Militarra. 1899an Tafallan jaioa eta 1936an Iruñean hila.
Estatu Nagusiko komandantea Donostian, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren lehen egunetan, Errepublikaren aldeko indar leialen buru jardun nabarmena izan zuen Gipuzkoan. Altxamenduaren berri izatean, Penintsulara itzuli zen berehala, kanpoan zegoelako, baimenarekin, eta Gipuzkoako gobernadoreari igarobaimen bat eskatu zion Oviedoko bere goarniziora itzultzeko. Hala ere, Gipuzkoan geratzeko eskatu zitzaion, Errepublikari leial zitzaion aginte militarrik ez baitzuen, eta onartu egin zuen.
Boluntarioen zutabe bat antolatu zuen, eta uztailaren 21ean Donostiatik 60 kamioitan abiatu zen Gasteiz konkistatzera; antza denez, han arma eta munizio ugari zegoen. Lasarten, artilleriako sail bat eta ingeniarien beste bat gehitu behar zitzaizkion, Vallespin teniente koronelak, Loiolako kuartelen buruak, agindu zionez. Hala ere, Perez Garmendiaren zutabeak aurrera egin zuen, eta Arrasaten Eibar aldeko beste bat gehitu behar zitzaion, harik eta, Beasain parean, Vallespin Loiolako kuarteletan matxinatu zela eta hiriburua egoera larrian zegoela jakinarazi zioten arte, telefonoz.
Perez Garmendiak Eibarrera zuzendu zuen bere zutabea orduan, eta handik, berriz armatu eta boluntario berriak bildu ondoren, Donostiarantz jo zuen Zumarraga-Beasain-Tolosa bidetik. Hiriburuan, berriz, beren indarrek nazionalek okupatutako eraikinak bereganatu zituzten, eta hilaren 23ko goizean normaltasuna nagusitu zen berriro. Berehala Perez Garmendia Oiartzungo frontera abiatu zen, Beorlegiko indarrek zubi-buru bat ezarria baitzuten bertan, eta horrela Gasteizko gaineko operazioa bertan behera utzi zuten, Bilboko indarren esku geratzen zena. Oiartzungo frontean zauritu eta nazionalen preso erori zen uztailaren 28an, ondoren Iruñean hilez, jasotako zaurien ondorioz.