Kontzeptua

San Joan Gaua

Jaiaren jatorrizko esanahia, jostaketatik harago, denborarekin, ehizarekin edota komunitateen oparotasunaren, sendien edo uzten defendatzaile gisa ondratzen ziren jainkotasunekin zerikusia duten erritu jakin batzuen gauzatzean legoke. Horrela, naturaren indar menperatu ezinekoak baretzeko ahaleginean gero eta zeremonia aberatsagoak eta ikusgarriagoak, musika, dantza eta errezitatudunak sortu ziren...

Zentzu horretan, jaia izatearen kontzepzio zikliko baten adierazpen garbia dela esan daiteke. Unibertsoak bizi-zirkulu osoa egiten duela antzeman daiteke: eguzkiaren inguruko lurraren mugimendua, urtaroak, ilargiaren aldiak. Denbora infinitura arte luzatzen den zirkulutasunaren zeinu guztiak azaltzen omen dizkigu, gizakiak milaka urtetan uste izan zuen bezala, nahiz eta "linealtasuna" gure egungo gizarte modernoetan ezarri izan den.

Kristau kultura tradizio paganoak onartuz ezartzea lortu zuen, sinkretismoa deritzoguna, eta egutegi solstizialarekin batera etorriz bere jai propioak sortu zituen: ekialdeko herriak abenduaren 25ero Eguzkiaren Jai Nagusia (neguko solstizioa) ospatzen baldin bazuten, data horietan Gabonak ezarri zituzten; udaroko solstizioan ospakizun eraberritzailerik handienak ospatzen baziren, bertan San Juan eguna ospatu zen. Baina ospakizun horrek gainera, gure ustez, egutegiko jairik garrantzitsuen, ikuspegi antropologikotik ikusita, bilakatzen duten xehetasun jakin batzuk ditu. Gaur arte urtearen aldi horri bat eginik gaur arte bizirik iraun duten tradizioen aberastasun eta zabaltasuna ikaragarria da. Gainbegira ditzagun batzuk.

San Juan egunaren egunsentian hainbat iturritako, ubidetako eta erreketako urak une batzuez ahalmen bereziak zituztela uste zen (kristautasunarekin bedeinkatuta zeudela esanez) azaleko gaixotasunak osatu eta pertsonak, abereek edo eurekin xurgatutako ondasun materialak ere babesteko erabiliak izanez, eta ondorioz etxeetan ondasun preziatu bezala gordetzen ziren. Berdin balio zuen goiz hartan larreak bustitzen zituen garoak ere, eta beraz abereak larreetara ateratzen ziren eta urte guztian zehar babestuta geldi zitezen landetan pertsonak biluzik iraulka egiten zuten.

Gau berean, toki askotan, etxeen etarteetako ate eta leihoetan, zuhaitzen adarrak ipintzen ziren, oro har elorri zuria, oso onuragarritzat aintzat hartzen baitzen (artzain batzuk esandakoaren arabera, ohitura horren jatorria hemen datza: Ama Birjina, Jesus Umea bere besoetan zuela, ekaizdun egun baten landare horietako baten azpian babestu omen zen eta ikaragarrizko oinaztuak bere inguruan erori ziren arren, batek ere ez zion Sendi Sakratuari erasorik egin).

Gaur egun ere herrietako enparantzetan San Juan zuhaitz ospetsuak, bere garaian deskarga elektrikoen aurkako defentsarako baliogarri ziren haritz garaiak, landatzen dira.

Zuhaitz bat hautatzearen ohitura (ama lurraren ekoizpena, lurra), toki batzuetan maiatzaren hiruan ospatzen dena, Santa Kurtze eguna, eta horregatik "Maiatzeko zuhaitza" edo "Maiatza" beste barik deitua, Europa guztian hedatuta dago. Behin Aranako San Vicente (Araba) (oraindino "maiatza" eraikitzen den tokia dugu) herriko biztanle batzuei ohitura horren iraupenaren arrazoiaz galde egin nien, eta ipini ez zuten urte baten uzta osoa hondatu zuen harritea erori zela erantzun zidatela gogoratzen naiz. Hortik honako hau ondoriozta genezake: elementuetatik, harritetik edo... "bada ez bada" babesteko ipintzen dela.

Gure Euskal Herriko herri askotan beste udako solstizioaren lainoari dagokion errituala aurreko urteko San Juan adarrak edo bedeinkatutako ereinotzaren adarrak erretzean zetzan, eta oraindik piztuta zeuden ikatzekin, uztak surik har ez zezan kontu handiz arituz, norbere jabegopeko lurretan zehar ibili, horretara uztaren garapena babestu eta bere alde eginez.



Horrela sartzen gara gaur egun gure jaiaren zio nagusia den elementuan: sua. Gau horretako suaren garrantziak azalpen oso erraza izatea arrazoizkotzat jo daiteke: komunitatea erritu horietarako biltzean, argi egin ahal izateko sua pizten zen, bere inguruan abestu, jauzi eginez jostatu, etab. egiteko. Horren arabera, data horietan sua piztu izanaren ohitura esandako arrazoi horretatik eratorriko litzateke.

Baina ezin ahantzi dezakegu sua elementuak udaroko solstizio-errituak zuritzen dituzten bertute babestzaile eta birsortzaileak dituenik ere. Horri buruz, Mircea Eliade historialari errumaniarrak errituzko zeremonia horien zentzua hauxe besterik ez dela adieraztera ematen du: "una combustión, una anulación de los pecados y de las faltas del individuo y de la comunidad en su conjunto, y no una simple purificación", pues "la regeneración es, como lo indica su nombre, un nuevo nacimiento".

Berrikuntza horren paradigma ez ote da "Gau magikoa" izenekoaren udamineko sua? Gorago adierazitako "su praktikoa" izenda dezakegun azalpenarekin konformatzea, xumetzat jo daiteke.

Beraz, gure azterketan lau oinarrizko elementu ditugu: udako solstizio eguna; ura gurtzea; sua gurtzea eta zuhaitza gurtzea.

On Jose Miguel de Barandiaran eta On Julio Caro Barojak euren idazlanetan luze-zabal erakutsi duten bezala, antzinako Euskal Herriko biztanleek naturaren elementuak gurtu egiten zituzten. Beste forma batzuk hartuz, egun kultura euskarri garbia gelditzen zaigu. Horri buruzko datu-hautaketarekiko ekarpena dagigu.

Zuhaitz saindua gurtzea unibertsala da, eta egiptiarren eta germaniarren artean ere aurki dezakegu. Euskal Herrian Gernikako Zuhaitz mitikoaz gain Luyandoko (egungo Araba) Malatoa, Bizkaiko Jaurerriko muga ezartzen zuena, izan zen. Erdi Aro guztian elizgizonek zuhaitzaren gurtzaile zirenek jazarri bazituzten ere, berriz ere Elizak gogortasunez borrokatu zuen paganotasunaren ikurra zena donetsi eta onartuz bukatu zuen. Oraindik ere Gabonak heltzen direnean (neguko solstizioa) apaindutako zuhaitzak ezartzen dira.

Era berean, kristau aurreko suarekiko gurtzea eliza katolikoak argizarien bitartez, Pazko Igandez sua bedeinkatzeaz, infernuko "betiereko sua" izenekoaren mehatxua, Izpiritu Saindua "suzko mina" bezala... Horren lagungarri ikonografia dugu, mito greko herrikoian Prometeo kutunak jainkotiar indarrei kentzen dien sua berriz itzultzen diela dirudien sinbolikotasun hori guztia indartuz.

Eta berdin gertatzen da urarekin. Kristauen bataioa urarekin egiten da, eta urez bedeinkatzen dira pertsonak, abereak, larreak... santutegietatik hurbil dauden iturburuak, bai Yanciko San Juan Iturri bezalako errazak, bai Lourdes bezalako miraritsuak ere.

Azken baten, horrek guztiak argi eta garbi nabarmentzen du egungo San Juan jaiak erritu-bilduma ikaragarria biltzen duela non naturaren elementuak (ura, sua, lurra), kredo zahar eta berrien ikur izanik, era berezian gure arbasorik antzinakoenen unibertso teogonikora hurbiltzen gaituzten. Esandako horrek guztiak sutearen aurrean gaudenean gogoeta batzuk egiteko aukera ematen digula uste dut.