Euskarazko idazlea eta Informatika irakaslea, Donostian 1957ko maiatzaren 3an jaioa.
1980ko hamarkadan Alkizara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera.
1985az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakaslea da. IXA taldearen sortzaileetako bat da. 1988az geroztik, euskara informatikoki tratatzeko hainbat modu ikertzen ditu, oinarrizko baliabide eta tresna konputazionalak sortzen lagunduz.
1997. urte inguruan hasi zen ipuinak idazten eta urte horretan Julene Azpeitia Zumaiako (Gipuzkoa) lehiaketara Latitudea narrazioa bidaltzea erabaki zuen; lehen saria eta lanean jarraitzeko animoak lortu zituen. 2000. urtean ere lehen geratu zen Augustin Zubikarai sarian, Ondarroakoa (Bizkaia) Osaba Karlosekin, eta Oñatiko Udalaren (Gipuzkoa) Oñatiko Hirian (2001) Bipagoeta ipuinarekin. 2003an Debako Udalaren Tene Mujika sariarekin saritutako lana: Tximeletaren irria, Mendebaldearen bizitza erosoa eta komunikabideen papera kritikatzen ditu. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXI. edizioan, Bai, ni nauk lanarekin lortu du akzesita euskarazko atalean. 2010ean Deception island narrazioak Donostia Hiria lehiaketa irabazi zuen, euskarazko ipuin modalitatean.
2011n Argi-itzalen neurria argitaratu zuen, non 8 ipuin biltzen dituen.