Filologoak

Altube Lertxundi, Sebero

Arrasate 1879-11-8; Gernika 1963-08-27

Sebero Altube Lertxundi Arrasaten jaio zen, 1879ko azaroaren 8an. Gurasoak Juan Alejandro eta Maria Klara ziren. Hiru anaia-arreba izan zituen, Benigno, Jesusa eta Hilario Mercedes. Seme-alaba koskorren bizitza ez ei zen urdin kolorekoa, aita oso gizon zakarra baitzen eta haurrek zein amak etxeko giro sumina pairatu behar izan zuten sarritan. Seberoren ama hil zen eta aita bigarren eta hirugarren aldiz ezkondu zen, ezkontza horietatik beste bi anaia jaio zirelarik.

Seberoren lehen ikasketak Arrasaten egin zituen, Juan Jose Rodriguez "Maixu zaharra"-rekin. Solfeo ere ikasi zuen, Victoriano Balerdi organulariarekin. Baina Altube, musiko izateaz gain beste lan esparru desberdin batean nabarmendu zen argi bereziz. Linguista izan zen, goi mailakoa gainera, batez ere euskararen esparruan lan ikaragarri zabala eginez. Non eta norekin ikasi zuen?. Batere zalantzarik gabe, barruko suak piztu zion linguistikako grina eta ezelako unibertsitatetatik igaro ez zen arren, linguistikako eremua ongi jorratzen jakin zuen. Eta Altube, aipatutako lan arlo horiez gain, enpresa gizona ere izan genuen, Gernikan. Nondik zetorkion Seberori ikasteko gogoa?. Gizon hark ederki ongi ulertu zuen txikitandik ikasketen bidetik lor zezakeela gogo askatasunerako giltza, eta horretan saiatu zen bizitza osoan. Ezagutu zutenek diotenez, "Asko jakinda be, arrokeririk bapez".

Sebero, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediak, hiruak Arrasatekoak, garai hartako dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatzen zuten, Euskal Herri osoan. Musikaren ildotik bere bizitza zuzendu nahian nonbait, Gernikako Musika Bandarako oposizioak egin zituen eta baita kargua irabazi ere, 1901ean. Hamabost urtez aritu zen Bandarekin, hain zuzen ere, aldi berean zuzentzen zuen Alkartasuna fabrikako gerentzia musika zuzendaritzarekin batera eramatea ezina zitzaiola ikusi arte.

1918ko apirilaren 11an Gregoria Gangoitirekin ezkondu zen Gernikan. Ez zuten seme-alabarik izan eta bikoteak alabatzat hartu zuen Benigno anaiaren alaba Elixabete. Azken honen laguntzari esker bildu ahal izan nituen Seberoren gaineko datu ugari.

1931an Gernikako alkate izendatu zuten Sebero. Hiri horren alde eta, orohar, Euskal Herriaren alde ordurarte eginiko lan eskergak erakarri zituen botoak, alkate aukeratua izateko. Bera ez zen gizon politikoa, baina alkatetzan egon zen bost urteetan oroitzapen ederra utzi zuen herkideengan.

1936ko irailaren 29an exiliorako bidea hartu behar izan zuen. Aurrenik, Argentinara joan zen, emaztearen senitarteengana, baina handik Pauera aldatu zen, frantziar hirian hogeita bi urtez bizitzeko. Bertan linguistika eta filosofiako esparruetan egin zituen bere lanik sonatuenak.

1958an exiliotik itzuli ziren Sebero eta Gregoria. Ordurako Sebero agure bat zen, osasun makalekoa. Hala ere, Gregoria hil zen lehenago, 1961ean, eta Seberoren izpiritua zeharo erori zen, bakartasun eta oinazean. Ez zen zuzpertu. Bi urte beranduago, 1963ko abuztuaren 27an hil zen eta hilkutxan ikurriña jarri zioten, Gernikako Arbola dagoen tokiko lur eskukadarekin batera. Hileta elizkizunetan Gernikako Musika Bandak jo zuen, Seberoren Banda, Gernikara Arrasatetik aldatzeko arrazoi nagusia eta gure gizonaren izakirik kuttunetakoa. Hurrengo artikulu baterako utzi dut Sebero Altube musiko, enpresa gizon, linguista, filosofo eta idazlearen obrak aurkeztea. Gutxitan eman du Euskal Herriak, arrasatear honen gisako giza-ale arloaskotarikorik. Altube, euren buruak etengabe lantzen dituzten pertsona horietako bat izan zen.