EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Donostia, 1885-Pabe, 1944.
Abelino Barriola 1876. urtean jaio zen Donostian. Parisen ikasi zuen aitaren lanbidea: oinetakoak egiteko langintza, eta ofizio horri esker lortu zuen bizibidea. 1906. urtean Mertzedes Irigoienekin ezkondu zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten.
Nazionalismoaren alderdikoa izanik Donostiako zinegotzi izatea aldi bitan lortu zuen, 1914 eta 1920. urteetako hauteskundeetan hain zuzen ere. 1920-1923 urteen artean Diputazioko kide ere izan zen. 1914ko agintaldian "Euskal Iztundea" edo Academia vasca de Declamación eratu zuen, euskal antzertiari bultzada handia emanik. 1936ko gerra piztu zenean, bere burua ez zuen eroso ikusi Frente Popularreko taldeekin eta atzerriratu egin zen. Pauen hil zen 1944ko otsailaren 19an.
Bere lanetan alor klasiko biak landu zituen: komedia eta drama. Xabier Mendigurenek (1987) ondoko komediak zerrendatu ditu bere ikerketaren ondoren: Meza berriya (1908), Aldiz aldi (1910ean idatzia, 1911n argitaratua), Zorigaiztoko eguna (argitaragabea baina 1911koa, zarzuelarako libretoa), Brokoliyo (argitaragabea, 1912), Zarr gixarajuak (argitaragabea, 1912), Gai dagonaren indarra (1915ean idatzia eta hogei urte beranduago argitaratua), Zozoarro (1932an idatzia), Ene Aberri laztana (txontxongilo antzertia, 1932an idatzia), Aukeran dagona neketan (1935ean idatzia), Napar alaba ospetsua (1935ean idatzia), Manttoni Koipe (1936an idatzia), Euditakoak (1937koa, lan frantses baten egokitzapena).
Drama generoan kokatzen dira: 1911n idatzitakoko baina 1987ra arte argitaratu gabe egoiko Zulo madarikatuak, Lagun txar bat (1912), Maitasunak (1923, baina bere garaian argitaragabea) eta Barriolaren lanik ezagunena: Goi argi (1935).
Hala laburbildu zuen Xabier Mendigurenek azken obra hori:
"Ez du berez aurrekoarekiko alde haundirik, baina areagotu egiten dira zenbait ezaugarri: gizarte goi mailakoa ez ezik, kosmopolitagoa ere bada (jazband baten, negozioen eta injineru aleman baten aipamenak ditugu, esate baterako); ohizko tradizionalismo eta azken obretako abertzaletasunarekin batera, kristautasun ia belikosoa agertuko du drama honetan Barriolak" (1987: 28).
Xabier Mendigurenek laburtu ditu Barriolaren lanaren ezaugarri nagusiak, batik bat garapena azpimarraturik: irri antzertitik dramara; gero eta lan luzeagoak, ideologia gero eta nabarmenagoa; herritik hirira, pertsonaien gizarte maila gero eta jasoagoa; emakumearen garrantzia eta goraipamena (1987: 23-24).
- KORTAZAR, Jon. "Goi Argi (1935)". Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].
- MENDIGUREN, Xabier. "Abelino Barriola". BARRIOLA, Abelino: Dramak. Donostia: Euskal Editoreen Elkartea. Ibaizabal, 1987.