Pintoreak

Ortiz de Urbina Uribarren, Mauro

Pintorea. 1882ko urtarrilaren 15ean jaio zen, Gasteizen, eta 1936ko abuztuaren 11n hil zen, Donostian (?).

Bertako prentsari esker (La Libertad, 1903/04/16), bere haurtzaroko eta gaztaroko datu batzuk ezagutzen ditugu. Industrialari baten semea zen, eta familiaren onespena izan zuen etorkizun zalantzagarriko lanbide liberal bat aukeratzean; pintura, alegia. Hasieran, ordea, apaiza izateko grina zuen. Ildo horretan, badakigu hogeita bat urte zituenean, jada eliza-karrerako zortzi urte eginak zituela: Giza Zientzietako hiru urte, Filosofiako beste hiru urte eta Teologiako bi urte. "Irakasgai guztietan bikain atera zuen".

1896an, Pedro Lopez de Robles Arte eta Lanbide Eskolako pintore eta irakaslearen tailerrera joaten hasi zen. Hasieran, bisita horiek apaizgaitegiko eskolekin uztartu zituen. 1902tik aurrera, Ignacio Diaz Olanoren estudiora joaten hasi zen. Maisuak biziki zoriondu zuen bere gaitasun artistikoengatik, eta bide horretan jarraitzera animatu zuen. "El Dibujo" izeneko Arte eta Lanbide Eskolako ikasle ere izan zen. Garai hartan, El Campillon kokatuta zegoen eskola, XX. mendeko Las Escuelas kalean.

Urkixoko markesak ere bere gaitasun piktoriko goiztiarrak sumatu zituen, eta bere babes eta laguntza eskaini zizkion, mezenas gisa. 1903ko apirilean, Eduardo Navarro izeneko bertako pintore gaztearen aurka gogor lehiatu ostean, Gasteizko Udalak Maurori Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian ikasketak egiteko pentsio bat ematea erabaki zuen. Donostiako Udal Museora ere urteetan joan zen, eta Alfontso XIII.ari aurkeztu zitzaion, erregeak bertara eginiko bisita batean.

1904ko martxoan, Gasteizko prentsak Ortiz de Urbinak San Fernando Akademian izandako emaitza jaso zuen:

"Ikasleek urtarrilean eta otsailean egindako lanetan eskuratutako kalifikazioengatik sariak banatzen dituzte. Sariek etorkizunari begira mailaz igotzeko balio dute, eta Espainiako probintzia gehienek diruz lagundutako ikasleen artean banatzen dira. Mauro gazteak lehen-mailako Ohorezko Diploma jaso du, aurkeztutako hiru obrengatik: bi figura eta paisaia bat" (La Libertad, 1904/03/06),

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Akademiako lehenengo urtean, lehen-mailako lau meritu-diploma, bigarren mailako bi meritu-diploma, bi accesit eta ohorezko hainbat matrikula jaso zituen. Bigarren urtea amaitzean, irakasleen klaustroak bostehun pezetako diru-saria, zilarrezko domina bat eta hurrengo urterako ohorezko matrikula eman zizkion. Hala, hurrengo ikasturteko irakasgaien ordainketan dirua aurreztu ahal izan zuen. Bestalde, emaitzak ikusita, Gasteizko Udalak prestakuntza akademikoarekin jarraitzeko diru-laguntza berri bat ematea erabaki zuen.

Prestakuntza-lan horretan, Pradoko Museoko aretoek bere irrika piktorikoak ase eta berritu zituzten. Hala, Velazquez, Murillo, Alonso Cano, Tiziano, El Verones, eta, batik bat, El Greco pintoreen koadroek erakusten dituzten eskola magistralak bereganatu zituen. El Greco izugarri miretsi zuen bizitza osoan. Mauro Ortiz de Urbina kopiatzaile bikaina zen, eta urte batzuk aurrerago, banakako erakusketa batzuk egin zituen, Pradoko Museoko Kopiekin.

Ildo horretan, 1915eko urriaren 12tik azaroaren 6ra bitartean,hogei bat olio-pinturez osatutako erakusketa zabaldu zuen Bilboko Euskal Artisten Elkarteko aretoan. Hala jaso zuen Pilar Mur historialariak elkarte horren gainean argitaratutako lanean. Xehetasun bat aipatzearren, bada partaidetza hori ezeztatzen duen arte-kritikarik. Iturri horien arabera, erakusketa hura zabaldu zuen pintorea Lucio Ortiz de Urbina bizkaitarra izan zen. Edonola ere, gasteiztarrak erakusketa bat prestatu zuen antzeko edukiekin (Pradoko kopiekin), Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako areto nagusian. 1927ko abuztua zen, jada.

1906ko maiatzean, Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen, lehenengo aldiz, Estudio de interior koadroarekin: kinke batez arinki argiztatutako gela bat, hiru pertsonen erretratuekin; horietako bi Julio Uruñuela eta Pedro Sarralde gasteiztar ezagunen erretratuak ziren. Ohorezko aipamena jaso zuen. 1910, 1912 eta 1915eko deialdietan obrak aurkeztu zituen, berriro. 1908an, beste ohorezko aipamen bat jaso zuen, Municheko Erakusketa Unibertsalean. 1909ko ekainaren 30ean, Garcia Diez-ek iradoki bezala, marrazketako irakasle-titulua eskuratu zuen, eta bere ikasketa ofizialak amaitu zituen, San Fernando Akademian.

Etorkizuna prestatu behar zuen eta lehenengo aukera bere jaioterrian eman zitzaion. Epifanio Díaz de Arcaute irakaslearen heriotzagatik Arte eta Lanbide Eskolan hutsik gelditu zen lanpostua bete zuen. 1910eko ekainean, plaza berria eskuratu zuen, Apaindura eta Estilizazio irakasle gisa. Lanpostu hori 1917an utzi zuen, Logroñoko Eskola Normalean marrazketa-lanpostua onartzean. Hiri horretan finkatu zen, behin betiko. 1923an, aleman-irakasle gisa ere jardun zuen Bigarren Hezkuntzako Institutuan, eta, ondoren, marrazketa-irakasle plaza atera zuen institutu horretan bertan.

Arte eta Lanbide Eskolan irakasle gisa egindako urteak oso irregularrak izan ziren: 1911/1912 ikasturtean, Ortiz de Urbina Alemanian izan zen; 1912/1913an, Madrilen izan zen denbora luzez, oposizioak prestatzen, eta, hurrengo ikasturteetan ere, askotan izan zen kanpoan. Hala jaso zuen Lorenzo Elorza Eskolako apaindura-irakasleak 1917ko uztailaren 30ean mekanografiatutako instantzia batean. Idatzia ikastetxeko "irakasleak" karpetan gordeta dago.

Denbora horretan, Munichen bizi zenean, Stuch pintorearen irakaskuntza jaso zuen, eta, ondoren, Pradoko Museoan zaharberritzaile izateko oposizioak egin zituen (1917ko negua), baina ez zuen lanpostua lortu.

Profesionalki, irakaskuntzan jardun zuen, eta beti bere hezkuntza artistikoarekin jarraitu zuen. Oso pertsona aditua zen, nola gai teorikoei dagokienez, hala teknikoei dagokienez. Mauro Ortiz de Urbina nahiko ezezaguna da, pintore gisa; kopista bezala ongi merezita eta egiaztatuta egin zuen lana izan ezik. Bere bizitzari, obrari eta ibilbideari buruzko ikerketa monografikoen faltan, une honetan berari buruz dakiguna nahiko zatikatua eta osatu gabea da. Bere karrera gehiago argitzeko, datu berriak eta egiaztatuak agertu arte itxaron beharko da.

Gasteizen eta Logroñon mende laurdenez egindako irakasle-lanak beharbada gaina hartu zion bere pintore-jarduerari. Agian, ezagutzak ematerakoan eta bokazioak sustatzerakoan, lan arduratsu hori nabarmendu beharko litzateke. Interesgarria litzateke irakaskuntza artistikoaren eta artearen gainean hainbat forotan idatzi zituen testuak biltzea. Esaterako, 1926ko uztailaren amaieran Euskal Ikerketen IV. Biltzarrean aurkeztutako txostena. Biltzarra Gasteizen egin zen, "Orientazio eta irakaskuntza profesionalak" lemapean. Beharbada, enkarguz egin zituen obrak eta libre eta espontaneoki egin zituen lanak ikertu beharko lirateke.

Edonola ere, berari buruz dagoen informazioaren arabera, gizon kulturaduna zen; ezin hobeto ezagutzen zuen bere lanbidea, trebea zen marrazketan eta konposizio piktorikoan; eta iraganeko maisu handien koadroak kopiatzeko gaitasun formal hobezina zuen. Hala eman zen aditzera.

Erretratugile ona zen, joera errealistari atxikia, eta hala erakutsi zuen konposizio batzuetan. Arabako Museoko La madre del pintor koadroan, esaterako, eragin sinbolistak eta erromantikoak erakutsi zituen. Pintore gisa, baliabide tekniko guztiak agortzen zituen, erretratatutakoengan familiartekotasuna eta konplizitatea eragiteko.

Bere obran gehiago sakontzeko, gaiak banatzeko eta ondorioak ateratzeko informazio-falta badago ere, bere erretratuek eta figura-konposizioek esparru ezagun batean uzten dute, kopista gisa. Xehetasun anatomikoen azterketan aberatsa zen zehaztasun-teknika erabiltzen zuen, eta begitartea zaintzeko eta errespetatzeko, eta, ondorioz, irudikatuen naturaltasuna islatzeko gaitasuna zuen. Markoztatze piktoriko argilunak erabiltzen zituen. Ildo horretan, beste ukitu paisajistiko batzuk ere utzi ditu, hainbat argi-intentsitaterekin.

1936ko abuztuan, osasun-arazoak zirela eta, Mauro Ortiz de Urbinak ezin izan zuen Arabako Pintura Erakusketarako bidalketa espezifikorik prestatu. Gerra zibila hasia zen ordurako, eta erakusketa Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak antolatzen zuen. Gertaera horretan, probintziako artearen aktibo nagusiak biltzen zirenez, bertan egon zedin, antolaketa-batzordeak Mi familia izeneko koadroa jarri zuen; hain zuzen, pintoreak pare bat urte lehenago Eskolako Museoari emandako koadroa.

Erakusketa oraindik zabalik zegoela, hil egin zen. Egoitza Logroñon zuen, oraindik Errioxako hiriburuan Eskola Normaleko irakasle izaten jarraitzen zuelako.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • "Mauro Ortiz de Urbina". La Libertad, 1903ko apirilak 16.
  • "[Ortiz de Urbina] Un pintor de mérito". La Libertad, 1903ko maiatzak 28.
  • "Artistas vitorianos. Mauro Ortiz de Urbina". La Libertad, 1904ko martxoak 6.
  • "Mauro Ortiz de Urbina". La Libertad, 1904ko uztailak 13.