Literaturakoak

Ipui onak (1804). Bizenta Mogel

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Bizenta Mogelek (1782-1845) leku berezia betetzen du euskal literaturan, eta bi arrazoirengatik aitzindaritzat har baitaiteke emakume hau: lehenengo arrazoia literaturari dagokio, bera izan zen alegiak euskarara ekarri zituen lehenengo idazlea, gero, XIX. Mendean, hain ibilbide luzea izango zuen literatur generoari hasiera emanez euskaraz; eta, bigarrena, literaturaren gizarte-inguruaren berri ematen digu, izan ere Bizenta Antonia Mogel "euskal literatura idatziaren alorra gorritu zuen lehen emakumea" izan baitzen, Kaltzakortaren hitzetan esanez esateko (Kaltzakorta, 1992: 2).

Alegiak euskal munduan sartzeko erabili zuen liburuak Ipui onak izenburua zuen, eta 1804an eman zen argitara. Liburu arrakastatsua izan da euskal literaturaren munduan, izan dituen argitarapen desberdinek erakusten duten moduan. Besteak beste, eta azken boladako batzuk bakarrik aipatzeagatik, liburua berriro agertu zen 1991n, Euskal Editoreen Elkartearen eskutik, eta Klasikoen Gordailuan ere haren bertsio bat topa daiteke.

Idazlan horrek "Don Biktor Munibe ta Arangurengori" egindako eskaintza, irakurle euskaldunari zuzendutako hitzaurrea, prosaz idatzitako 50 alegia eta bertsoz egindako zortzi ipuin biltzen ditu.

Bizenta Mogelek irakurle euskaldunei idatzitako hitzaurre horretan bi ideia nabarmentzen dira.

  1. a.- Alde batetik, idazleak azaltzen du baten bat harrituta geratuko dela ikustean emakume bat ausartu dela halako liburua idaztera, hori emakumeei ez dagokien langintza delakoan. Baina berak adierazten duenez, jolas moduan ikasi zuen latina, nebak nola ikasten zuen ikusita, eta handik datorkio alegiak euskaraz jartzeko grina. Ia-ia barkamena eskatuz aurkezten du bere burua, emakumea izanik liburu bat idaztera ausartu delako.
  2. b.- Horrez gain, hitzaurrean ipuingintzaz ere hitz egiten du, eta alde horretatik bi ipuin mota bereizten ditu: "atsoen ipuinak" eta "ipuin onak".

Lehenengoak, atsoen ipuinak, barre egiteko ipuinak dira, "Peru ta Mariren ipui farragarri ta sustrai gabeak" (Mogel, 1991: 28). Egileari berari umetan ipuin horiek oso dibertigarriak iruditzen zitzaizkion. Baina helburua dibertitzea besterik ez zuten ipuin horien ondoan, "ipuin onak" ere badaude. Ipuin onak dibertigarriak dira, baina azal horren azpian ikaskizun bat gordetzen dute, pentsarazi egiten duena:

"Deritzat enzuten nagoala mutiltxo, neskatxatxo ta nekazari askoren farra ta algara gozoak irakurri edo aituaz ipui onek; ta nola geroenean ixildu ta arrituta bezela geldituko diran ipuiaren ondoren adigarriak ekusirik." (Mogel, 1991: 2).

Ipuin onak hizpide hartzean, ipuinen helburua aldatu egin da: dibertitzea ipuin onaren azalari dagokio, baina azal horren azpian zerbait irakasten dute ipuin horiek, eta horixe da haien helburu nagusia. Beste era batez esateko, dibertitzea moduari dagokio, xedea irakastea delarik.

Prosaz idatzitako ipuin gehienek egitura berbera dute, hiru zatitan banatuta agertu ohi baitira: lehenik, ipuinaren atal narratiboa agertzen zaigu, istorioa kontatzen duen atala; horren ondoren, ipuinaren azalpena eskaintzen digu idazleak, askotan "Ipui onek adierazotzen du" den gisako formula batez hasita; eta, gainera, ikaskizuna laburtzen duten bertsoak ere agertu ohi zaizkigu.

Fabulak dira Mogelek plazaratutako istorioak, eta kontakizun gehienetan argi geratzen bada ere zein den atera beharreko ondorioa, idazleak ahalegin berezia egiten du ondorio edo ikaskizuna era esplizituan ager dadin. Bada, hortik datorkie egitura ipuinei.

Prosaz idatzitako 50 fabula agertzen dira dagokigun liburuan, eta, horretaz gain, bertsoz idatzitako zortzi ipuin ere badira. Iribarrek Bizenta Mogelek hitzaurrean esandakoa interpretatuz adierazten duenaren arabera, prosazko ipuinak Esoporen fabuletan daukate jatorria, eta Bizenta Mogelen eskutik datoz, baina bertsozko zortzi ipuinak osaba Juan Antonio Mogelenak dira. Izan ere, Bizenta Mogelek berak dioena kontuan hartuta, itzultzaile-moldatzaile lana egin zuen berak, latinezko testuen euskal bertsioa, gipuzkerazko bertsioa, eskainiz.

Dena dela, Altzibarrek irudi zehatzagoa ematen du, Eleuterio Basozabalek zeukan Peru Abarka-ren kopian ikusitakoa aztertu ondoren. Kopia horretan agertzen diren ipuinak eta Ipui onak liburuan agertzen direnak oso antzekoak direla ikusita, ondorio honetara heltzen da:

"Ene iritziz, badaude arrazoi batzu pentsatzeko Bizentak J. Antonioren ipuinak gipuzkeraz landu zituela, orraztaldi eder bat emanez, edo bien artean landu zituztela, baina bizkaierazko textoa aurrean zutelarik. Ez da, ene ustez, latinetik zuzenean eginiko itzulpen bat, bizkaieratik gipuzkeratze bat baizik, edo bestela, J. Antonioren maisugoaren pean aldi berean erdal textoaren (zentzu zabalean) bizkaieratze eta gizpuzkeratzea." (Altzibar, 1982: 465).

Beraz, Altzibarrek azaltzen duenaren arabera, Bizenta Mogelek ez zuen zuzenki latinetik egin itzulpena. Bere lana Juan Antonio Mogelek bizkaieraz idatzitako testuak gipuzkeraz ematea izan zen gehienbat.

Altzibarrek adierazten duenez, Bizenta Mogel "euskal Ilustrazioaren fruitu izan zen" (Altzibar, 1982: 457). Haren liburuak oso publiko zehatza du: gaztetxoak eta nekazariak zituen buruan egileak liburua ondu zuenean (Mogel, 1991: 23). Lanaren helburua irakastea zen, baina testuinguru horretan zer irakasten zen da kontuan hartu beharrekoa. Alde horretatik, badirudi gizarte-ordena mantendu behar zuen anaitasun orokorra irakatsi nahi zuela egileak: bakoitzak bere gizarte-maila errespetatu behar zuen, gizarte-maila desberdinen arteko mugak hautsi gabe, baina elkarri begirunea erakutsiz oreka bilatuz. Ondorio hori atera daiteke "Don Biktor Munibe ta Arangurengori" egindako eskaintzatik eta hainbat ipuinetan agertzen zaizkigun ikaskizunetatik.