Literatoak

Zavala Echeverria, Antonio

Idazle, ikertzaile eta editore gipuzkorra. Tolosan jaio zen 1928ko urtarrilaren 23an eta Iruñean hil zen 2009ko urtarrilaren 2an.

Jesusen Lagundian sartu zen 1945ean. 1945etik 1960ra teologia, irakasle-ikasketak, humanitateak eta filosofia ikasi zituen Urduñako, Loiolako, Xabierko eta Oñako Jesuiten ikastetxeetan. Tartean, 1959an, apaiz ordenatu zen. 1961etik 1976ra irakasle izan zen Donostiako San Ignacio ikastetxean eta, ondoren, 1976tik 1991ra Xabierkoan.

Bertsolaritzaren ikertzaile nagusi izan zen eta berak bildu zuen gai honi buruzko Euskal Herriko artxiborik zabalena. 1956ko Euskaltzaindiaren bileran parte hartu eta herritarren laguntza eskatu zuen batean eta bestean sakabanatuta zeuden milaka bertsoak berreskuratzeko.

1961ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta, handik hiru urtera, 1964an, euskaltzain. Euskaltzaindiak antolatutako bertsolaritza-txapelketetan epaile-lanetan aritu zen. Zavala arduratzen zen, gainera, bertsoak idatziz jarri eta argitaratzeaz.

1961ean "Auspoa" bilduma sortu zuen Tolosan eta bilduma horretan bildu zuen euskarazko herri-literatura, bertsolari eta bertso ugari berreskuratuz. Sagardoaren graziya izan zen argitaratutako lehenengo liburua eta han bildu zituen Ramon Artola tolosarraren bertsoak. Haren atzetik etorri ziren Bilintx (1962), Ezkontza galdutako bertsoak (I) (1962), Txirrita (1962), Fermin Imaz (1963), Azpeitiko Premiyoaren bertsoak (1963), Pello Errotaren bizitza (1964), Pello Errotak jarritako bertsoak (1964), Festara (Jose Bixente de Echagaray-ren bertso-bilduma) (1964), Pello Errotaren itzala (1965), Pernando Amezketarra bertsolaria (1966), Juan eta Pello Zabaleta bertsolaria (1967), Frantziako Iraultza eta Konbentzioko gerra bertsotan (1989), Auspoaren auspoa , I, II (1996), Oiñez eta jakin miñez (1997) eta Ezkontza galdutako bertsoak II (1999). 280 liburutik gora argitaratuak dira bilduma horretan; batzuk prosan, besteak bertsotan, eta Antonio Zavala izan zen egilea ehun liburu baino gehiagotan. Gainerakoetan biltzaile-, gainbegirale- edo editore-lanak egin zituen.

Beste hainbat argitalpenetan ere hartu zuen parte; hona hemen horietako batzuk: La Voz de España, Diario del Alto Aragón eta El Diario Vasco, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. 1964an, Auñamendi bilduman, Bosquejo e Historia del Bertsolarismo, argitaratu zuen, bertsolaritzari buruzko lehenengo azalpen historiko garrantzitsua, hutsune handi bat bete zuena.

Lan handia egin zuen, halaber, ikastaro, mintegi eta biltzarretan hizlari gisa. Horrela, 1987an Gasteizen egin zuten Euskal Ikasketen Munduko Biltzarrean hartu zuen parte; baita Billabonako (1989) eta Donostiako (1992) herri literaturari buruzko biltzarretan ere.

1993an Biblioteca de Narrativa Popular sortu zuen, gaztelaniazko lan herrikoiak argitaratzeko. Indalecio Zaballa, Masio, Humbelino Ayape, Hilario Jarne, Justo Peña, Daniel Cuesta, Félix Lumbreras eta Eloy Tejadaren lanak bildu zituen bertan, besteak beste.

Ikertzaile honen irekitasuna eta humanismoa nabarmentzeko modukoak dira. Jakin-minari segika, gai herrikoiak ikertu zituen eta elkarrizketa luzeak egin zizkien Bardeak, Jaka, Burgos, Kantabria, Asturias, Leon eta beste zenbait tokitan aurkitu zuen landa-giroko jendeari.

1999an Honoris Causa doktore izendatu zuten Deustuko Unibertsitatean eta 2000. urteko urriaren 7an Tolosako Udalak herriko seme kuttun izendatu zuen.

Honako artikulu hau oraindik ez da entziklopedia honetan euskaraz landu. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Antonio Zavalari buruz.