Arkitektura

Eskoriatza-Eskibel jauregia. Gasteiz

Arabako arkitekturak, bai erlijioso bai zibil arloan, inoiz ez bezalako hazkundea izan zuen berpizkundeko garaian. Une argitsu honen arrazoiak politikoak, sozialak eta ekonomikoak dira. Izan ere, gerrak eta istiluak gutxitu egin ziren, gizarte-bakea lortu zen eta nekazaritza-ekoizpenak gorakada ederra bizi izan zuen. Horretaz gain, estilo honen garapenerako, Arabako kokagune geografikoa lagungarria izan zen, zeren horri esker, Gaztelako artegune garrantzitsuekin, Burgos eta Valladolid nagusiki, harremanetan jarri baitzen. Hori guztia aintzat harturik adierazgarria da zergatik Araban, gainerako Euskal Herriko lurraldeekin konparatuz, berpizkundeko estetika lehenago barneratu eta garatu zen. Edonola ere, errenazimenduko estetika ez zen modu berean zabaldu Araba osoan zehar, eta, alderdi geografikoaren arabera, gehiago edo gutxiago errotu zen.

Gortean eta zenbait erakundetan karguak zituzten nobleak Gasteizen bizi izan ziren eta beraien aginduz eraiki zituzten jauregi garrantzitsuenak. Horretaz gain, familia asko aberastu egin ziren eta jauregiak eraiki ahal izan zituzten, lortzen ari ziren boterearen ikur gisa edo beraien leinua goresteko. Hori dela eta, Gasteizen anitz dira garai honetako jauregiak eta Eskoriatza-Eskibel jauregia horietako bat da.

Eraikuntza eder hau arkitektura zibil berpizkundearen adibiderik bikainenetakoa da, XVI. mendearen erdialdean altxatu zuten eta Gasteizko hirigune historikoan, goiko aldean, kokatzen da, Frai Zacarias Martinez kalean. Eraikina Ingalaterrako Enrike VIII. medikua izan zen Fernan Lopez Escoriaza jaunaren babespean eraiki zen. Gaur egun uste da Luis de Vega errege arkitektoari eman zitzaiola jauregia altxatzeko ardura eta bertako langileek egin zutela lana.