Literatoak

Eleizalde Brenosa, Luis de

Eleizalde'tar Koldobika.

Idazlea. Bergaran (Gipuzkoan) jaio zen 1873ko ekainaren 9an. Bertan hasi eta Zaragozan (1891-98) amaitu zuen batxilergoa. Bilbon hil zen 1923ko uztailaren 24an.

1899 Zientziako Lizentziatura erdietsi zuen (Madril). Berak sortutako auzune-eskolako antolatzaile eta lehen zuzendari izan zen. Geroago Gasteizko Institutuko Matematika katedra irabazi zuen oposizio bidez eta han aritu zen Bizkaiko Foru Aldundiak Lehen Irakaskuntzako Ikuskari izendatu zuen arte. 1907an RIEV-en kolaboratzen hasi zen, baina 1908an kolaborazioak utzi zituen Julio de Urquijo jaunarekin izandako desadostasunak zirela medio. Ikasle zelarik, Eleizalde karlista zen eta ondoren euskal abertzaletasunera jo zuen, bere maisu, Sabino de Arana Goiria bezala. "Patria" delakoan kolaborazio lanetan aritu zen eta 1912an Bilboko Euzkadi aldizkaria zuzendu zuen. 1918an sortu berri zen Euskaltzaindiko kide izendatu zuten. 1919an EAJ alderdiko hautagai modura aurkeztu zen Araban. Euskarari buruzko lan eta artikulu ugari idatzi zituen: La lucha por el idioma propio (1919), Metodología para la restauración del euskera (1919), Morfología de la conjugación vasca sintética (1913), Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas (RIEV, desde 1922) eta Notas acerca del léxico y de las flexiones simples del P. Mendiburu en su obra "Otoitzgayak" ( 1907). Halaber, Eleizaldek beste hainbat lan utziz ituen: Landibar eleberria (1918), Razas, lengua y nación vasca (1914), El problema de la enseñanza en el País Vasco (1919, Eusko Ikaskuntzen lehen kongresua); horrez gain hainbat lan itzuli zituen euskarara, esate baterako, Gurutza deunaren bidea (Kempis) edo Halidon Murua (Halidon Hill) eta euskaraz idatzitako hainbat poesia sortu zituen.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Koldo Eleizalderi buruz.