Concept

Udaletxeak. Arkitektura

Herri eta hirien administrazio autonomia Erdi Aroan zehar garatuko den prozesua izango da. Herritarrek eta hiritarrek pixkanaka autonomia administratiboa lortzen duten heinean, udaletako agintariek ere askatasun maila gero eta handiagoa lortuko dute eta azkenean administrazio sistema berria sortuko da, sinplea landa burgesiaren hirietan bezala eta konplexua, adibidez, merkataritza hiri handietan bezala.

Beraz, udal eraikinak ez dira agertuko Erdi Aroaren amaiera arte eta aurretik zeuden beste hiri eraikinetan oinarrituko dira euren ezaugarriak finkatzeko orduan: burges etxeetan, noble eta elizgizonen eraikinetan, eta merkataritzako eta industriarako eraikuntzetan. Horren ondorioz, lehen garai honetako udaletxe gehienak neurri handiko eraikin soilak ziren. Hiritarrek noble eta elizarekiko askatasuna lortzen zuten heinean herritarren ordezkaritza autonomoaren ardatz eta ikur bihurtuko dira.

Lurralde bakoitzeko tradizio arkitektonikoaren arabera udaletxe mota desberdinak sortu ziren, baina orokorrean honako hauek izango dira ezaugarri nagusiak. Gehienak eraikin soilak izaten ziren eta lehen solairuan batzar aretoa zegoen; batzarrez gain, bertan hiriko auzitegi gorenentzat entzunaldiak antolatzen ziren, baita bestelako ekitaldiak ere. Artxiboa eta beste gauzentzako instalazioak ere bertan zeuden. Normalean eskalinata bat zegoen ordezkariak igotzeko, eta estratu, balkoi edo logia bat udalaren edo epaimahaiaren erabakien berri emateko. Sarritan, beheko solairua industria ekimenetarako erabiltzen zen, eta saltoki funtzioa ere betetzen zuen. Saltoki horiek garrantzizko industrien -ogia edo oihalak, adibidez- produktuak eskaintzen zituzten eta bi edo hiru habeartez osatuta zeuden. Normalean eraikin horretan ere gehienetan epaitegi lanak burutzen ziren. Merkataritza entzunaldiak ere askotan hantxe gauzatzen ziren. Eraikin horiek handiak, soilak eta normalean luzeak izaten ziren, edo bestela bi eraikinez osatzen ziren, angeluan elkarri lotuta plazaren bi albo eginez, merkatarien etxe estuen ilaren parean.

Aro Berriaren hasierarekin batera Europako hiri gehientsuenetan udaletxeak eraiki ziren. Erdi Aroan jadanik eraikin adierazgarrien bitartez udal eraikinak eratu baziren ere, garai honetan handitu, berreraiki eta apaindu egin zituzten. Horren ondorioz, aurrena errenazimenduan eta gero barrokoan, estilo berria forma isolatuetan eta dekorazioan bakarrik islatzen zen askotan. Hori bai, udal eraikinen funtzioak bereiziz eta handituz joan ziren heinean, administrazio publikoaren eta biztanleriaren hazkundeekin batera, sail bakoitzari bere eraikina eskaintzen hasi ziren -aduana, txanpongintza, armagintza-. Kasu askotan, eraikinen multzotik bloke itxira aldatzeko urratsa eman zen, mantso baina bereziki XVII. mendetik aurrera. Horrela, elementu berdinak ardatz perpendikularretan lerrokatzeko joera zabalduko da, era berean funtzio arrazional eta berezko adierazgarria uztartuz: arkuteriak beheko solairuan, leiho altuak goikoetan, bakoitzak bere aldetik oparo artikulatuta koloma ordena bitartez eta bestelako elementu estilistiko bereizgarriekin. Azkenean, efektua horrelakoa zen: udaletxeen masa Erdi Aroko etxeen gainetik altxatzen zen hiriaren erdian. Eraikin erlijioso handiekin lehia irekian, ingurune osoa dominatu nahi zuen.

Aro Garaikidean udal eraikinak estilo berrietara egokitzen joan badira ere -neoklasizismoa eta eklektizismoa aurrena, eta ondoren modernismoa eta arrazionalismoa- aurreko garaietako ezaugarri tipologiko orokorrak ez dituzte galduko eta tipologiaren bilakaeran ez dira aldaketa handiak gertatuko. Gehienetan hirietako eraikin esanguratsuak eta sinbolikoak izaten dira, baina beste aldetik ez dira nabarmentzen forma berezien aldeko apustu ausartak egitegatik. Berez, askotan bulego eraikinen trataera tipologikoa jaso izan dute eta funtzionaltasunaren esanetara moldatu diren eraikinak izan dira. XX. mendearen hasieran eraiki ziren udaletxe gehienetan nabarmentzeko joera nabaria izan bazen ere, estilo eklektiko esanguratsu baten aldeko apustua eginez, XXI. mendearen hasieran joera sinbolikoa galdu ez bada ere, burutzen diren eraikin berriak askoz xumeagoak eta soilagoak izaten dira, nolabaiteko nazioarteko estilo batean eraikiak.

Udal eraikinen lehen arrastoak Aro Berriaren hasiera arte ez baditugu aurkitzen ere, horrek ez du esan nahi Erdi Aroan eraiki ez zitekeenik. Hala ere, ziurrenik Erdi Aroan udal batzarrak elizetan egingo ziren, barruan edo aterpetan, Elizaren boterearen nagusitasuna eta menpekotasuna agerian utziz. Egoera hori Aro Berriaren hasierarekin aldatzen hasi zen, garai honetan udal agintariek hartu zuten garrantziaren ondorioz -erregetzaren babespean eta noblezia eta elizaren botereari aurre egiteko asmotan-. Tipologia berriak ere sortu ziren arkitektura zibilarekin lotuta eta horren adibide udaletxea, unibertsitatea edota ospitalea izango da. Eraikin guzti horien helburua, baina bereziki udaletxearena, errenazimenduko gizartearen izaera zibil berria indartzea zen, eraikin erlijiosoetatik bereiziz. Era horretan, elizaren boteretik urruntzen hasi zen.

Aro Modernoaren etorrerarekin batera, arkitektura zibilaren esparruan jauregiez gain udaletxeak izan ziren garai honetako eredu nagusiak. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, indartu egin zen Euskal Herrian udalaren boterea, eta, botere hori zela medio, baliabide ekonomiko handiak zeuzkaten herri eta hiriek eraikin berriak altxatu zituzten, udalaren eginkizunak bertatik bideratzeko. Alabaina, ez zen hori izan eraikuntza lan horiek bultzatu zituen arrazoi bakarra; izan ere, udaletxeetan, tokiko agintarien seriotasuna eta gobernu egokia azpimarratu nahi izana ere antzematen da, eta argi ikusten da agintari erlijiosoekiko lehia ere. Horrela, herriko plazan bertan gehienetan eraikinak elkarren aurrez aurre jarri ziren. Gogoratu beharra dago lehen aipatu dugun bezala, Erdi Aroan, elizetan egiten zirela kontzejuen batzarrak. Garai berri hauetan, ordea, eraikin berriak egiteko aukera eta borondatea zegoelarik, premia berriei erantzun ez ezik, botere zibila botere erlijiosotik urruntzen ari zela ere azpimarratu nahi izan zen.

Euskal Herrian garai honetan eraiki ziren udaletxeen egitura eta antolamendua ez ziren konplexuak izaten. Hala, beheko solairua atariduna eta arkupeduna izaten zen, eta hiritarrekiko harreman zuzena bideratzeko erabiltzen zen. Lehenengo solairuan, batzar aretoa zegoen, eta balkoi luzea izaten zuen, banderak bertan jaso eta udal agintariek herritarren aurrean mintza zitezen. Bigarren solairuan -azkenekoa izaten zen normalean-, bulegoak eta artxiboa egoten ziren, udalaren armarriaz eta erlojuaz gainera. Kanpoaldeari dagokionez, udaletxeak neurrizko eraikinak izaten dira, dekorazio aipagarririk gabe; izan ere, zutarri atxikiak, frontoi txikiak balkoi bakoitzean eta, eraikina errematatuz, udal armarria gordetzen duen frontoi triangeluar izan ohi dira kanpoaldeko apaingarri bakarrak.

Udaletxe eredu hau jauregiko eta etxeko arkitekturaren eraginpekoa da. Jauregietatik, teilatu hegal zizelatu handiak hartzen ditu, eta baserrietatik -baserriek, bestalde, Erdi Aroko dorretxeak gogorarazten dituzte-, forma morfologiko kubiko pilatuak, soiltasuna, arrandiarik eza eta arkupeetako arkuak. Udaletxearen bilakaerari dagokionez, Aro Modernoan eta zehazki garai barrokoan eraikitzen hasi baziren ere -XVII. mendean egin ziren aurrenekoak-, aipatzekoak dira traza soilak, oinarrizkoak, eta arkuperik eza, eta orobat eraikinaren egituran errenazimendu estiloko planteamenduak erabiltzea, hala adibidez armarriak eraikinaren mutur batean bikoiztea. Garai honetakoak dira, errenazimendukoak, Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak.

Nolanahi ere, udaletxeei dagokienez Euskal Herrian Aro Berriko eredu onenak garai barrokokoak dira, aipaturiko ezaugarri horiek guztiak baitituzte. Gehienak XVIII. mendean egin ziren Gipuzkoan. Bizkaian Balmaseda, Bermeo, Otxandio, Orozko, Durango eta Lekeition besterik ez ditugu udaletxe barrokoak aurkitzen, udaletxe gehienak, kudeaketa premiak zirela eta, berriztatu egin baitziren ondorengo mendeetan. Araban, bestalde, Bastida, Arespalditza, Aramaio, Eltziego eta Araiakoa aipatuko ditugu, eta Nafarroan berriz, Biana, Bera, Lesaka eta Iruñekoa. Gipuzkoari dagokionez, Elgoibar, Andoain, Alegia, Oñati, Asteasu, Astigarraga, Azkoitia eta Arrasateko udaletxeak dira estilo hau ongien adierazten dutenak.

XVIII. mendean, neoklasizismoan, gehienbat, barroko garaiko udaletxeen interpretazio kultua egingo da, elementu gehienak mantenduz baina irakurketa soilago baten alde apustua eginez eta ezaugarri klasikoak txertatuz. Ezaugarri horiek argi eta garbi ikusten dira, Gasteizko udaletxean, Justo Antonio de Olaguibelek egina, edota Donostiako udal eraikin zaharrean, Silvestre Perez arkitekto aragoitarrak diseinatua eta Pedro Manuel de Ugartemendia gipuzkoarrak gauzatua. XIX. mendean, bestalde, eklektizismoaren garaian Donostiako udal eraikin berrian edo Bilboko udaletxean estilo honen ezaugarri guztiak aurki ditzakegu: oparotasuna, gehiegizko dekorazioaren aldeko joera eta, azken finean, udal agintarien harrotasunaren isla.

Geroztik, XX. mendean zehar, udaletxeak eta udal eraikin berriak bulego eraikinen edo beste administrazio publikoen eraikinen antzeko trataera jaso dute, hau da, malgutasuna eta funtzio aniztasuna eskaintzen duten eraikinak dira. Eraikinaren forma ez dago argi definituta eta, orokorrean, hainbat zatitan bereizitako egitura unibertsalak garatzen dituzte.

  • CENICACELAYA, Javier; SALOÑA, Iñigo. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.