Olerkariak

Artze Agirre, José Antonio

Josanton Artze, Hartzut.

1939ko apirilaren 6an Usurbilen (Gipuzkoa) jaiotako idazle eta musikaria. 2018ko urtarrilaren 12an hilda.

1966an euskal kantagintza berria ardatz zuen Ez Dok Amairu taldea sortu zen eta Artze hartako sortzaile eta ideologoetako bat izan zen, besteak beste, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera. 1969an Ez Dok Amairu taldeko beste kide batzuekin batera Baga, Biga, Higa ikuskizuna osatu zuen. Ez Dok Amairu taldeak jarduera eten bezain laster Ikimilikiliklik ikuskizunean murgildu zen aipatu taldeko beste kide batzuk lagun zituela, esate baterako, bere anaia Jesus, Mikel Laboa eta Jose Mari Zabala. Ikuskizun berriak musika, dantza eta poesia uztartzen zituen. 1976an Veneziako Bienalean agerrarazi zuten ikuskizuna. Urtebete beranduago, Agustin Gonzalez Aziluk koroan abesteko kantata bat sortu zuen Artzeren Arrano beltza poemaren gainean.

Usurbildarra izan da Mikel Laboaren kantutegiko abesti gogoangarrienetako batzuetan (Txoria txori, Ama hil zaigu, Zaude lasai eta Geure bazterrak) hitzak eman dituena. Halaber, poesia oholtza gainera ere eraman izan du musika, dantza eta poesia uztartzen zituzten diziplina anitzeko ikuskizunetan. Bide horretatik, agertokira igo zen lehen proiektua aurrez aipatutako Baga, biga, higa izan zen. 1978an Hitzez eta hotsez estreinatu zuen, bere lehen ikuskizun poetikoa; berantiarragoak dira Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona (1983) eta Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (1994). Bere anaia Jesusekin batera txalaparta ahanzturatik berreskuratu zuen eta, modu horretan, musika modernoa ere urratu zuten. 1975ean Artze anaiek txalaparta oinarritzat hartuta disko bat kaleratu zuten Milango Ricordi etxearen eskutik. Aipatutakoez gain, musika eta poesian ardaztutako beste hainbat ikuskizunetan parte hartu izan du Jose Antoniok, esate baterako: Goñiko zalduna (Jean Schwarz, Beñat Achiary eta Jesus Artze lagun zituela, 1994); Harria (Mixel Etxekopar, Beñat Achiary eta Iñaki eta Inazio Perurena harri-jasotzaileekin batera); eta Oihana auhenka (1999an estreinatua Beñat Achiary, Mixel Etxekopar, Jesus anaia eta Jose Bikondoa eta Alfonso Gorosterazu aizkolariekin batera).

Artzeren irrika izan da poesia liburutik atera eta jenderengana hurbiltzea. Honatx bere poesia-liburuak: Isturitzetik Tolosan barru (autoedizioa, 1969); Laino guztien azpitik (autoedizioa, 1973); Eta sasi guzien azpitik (autoedizioa, 1973); Bide bazterrean hi eta ni kantari (autoedizioa, 1979); Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar, 1987); Gizon haundia da mundua, eta mundu txikia gizona (Elkar, 1988); Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (Zubi Zubiri argitaletxea, 1998an berak sortua), eta Oihana auhenka-Gémissements de la fôret-El lamento del bosque (Jazzle, 2001)Isturitzetik... lanari buruz hau idatzi zuen Ibon Sarasolak: "Konposizio-poesia, poesia espazialeko eta zehatzeko teknikak hartuta gai jakin bat garatzen duelarik, non Jorge Oteiza eskultorearen pentsamoldeak garrantzia erabakigarria baitu". Liburu izateaz gain, obra plastikoa izatea zuen xede ahalegin horrek, baliabide grafiko anitz erabili baitzituen. Bestalde, Juan Mari Lekuonak Artzek ahozko literatura tradizionala maisutasunez erabiltzen duela azpimarratu zuen eta poema horietako askok itzulpenik ez dutela gaineratu zuen.

Hurrengo bi poema-bildumetan Artze ikusizko poesian murgildu zen. Bi lan horiek aparteko obratzat har daitezke. Amaia Iturbidek adierazi duen moduan (B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza; Erein, 2000), lan esperimentalak dira eta antzinakoa eta abangoardia uztartzeko grina erakusten dute. Poema horietako batzuetan atzekoz aurrera idatzitako hitzak ageri dira eta onomatopeiek eta hitzen konposaketak garrantzia handia hartzen dute. Hurrengo liburuarekin (Bide bazterrean...) Artzek ustekabean harrapatu zuen irakurle oro, izan ere, ez zen hitzik hautematen, zenbaki ñimiñoak baizik. Zenbakiek iradokitzen duten bideari jarraituz, idazlea bera da hitzak idazten dituena.

Ortzia lorez... lanean Artzek "iniziazio-bidaia" eskaintzen dio irakurleari Amaia Iturbideren arabera. Liburu horretan espiritualtasunak orrialde oro zipriztintzen ditu. Espiritualtasun hori kristaua da batzuetan eta beste batzuetan Ekialdeko erlijioekin eta zen erlijioarekin lotzen da. Poema askok sententzia itxura dute eta gizakia denaz edota izan beharko lukeenaz mintzo da usurbildarra, kontsumo-gizartea gogor astintzen duelarik. Mundua gizonarentzat poema-liburuari buruz Koldo Izagirrek hau esan zuen: "gizarte materialista honetan etsipenak ez hartzeko ahalegin poetikoa".

Oihana auhenka lanean Natura da gai nagusia eta, batez ere, zuhaitzak eta txoriak. Izen bereko ikuskizuneko materialak hartuta taxututako liburua da. Artzek gizakiaren eta Naturaren bat-egite espirituala proposatzen du.

Gainera, Sigfrido Koch artistak egindako argazki-liburu bateko (Gure Lurra, 1977) hitzak idatzi ditu Artzek. Era berean, Felipe Uriarte mendizalearen obra euskaratu du (Buru ilhun lurruntsua, Elkar, 1981), bertan, Everestera egindako espedizio bat da aipagai. Orobat, Arantzazuko frantziskotarren Erromesaren poema bildumako hainbat kasetetan ageri da Artze eta baita Lazkaoko fraide beneditarren Belarritik bihotzera grabaketan ere. Azken horretan Bibliaren hainbat pasarte errezitatzen ditu Jose Antoniok.