Pintoreak

Salaverría Inchaurrandieta, Elías

Pintorea. Lezon (Gipuzkoa) jaio zen 1883ko apirilaren 16an eta Madrilen hil zen 1952ko uztailaren 16an.

1897an Elias Salaverria Lezoko Kristo deunaren santutegian akolitoa zen, gipuzkoarrek hain maitea duten tokian. Santutegiko buru bezala aparteko apaiza zegoen, Eusebio Pildain. Elias gaztearengan izugarrizko zaletasuna sumatzen du, inguruan duen edozein gauza pintatu eta argiz janztekoa alegia. Jaizkibel mendiaren magalean biltzen ziren pasarteak, herriko lagunak, paisaiak eta txokoak, Salaverria gazteak horiek denak kopiatzen zituen. Eusebio jauna Cubas-eko markesaren lagun handia zen, arkitekto famatua izanik azken hori, besteak beste, La Almudena-ko hilerria egin baitzuen. Markesa Donostian igarotzen zituen uda parteko oporraldiak eta askotan joaten zen Lezoko Kristo Deuna gurtzera. Halako batean, apaizak zera esan zion: -Marken jaun hori, nire akolito batek erraztasun handia dauka pintatzeko. Nire ustez, laguntza pixka batekin probetxuzko zerbait egin dezake. Nahi al duzu bera aurkeztea? Froga erabakigarria izan zen. Lehenik eta behin markesak marrazki batzuk ikusi zituen. Baina erabateko oniritzia lortu nahian, sakristian zegoen Ama Doloretakoaren litografia aukeratu eta zera esan zion akolitoari: "Marraztu ezazu Doloretako Amaren irudi hori". Salaverriak, bere buruan zeukan konfiantza osoz, baina berezkoa zuen ahalkeaz, bizitza osoan zehar horrela jokatu zuelarik, marrazteari ekin zion baina maisuei begiratu gabe. Lezoko Ama Doloretakoak eta Kristo Deunak mutil trebe honi lagundu egin zioten eta hantxe bertan erabaki zuten markesak ere laguntza eskainiko ziola marrazketa eta pintura ikasteko.

Donostian Arte eta Ofizioetako ikasturte berria hasi zenean, Salaverria marrazketako ikasleetako bat zen. Garai hartan, hiriburua eta inguruko herrien arteko komunikazioa ez zen gaurkoa bezalakoa. Errenteriako tranbia ez zebilen, ezta Irungoa ere, eta inguru hauetako tren zerbitzua zer esanik ez. Horrekin zera esan nahi dugu, Elias Salaverriak, hamabost urte bete berri zituela, egunero Lezotik -Donostiarako joan-etorria oinez egiten zuela, hemezortzi kilometro alegia. Batzuetan, lasaitu handia hartuz, bidean San Markoseko gotorlekura joaten zen dilijentziarekin topo egiten zuen. Halakoetan, atzealdeko pikabuztanean igotzen zen ezkutuan eta, isil isilik, zenbait kilometro burutzen zituen.

Bi urteren buruan, Salaverria Madrilera ailegatu zen. Cubaseko markes jauna hil zenean, markesak ez zuen pintorea gaztea alde batera utzi eta laguntza eskaini zion. Ganbara txiki batean bizi zen, Montera kaleko 22. atalondoan. Ferran maisuaren eskoletara joaten zen. Handik gutxira Luis Menendez Pidalekin ikasi zuen. Salaverriak saldu zuen lehendabiziko lan garrantzitsua Timidez zuen izenburu. Ikur bat da. Iparramerikako dirudun batek erosi zuen Timidez lan hori eta salmentaren ostean eskuratu zuen diruarekin muga zeharkatu zuen eta Bidasoa ibaiaren beste aldetik begiratu zion Jaizkibel mendiari, haren itzalpean jaio baitzen.

Parisen Frantziako maisu handiekin ikasi zuen. Arreta berezia sortu zuen beregan Millet pintorea. Espainiara itzuli zenean, Millet pintorearen eraginpean, gaur egun ospetsuak diren bi koadro pintatu zituen: Los layadores eta La procesion del Corpus en Lezo. Menendez Pidalen ikaslea zelarik, Arte Ederretako Zirkuluan lehiaketa-erakusketa antolatu zuten, dirutan hainbat sari eskainiz. Elias Salaverria, lotsatia bera, ez zen ausartu bere izena jartzen eta izengoitia erabili zuen parte hartzeko, Aniceto Vasconcellos. Bere lana saritua gertatu zen. Baina Salaverriak izugarrizko lanak izan zituen Epaiamahia konbentzitzeko, hau da, Aniceto Vasconcellos eta bera pertsona bera zirela frogatzeko. 1912 La procesion del Corpus en Lezo lanak Lehenego domina eskuratu zuen Madrilen. Hurrengo urtean, Munich-eko Nazioarteko Erakusketan Urrezko Domina lortu zuen. Salaverriak esku hartu zuen Nazio mailako Arte Ederretako Erakusketetan 1904, 1906, 1908, 1915, 1916, 1919, 1930 eta 1932 urteetan. Era berean, Buenos Aires-eko Erakusketa Unibertsalean (1910) parte hartu zuen; Munichen (1913); Panaman (1916); Madrilen (1925, Liburutegi eta Museoen inguruko erakusketan); Buenos Airesen, 1948an, Witcomb Galerian, kritikari zein jendearen artean arrakasta handia erdietsiz. Buenos Airesen lortu zue arrakastaren ostean, Hego Amerikako beste herrialdetara ere abiatu zen. Bera hil eta gero, beste hiru lan erakusgai jarri zituzten: Hermano Gárate, María Joaquina eta El divino impaciente, Madrileko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean (1952).

Besteak beste, honako beka eta sari hauek lortu zituen: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Pentsioa (1904 eta 1912); Arte Ederretako Erakusketa Nazionalaren Ohorezko Aipamena (1904) ¿Quien? margolanarekin; Hirugarren Domina Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean (1906) Tu, primero koadroarekin; Hirugarren Domina Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean (1908) Layadores koadroarekin; Lehenengo Domina Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean (1912) La procesion del Corpus de Lezo koadroarekin; Urrezko Domina Panamako Nazioarteko Erakusketan (1916), Gu koadroarekin. 1934an Grabatua, Eskultura eta Pinturako Goi Mailako Eskolako irakasle izendatu zuten, eta 1944an Madrileko San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartu zen, La pintura de historia izenburua zeukan hitzaldia eskainiz. Elias Salaverriari ez zitzaion asko gustatzen atzerrira joatea. Gogo onez burutzen zituen ormetako pintura lanak.

Bere lana esanguratsuenak: Aizkolari, San Ignacio de Loyola (eztabaida handia sortu zuen koadro honek, Loiolako gudaria eta santua erakusten zuen formagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz eginiko lana izanik); ¿Quien?, Un geografo, Timidez, Examen de doctrina, Atardecer, Tu, primero, Retrato de Jose Maria Salaverria, Layadores, La procesion del Corpus en Lezo, Orfebre, Nosotros, Mineros, La vuelta de Elcano (Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz eginiko lana Juan Sebastian Elkanok munduari emandako itzuliaren IV. Mendeurrena betetzen zelako); La proclamacion de la Virgen de Aranzazu como patrona de Guipuzcoa, Don Ramiro, Hermano Garate, Maria Joaquina, Don Juan Tenorio, La procesion, Don Jose Luis Oriol, El cura de Santa Cruz eta El divino impaciente. Baina benetan trebetasun berezia garatu zuen erretratuak burutzen -onena baitzen halako lanak gauzatzerakoan- Espainiako noble eta pertsonai ospetsuen artean hainbat eta hainbat enkargu jaso baitzituen euren erretratua burutzeko: Albako Dukea, Marañon, P. Otaño, Elorza, Laffite, Arozamena, Patricio Echeverria, Sotomayor, Goñi, Comillaseko Markesa, Maria Cristina Erregina eta Madrileko Musika Kontserbatorioko saloi nagusiaren buruan zegoen Francoren irudia.

Zoritxarrezko istripua izan ostean, Elias Salaverria hil egin zen Madrileko San Frantzisko Handia elizako Sorkundearen kapera berriztatzen ari zenean. 1952ko uztaileko larunbat batean, beti bezala, hamabi t'erdian elizara joan zen eta kupularen inguruan jarritako aldamiora igo zen, lanari ekiteko asmoz. Fraideek esan zutenez, ez zuten pintora berriro bizirik ikusi. Astelehenean, harrituta, kupulara igo ziren eta hantxe topatu zuten pintorearen gorputza, buruan zauri txiki bat zeukalarik. Uste denez, lanean ari zela, zorabiatu egin omen zen, barnealdeko beste aldamiora erori eta bertan hil zen. Medikoaren txostenaren arabera, autopsia burutu ostean, heriotza burmuineko kongestioak eragin zuen. Artista handiaren gorputza Madrileko Ekialdeko hilerrian dago. 1990eko uda partean Donostiako San Telmo Museoak erakusketa handia eskaini zion, AKM-ak argitaratutako haren omenezko liburua ere kaleratuz.