Apaiz, predikatzaile eta idazle nafarra. Francisco Laphitz Arriada, Arizkunen (Baztan) jaio zen 1832ko irailaren 30ean. Buenos Airesen (Argentina) hil zen 1905eko urriaren 25ean.
Laphitzek Hazparnen burutu zituen lehen ikasketak. Apaiz ikasketak Larresoron lehenik eta gero, filosofiakoak eta teologiakoak Baionan burutu zituen, 1857an apaiztu zelarik. Segituan Baigorrira bidali zuten apaiz lagunkidea izatera eta 1866an, Altzaiko (Zuberoa) apaiz izan zen. Bertan idatzi eta argitaratu zuen bere liburua, Bi saindu hescualdunen bizia: San Iñazio Loyolacoarena eta San Franzizko Zabierecoarena (1867). Ondoren Betharram-eko nobiziatuan sartu zen, Garikoitzek sortutako kongregazioa.
1968an misiolari joan zen Ameriketara, Montevideora hain zuzen ere. Hiriburuko Cerro auzoan eliza bat altxa eta Arantzazuko Andra Maria izenarekin bataiatu zuen. Bertan, euskaraz predikatzen zuen. Hainbat misio ere egin zituen Uruguain. "Paraguaiko gerla" amaitutakoan Elizako agintariek misio bat bidali zuten, tartean Francisco Laphitz zela, Paraguaiko Eliza berrantolatzeko aginduarekin. Asuncion hiriburuko apezpiku izendatu nahi izan zuten baina berak uko egin eta Buenos Airesera itzuli zen.
1975ean Buenos Airesera joan eta hiriburuan eta inguruko herrietan predikatzaile moduan lan egitera. Argentinako hiriburuko eta inguruko herri eta hirietako euskaldunak bildu eta antolatzen ere ibili zen. Igande arratsaldez euskarazko mezak ematen zituen, eta noizbehinka misioetara ateratzen zen euskal etorkinak bizi ziren eskualdeetara, euskaldunen elizetara gerturatu ezin zirenek ere kristautasunera euskaraz hurbil zitezen. Buenos Airesen garai hartan hiru euskal zentro zeuden, Laurak Bat, Euskal Etxea eta Centre Basque-Français delakoak. Berak batak eta besteak elkartu eta Buenos Aireseko kanpoaldean, Llavallol herrian, Euskal Herriko Zazpiak Bat elkartea sortzen lagundu zuen, helburu bikoitzarekin: batetik, euskal nortasunari eustea; bestetik, euskaldunen ondorengoak Argentinan ahalik eta hobeto integratzea.
- ÁLVAREZ GILA, Oscar. Frantzisko Laphitz (1832-1905). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005. Bilduma: Bidegileak.