1903an Heletan jaiotako Nafarroa Behereko idazlea. Baionan hil zen 1981ean.
1929an apaiz egin zen eta filosofiako irakasle gisa aritu zen Uztaritzeko Seminario Txikian 1931tik aurrera.Gerrako preso gisa hartu zuten 1939tik 1944 arte esparru aleman batean. Handik itzuli zenean eta jada gerra amaituta, adiskide zuen Pierre Lafitteri esker hainbat euskal argitalpenetan idazten hasi zen: "Herria", "Eusko-Gogoa", "Gure Herria", "Jakin" eta "Gernika". "So Egilea" goitizena erabili zuen artikuluetarako.
Kazetaritzako idatzien artean, nagusiki euskal gaiekin zerikusia zutenen artean, hauek nabarmentzen dira: L'homme basque (1950); Du régionalisme á l'internationalisme (1951); Le Pédagogie et le Commisaire (1955); La Fête dans l'âme basque (1956).
1979an Euskaltzaindiko ohorezko kide izendatu zuten euskararen alde egindako lan garrantzitsuagatik. Urte berean Ene Sinestea lana argitaratu zuen eta hil ostean, bere bigarren idatzia atera zen argitara, Benat adiskidea, Agur (1981). Garai hartako edozein gazteri zuzendutako 15 gutunez osatutako liburuak idazleak Euskal Herriko gizarteko gai esanguratsuenei buruz zituen iritziak eta aholkuak biltzen ditu: indarkeria -horren guztiz kontrakoa zen-, aberriaren itxaropena, probintzien autonomia, baina Europa konfederatuaren batasuna eta abar.
Hizlari handia, irakaslea eta kazetaria. Baionan hil zen 1981ean eta hark eskatu bezala, hiru banderekin lur eman zitzaion: ikurrina, bandera frantsesa eta bandera europarra.
- "Deia", 1981ko uztailak 29, 8. or.
- "Deia", 1981ko azaroak 4, 6. or.
- Goñi Alzueta, J.: Euskadi, la paz es imposible, Bilbo: 1979, 319-323 or.
- Villasante, L.: Etienne Salaberryren inguruko artikulua, Gran Enciclopedia Navarra, X. liburukia, Iruñea, 1990;
- Xarriton, P.: Etienne Salaberry Kalonjea, "Euskera", 1981 (2), 1.005 or.
Honako artikulu hau oraindik ez da entziklopedia honetan euskaraz landu. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Etienne Salaberriri buruz.