Lextarreko Gortean (Zuberoa) abokatua izan zen. 1586ko otsailaren 15ean jaio zen eta 1667ko maiatzaren 28 hil zen.
20 urte zituela doktoretza erdietsi zuen Tolosako Unibertsitatean. Kalbinista zenez, zailtasun handiak izan zituen Lextarreko Gorteko abokatuen artean izena mateko orduan. 1614an onartu egin zuten, baina 17 urte igaro ziren bailego eta errege epaile kargua eskuratu aurretik. Zoritxarrezko ezkontza izan zuen Jeanne d'Arbiderekin, berau katoliko sutsua baitzen. Horrela babesa bilatu zuen bere barne izpirituan, guztiz erlijiosoa baitzen. Bere leloa, Belatar guztiek hartu zuten leloa alegia, hauxe zen: Lehen hala, "Jadis, comme cela", Orain hula, "Aujourd'hui, comme ceci", Guero, ez dakit nola, "Plus tard, je ne sais comment". Oso gizon umoretsua izan zen eta izaera zailekoa. Hasieran, ikasketak denbora-pasa gisa besterik ez zituen hartu, baina idazteko zuen grinaren eskutik segituan hiztegia idatzi zuen eta horrekin batera euskarazko hainbat gramatika liburu, horiek galdu egin badira ere. Jarraian, bi eskuizkribu handi idatzi zituen: lehendabizikoak 6 liburuki ditu eta entziklopedia antzeko bat da. Tablettes izenez ezaguna zen eta alfabetikoki ordenatuta zenbait arlotako gaiak lantzen zituen, besteak beste, teologia, morala, medikuntza eta zientzia. Bigarrenak 600 orrialde baino gehiago zeuzkan eta Zuberoako Foruak aztertzen ditu. Idazki horietaz aparte, zuzenbidearen inguruko hainbat idazlan burutu zituen.
Hizkuntza ez baldin bazen guztiz zuzena eta askotan nahiko nahasia, argi dago oso gizon jantzia zela. G. Clement-Simon-ek Le Protestantisme et l'erudition dans Le Pays Basque au commencement du XVIIe siecle (1896) idazlanean, euskarazko hainbat esaera eta atsotitz aipatzen ditu, argitara eman ez ziren Belaren idazlanetatik hartuak alegia, eta honen biografia eratzean egileak tartean erabiltzen dituelarik.