Olerkariak

Ezponda, Jean (1557-1595)

Escritor. Maule, 1557 - Bordele, 1595.

Joanes Ezponda (Jean de Sponde, frantsesez) Zuberoako hiriburuan, Maulen, sortu zen mundura, 1557. urtean. Euskal Herriko hegoaldean jatorria zuen familia protestante baten baitan hazi zen. Ezpondatarrak Maulen ziren XV. mendetik gutxienez. Gicharnaud de Sponde, bere seme Gracien -ondoren Gicharnaudeko jaun bihurtuko zena- eta Enekot de Sponde, poetaren aita, Mauletarrak ziren guztiak.

Bere gurasoek harreman estua izan zuten Nafarroako Erregina Joana III.arekin, hots, etorkizunean Frantziako Errege izango zen Enrike IV.aren amarekin. Erreginak ikasketak egiteko laguntza eman zion Joanes gazteari.

1569. urtean, hamabi urterekin, Lascar herriko eskolan greko klasikoa eta teologia protestantea ikasi zituen eta ikasle bikain eta diziplinatua izan zen. Hala ere, hezkuntza erlijiosoa izan zuen arren, bere hastapenetako idazlanetatik hasita, Ezpondak literatura mundutarrerantz egin zuen. 1577an Homero itzuli zuen, hogei urte baino ez zeuzkalarik. Halaber, maitasunezko poemak ere idatziko zituen; Amours izeneko poesia sorta hasi zuen, idazlearen heriotzatik bi urtera argitaratuko zutena, Poésies posthumes izeneko bilduman, 1597an.

Bere amaren heriotzaren ondoren, 1581ean, Enrike IV Nafarroako erregearengandik jaso zuen babesari esker, Suitzara joateko aukera izan zuen, Basileako Unibertsitatean ikasteko. Bertan, Grezia Zaharreko hainbat idazle klasikoren lanen itzulpenak egin eta argitaratu zituen.

Urtebete beranduago, luzaroan Salmoak irakurtzen ibili ondotik, irakurketa hauek erabat hunkitu zuten Ezponda, eta bere idazlanek norabide erlijiosoa hartu zuten; ordura arte sortu zituen maitasun poema goiztiarrak txorakeriak baino izan ez zirela iruditu zitzaion. Handik aurrera, bere lanik garrantzitsuenetakoak idatziko zituen aroa hasi zuen. Honela, 1588an salmoen gaineko meditazioa egingo zuen Méditations sur les psaumes liburuan eta Essai de quelques poèmes chrétiens idatziko zuen urte berean, zenbait poema kristauen inguruan egindako saiakera. Azken lan honetan, Ezpondak denboraren iragangarritasunaz hausnartzen du, bizitzaren iraupen laburraz eta heriotzak gizakiaren bizitzan duen presentziaz mintzo da.

1583an Basilea atzean utzi eta bere sorterrira itzultzea erabaki zuen. Bertan ezkondu egin zen. Ondoren, Frantziako Erregearen aholkularia bihurtuko zen. Honek maître des requêtes (eskaeren maisu) izendatu zuen, hots, Erret Etxeko eskaerak bideratzen zituen arduradun bezala. Izendapen hau, maila goreneko legegizonek eta administrazioko kargu altuek lortzen zuten.

1589an, Parisera egindako bidaia batean, Liga katolikoaren izenean, atxilotu egin zuten, arrazoi erlijiosoengatik, bera protestantea baitzen. Liga hau, espainiarren aldeko erakunde katoliko bat zen eta botere handia zeukan Frantziako eremu askotan. Nafarroako Enrike III erregeak Frantziako tronua bereganatzearen aurka zeuden. Askatasuna lortu ondoren, apelazio-gorteko teniente-jeneral izendatu zuten Arroxela hirian. Lau urteren buruan, hiria utzi eta Tourserako bidea hartu zuen. Hiri honetan, bigarren aldiz atxilotu zuten, aurrekoan bezala, honako honetan ere, erlijio arrazoiak zirela medio.

1593. urtean, Nafarroako erregearen ereduari jarraiki, Ezpondak katolikotasunera bihurtu zuen bere burua. Urtebete beranduago, bere aita, Ezpondako Enekot, Liga katolikoko kide batzuek erahil zuten. Poetak, orduan, Frantziako Bordele hirira aldatu zuen bizilekua. Bertan, protestantismoa utzi eta katolikotasunera iragateko arrazoiak azalduko zituen idazlan batean: Ezpondako jauna Eliza Katolikoari batzera bultzatzen duten arrazoi nagusien deklarazioa.

Bihurtze honek, baina, protestanteen aldetiko gaitzespena eragin zuen. Ordura arteko zenbait lagun bere aurka jarri ziren. Bere adiskide Agrippa d'Aubigné, adibidez, etsai bilakatu zitzaion.

Bere bizitzaren azkeneko urteetan, teologia kalbindarraren aurka idatzi zuen. Gazterik zendu zen, 38 urte baino ez zituela, 1595eko martxoaren 18an, Bordelen, eta bertako Saint André katedralean eman zioten lur.

Idazlearen heriotzatik bi urtera, Les sonnets sur la mort argitaratuko zuten. 1604an, Raphaël du Petit Val idazleak Premier recueil de diverses poésies antologia argitaratu zuen Rouen hirian; hau izango zen, batez ere, Ezpondaren poesia garaiko irakurleen artean ezagutaraziko zuen liburua.

Gerora, hala ere, frantses hizkuntzan bere garaiko poetarik garrantzitsuenetakoa izan arren, bere lana eta idazlearen beraren existentzia hirurehun urtez ahantzia izan zen, 1930. urtean Alan Martin Boase eruditu ingelesak poetaren lana berriz editatu zuen arte.

Joannes Ezponda, euskalduna izanagatik, frantses literaturan XVI. mendean izan den idazlerik handienetakoa dugu. Garai hartan Zuberoa guztiz euskalduna zelarik, Ezpondak euskara izan zuen ama hizkuntza, ziurrenik. Bere inguruan idatzi dutenak zentzu horren alde egin dute. Alan Boasek idatzitako biografian, Vie de Jean de Sponde (Droz, 1977), honela baieztatzen du: "Parlait encoré une forme trés pure de l'eskuara, come pour Inigo de Loyola et François de Xabier, le basque fut certaiment la lange maternale" (p. 8)

Humanista, itzultzaile, jurista edota alkimista ere izan zen Ezponda, poetaz gain. Helenista bikain bilakatu zen; Aristotelesen inguruko lan akademiko bat ere idatzi zuen: La Logique d'Aristotele. Edizio honetan, latinez eta grezieraz idatzitako testuak aurki daitezke paraleloki. Honez gain, berak egindako Homeroren edizioa, gerora hainbat idazlek erreferentziatzat hartuko zuten, George Chapmanek, adibidez. Poeta britainiarrak, Iliadaren eta Odisearen itzulpenak egiterakoan, aintzat hartu zuen Ezpondak idatzitako Homeri poemarum versio latina.

Joanes Ezponda berpizkunde garaiko poetarik garrantzitsuenetakoa izan zen Frantziako errenazimenduko protestanteen artean, Agrippa d'Aubigne eta Guillaume de Saluste idazleekin batera. Bere poesian, Ezpondak garaiko tentsio estilistiko zein filosofikoak islatzen ditu. Sonetoen bilduma, gorputzaren eta izpirituaren etenik gabeko esplorazio pertsonala da, zehatz eta abstraktuarena, pasioarena, larritasunarena. Bere idazlanetan ugari agertzen dira metaforak, paradoxak, antitesiak edota hiperboleak. Sonetoetan egonezina nabari da, bai eta jarrera manierista xamarra.

Idazle zuberotarra ere garaiko hainbat egilerekin konparatua izan da, hala nola Bronzino eta Parmigianorekin fintasunean, eta Gesualdo eta Carissimirekin musikari dagokionez, baita Sir Philip Sidneyrekin ere. John Donne idazle britainiarraren aurrekari bezala jotzen dute. Maitasun eta Heriotzaren Sonetoek gaur egungo irakurlea Ezpondaren mundu liluragarrian barneratzen dute; XVI. mendeko poeta ahaztua, Frantziako poeten panteoian bere leku propioa lortu duena.

Beharbada, bere poemak ez ziren publikatzeko asmoz eginak; aitzitik, produkzio pribatuak izan zitezkeen. Gai edo auzi handiekiko konfrontazio pertsonalak ziren sarritan, sakonak espiritualki eta teknikoki liluragarriak. Bere poemetan, bere garai zein lekutik haratago, egungo poesia garaikidean irauten duten gaiak lantzen ditu, betiereko eta unibertsalak, inteligentziaz eta pasioz beteriko gizon batek maitasunaren eta fedearen artean duen gatazka larrigarrian.

Gaztaroan sortutako Amours 26 sonetok osatzen dute, garai hartan idazten ziren maitasun sonetoen gisara, La Pléiade elkarteko kideek egin ohi zuten bezala. Idazlearen heriotzaren ostean argitara emandako bildumak beste konposizio liriko luze batzuk ere jasotzen ditu, esan nahi baita, abestiak eta elegiak.

Essai de quelques poèmes chrétiens lanean, 12 soneto agertzen dira, hiru poema luzerekin batera, hauetako bi, azken afariari buruz eta, bestea, heriotzaren inguruan. Bere idazlanetan munduaren masifikazioa jorratzen du, gizakiaren patu torturatua, bere argitasun eza. Idazlea obsesionatuta dago itxurakeriekin eta mozorroekin; heriotzak gizakiaren bizitzan duen presentziak eternitatea bilatzera bultzatzen du.

Ezpondaren poesiaren azkeneko aroa Frantziako barrokoaren baitan kokatzen diren gai nagusiek osatzen dute, bai eta higanoten zeuzkaten kezka moralek ere.

Essai de quelques poèmes chrétiens

Soneto

Hil beharko dugu, eta bizitza harroak,Heriotzari oldartzen zaionak, bere erneguak sentituko ditu,Eguzkiak eguneroko lorea ilunaraziko duEta denborak haizezko anpulu hau hautsiko duKea darion argia egiten duen zirio honekArgizari berdearen gainean itzaliko ditu bere suakKoadro honetako oleoek euren koloreak galduko dituzteEta olatuak kostalde apartsuan hilko diraNire aurretik igaro ziren oineztu zuriakBaita zeruan burrunbatzen duen trumoia ereNonbaitetik ekaitza iristen zaiguneanElurra urtzen ikusi nuen eta uharra sikatzenLehoi oldartsuak ernegurik gabe ikusi ditutBizi zaitezte, gizonok, bizi, baina hil beharko dugu

Soneto

Dena altxatzen da nire aurka, dena oldartzen zait, denak tentatzen nau,Eta Munduak eta haragiak, eta Aingeru errebeldeak,Beren olatuek, bortizkeriak, ustezko xarmakAmiltzen naute, jauna, ikaratzen, liluratzen.

Zein itsasontzi, zein laguntza, zein entzumen lokartu,Erori gabe, beldurtu gabe, liluratuta geratu gabe,Emango dit berorrek? Santidadea bizi den tenplua,Berorren esku garaiezina eta ahots konstantea?Eta zer? Jauna, nik borroka sentitzen dut,Zure tenpluaren, eskuaren eta ahotsaren aurrean,Eta aingeru errebelde hori, Haragi hori, Mundu hori.

Baina berorren tenplua, eta eskua eta ahotsa izango diraLilura hautsiko duten itsasontzia, laguntza eta itsasertza izango diraNon hilko baiten bortizkeria hau, non olatu hau hautsiko.


Urteen harlauza gainean, ia hiru menderen ahanztura jasan zuen. Hogeigarren mendeak hasi behar izan zuen, frantses literaturan Ezpondaren poesia aintzakotzat har zedin. Onarpen hau poesia post-erromantikoak -bereziki Baudellaire eta Mallarmé- eragindako sentiberatasun aldaketari esker etorriko zen. Honez gain, Alan Boase izeneko literatur kritikari britainiarrak, Ezpondaren poesiaren inguruan arreta jarririk, 1930ean idatzitako T.S. Eliot's Criterion liburuan idatzitako artikulu batek (Then Malherbe came) berebiziko garrantzia izan zuen zuberotarraren lana ezagutarazteko; bertan, poeta metafisiko frantsesak non dauden galdetzen du Boasek eta Ezpondaren lanean jartzen du arreta.

Hogeigarren mendeko erdialdetik aurrera, Ezponda frantses literaturako maila goreneko idazleen artean kokaturik, bere lana munduan zeharreko eskoletan erakusten da, frantses hizkuntzaren ikasketaren baitan.