Futbola

IMAZ GARMENDIA, Andoni

Futbolaria Donostian jaio zen 1971ko irailaren 5ean, baina haurtzaro osoa Billabonan eman zuen. Hasierako urteetan etorkizun handiko txirrindularia izan zen, baina azkenean futbola aukeratu zuen. Realaren beheko taldeetan militatu ondoren, filiala barne, zeinarekin 37 partida jokatu zituen, lehen talde txuri-urdina lortu zuen 1991ko irailaren 8an, 20 urte bete eta egun gutxira, Zaragoza-Real Sociedad partidan. Realarekin 221 partida jokatu zituen maila gorenean, zazpi gol sartuta. 1998ko udan, erakunde errealistarekin zuen lotura bukatuta, Athleticera joan zen askatasun gutunarekin, eta lau kanpainatan parte hartu zuen, Ligako 28 partida jokatuz eta diana bat idatziz. Internazional absolutua Espainiako selekzioarekin behin. Javier Clemente entrenatzaileak 1993ko urtarrilaren 27an Mexikoren aurkako lagunartekoa jokatzeko deitu zuen, eta emaitza 1-1ekoa izan zen. Euskadiko selekzioarekin lagunarteko lau partida ere jokatu zituen. 2002an erretiratu ondoren, bere etorkizuna politikara bideratu zuen eta gaur egun, 2007ko otsailean, Tolosako Udaleko kirol zinegotzia da EAJren aldetik.

Eneko De la Cuesta Olaizola (2007)