekuak) hain ondo ezagutzen dituenez, oso natural suertatzen zaio dokumentu historikoek, adierazpenek eta bestelako datuek eskaintzen ez diotena bere irudimenarekin betetzea.
Pedro Alberdik, aurreko literatura-lanetan erakutsi duen bezala, trebezia berezia dauka bere haur eta gaztetako oroitzapenekin zenbait istorio eta benetako zenbait gertaera girotu eta txirikordatzeko. Horrek, baina, baldintza bat eskatzen du: Eibar-Bilbo edota berak gertutik bizi izandako 70eko hamarkada horren bueltan ibiltzea. Gutxienez, harexek hartzen du erdigunea, horrek dakartzan ondorio onuragarri eta murriztaile guztiekin.