Musikari bizkaitarra. 1883ko otsailaren 9an Lekeition jaioa eta 1956ko urtarrilaren 28an Donostian hila
Aita frantsesa zuen eta ama Vicente Goicoechea Errasti musikariaren arreba zen. Familia giroan hasi zen musikan eta Joaquin Velasco Barinagarrementeriarekin. Gregorianoa bere anaia Juliorekin ikasi zuen. Tenore gisa, Resurrección María de Azkueren Pasa de chimbos abestu zuen, hainbat orfeoitan. 1904an bere jaioterriko organista plaza irabazi zuen.
Bere lehen konposizioa Lekeitioko Gazteriaren Ereserkia (1911) izan zen. Gero Adoramus te Christe (1920), Abaroa Uribarrenen Ereserkia (1934), Jauntxuba, etab. Lekeitioko zinegotzi jeltzalea izan zen 1931n. 1937an erbesteratu ondoren, Eresoinka antzerki taldearekin kolaboratu zuen, Nere ama txit laztana, Nere maitia eta Txalopin txalo antzezlanekin, besteak beste. Britainiar ereserkia harmonizatu ere egin zuen Ingalaterra bisitatzeko 1938an. Mundu-gerra hasi zenean, Venezuelara joan zen, 1939an. Herrialde hartan bizi izan zen 16 urtez, eta ehun obra piar baino gehiago konposatu zituen organorako. 1955ean itzuli zenean, Donostian finkatu zen.
Erref. Arana Martija: "Alejandro Valdés Goikoetxea", Euskor, abe. 1984, ez 9.