Pintoreak

Guinea y Ugalde, Anselmo

Abandon (Bilbo) 1854ko apirilaren 1ean jaio eta 1906ko ekainaren 10ean Bilbon zendutako pintore bizkaitarra.

Madrileko Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskola Berezian eta Federico de Madrazoren estudio-lantegian egin zituen ikasketak. Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolako irakasle izan zen. Erromara bidaiatu zuen bere dohainak zorroztera eta antzinako teknikak ikasi zituen han. Madrilen Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen 1884, 1895, 1897 eta 1899 urteetan. Bilbon bi erakusketa egin zituen (1882, 1894) eta 1890ean Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen eta, baita 1898an hiri bereko Udal Museoak antolatutako erakusketan ere. Europako herrialde ugaritan barna bidaiatu zuen:Erdietsitako sariak: Urrezko domina Bizkaiko Probintziako Erakusketan (Bilbo, 1882); hirugarren mailako domina Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (Madril, 1884) eta bigarren domina Bartzelonako Udal Museoaren Erakusketan (1898).

Egindako pintura-obra ugariez gain eraikin publiko asko apaindu zituen, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia (freskoak) eta baita egoitza partikularrak ere, esate baterako, Sota (Ibaigane). Bere obrak museo ugaritan barna eta bilduma partikularretan sakabanatzen dira.

Margolan nabarmenenak: Puente de Roma, Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoaren Museoan dagoena; Idilio, Responso, Pascua florida, Coro, Un centinela, La sirga, El mendigo, La Jura de Juan Zuria, ¡Cristianol, El Abra, Gente, Salvamento, Lekeitio, Pareja charlando, Salida de la Procesión, Zorrozaurre, Paseo en barca, Antón, el de los cantares, Inter Pocula, Salladores, Conferencia sobre el vino, Abordaje, Recuerdos de Capri, Marinero de Capri, Herzegovina, El matrimonio de un Faraón, San Vicente mártir, Regreso de la fiesta, La vuelta de la madona eta Primavera.



Guinea euskal pintura modernoaren aitalehen nagusienetakoa izan zen. Marrazkilari bikaina izan zen, Guiard bezalaxe. Halaber, eskortzoa, kolore argi eta gardenak eta erretratatzen zituen Bizkaiko jendeen aurpegiera lasaiak, ia malenkoniatsuak landu zituen. Bilboko JEL aldizkarian 1907ko erakusketari buruzko ale bat argitaratu zen. Bertan hala irakur daiteke kolorea tratatzeko eraren gainean:

"Ez da erabili ez duen eskuzko sekreturik ezta teknika bidez ebatzi ez duen zailtasunik ere, teknikaren bidez estilo kontrajarrienak gainditu dituelarik. Hala ere, adierazgarri da bere izaera landu duela beti, halako arinkeria arrai batekin eta bare eta apaingarri dirdiraz den argiaren guran, ez ikuslearen begia sakitu eta nekatzen duen modu neketsu eta afrikarrean, baizik eta Bizkaiko landa alaietan maiatzeko egunsentien argi garden eta poetikoa islatuz. Erabiltzen dituen tonu epelak Italian egindako egonaldien ondorio dira eta, horrela, hegoaldeko zeru baten eraginpean, lurralde hartako gaiak pintatuz, eguerdiko eguzki errearen tonu bioletak eta laranjak sartu zituen bere paletan; hala, Euskal Herriko negua islatzean, iparraldeko lanbroaren artetik, inpresionismo ilun eta lausoa baliatuz euri osteko eguzki lipartsuaren tonua islatzen asmatu zuen, behe-laino heze batek xumeki argitutako herrialde bat agertuz. Guinea gure aberriko artearentzat antzua izan zen sasoi batean jaio zen. Dena den, gaztaroaren mugimendua baliatzeko zoria izan zuen, ia aldi berean haranzkoan ageri diren errealitate zoriontsuen itxaropen losintxari beha azaleratu ziren haiei aurrea hartuz, hala denboran nola ospean"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).