Architecture

Sondikako haurtzaindegia

Eduardo Arroyo arkitektoak diseinatu zuen haurtzaindegi hau 1998an eta 1996an eraikuntza amaitu egin zen. Sondikan kokatuta dago, Galbarriatu auzoan zehazki, belardi batean beste zenbait eskolaz inguratuta. 40 haurrentzako eskola zerbitzuak eskaintzen dituen eraikin honen berezitasun handiena umeen tamainari egokituta egotea da.

Diseinatutako espazioa soilik umeei zuzenduta egongo balitz bezala planteatuta dago.

Batetik, eraikineko elementu gehienak haurren tamainari egokituta daude. Hau honela, gainazal horizontal guztiek metro eta hamabost zentimetrotako altura daukate. Modu berean, material, ate, leiho eta objektu guztiak erabiltzaileen tamainara moldatzen dira.

Bestalde, arkitektoaren aburuz, eraikina poltsa marsupial gisa ulertzen da. Izan ere, haurrek barnealdetik kanpoko paisaiaz goza dezakete segurtasun baldintzetan. Ideia hau programaren antolakuntzan islatu egiten da fatxada eta beste elementu bertikalen gardentasunarekin jokatuz. Ikasgeletako fatxadan izan ezik, azalera bertikal gardenak haurrentzat bakarrik dira eskuragai. Hau da, haurren altueratik gora, hormak solido bilakatzen dira eta ingurua itsu bihurtzen da beraz. Umeek espazioa propio sentitzen dute eta erabiltzaile pribilegiatuak dira.

Oinak forma laukizuzena eta solairu bakarra dauka. Zonalde bakoitza banatzeko kolore desberdinak erabiltzen dira: horia joko zonalderako, gorria pasillo zentralerako eta berdea ikasgelentzako.

Ekialdean ikas gelak kokatzen dira fatxada guztiko luzeran zehar. Beira gardenezko horma handi batek osatzen du honako altxaera, eta bertatik kanpoaldeko mendiak eta inguruko belardia ikusi daitezke. Ikasgelen artean beirazko diafragma mugikorrak kokatzen dira, eta barne espazioa momentuko beharren arabera moldatzea ahalbidetzen dute. Ikasgelen artean eta kanpoaldeko beira horma konpartitzen, umeentzako komunak aurkitzen dira. Komunetarako sarrerak ikasgeletatik bigarren zirkulazio bat sortzen dute, beirazko hormari paralelo. Belarditik ikasgeletara sarrera modu berean zerbitzu hauetatik egiten da, umeen tamainako ateen bidez. Gela bakoitzak inklinazio desberdineko estalkia dauka, gune bakoitzak izaera desberdina izan dezan.

Mendebaldean ordea, dimentsio handiko espazio bat kokatzen da. Atseden, nutrizio zein psikomotrizitate ekintzak bere baitan hartzeko prestatuta dago eta inguruko eremutik independizatu daiteke beira desberdinekin osatutako diafragma baten bidez. Honako fatxada beira estrukturalez osatutako horma transluzido batek osatzen du, eta haurren altuerako horma mugikor garden baten bidez umeak zeharka dezakete.

Hegoaldean, beirazko adreiluz osatutako horma batek eraikina inguruko errepidetik banatzen du, eta iparraldean filita apomazatuzko harri horma batek aparkalekutik eraikinerako sarrera zuzena ahalbidetzen du.

Estalkiko azalera gehiena laua bada ere, zenbait argi putzuk kanpo itxura moldatu egiten dute, geometria zurrunak alde batera utzi eta fatxada koskaduna osatzeko. Arkitektoak hau "geometria multi-fazetiko" gisa deskribatzen du: oineko antolaketa estalkian islatzen da. Izan ere, barneko partizioek estalkian inklinazio desberdinetako planoak osatzen dituzte. Hau honela, inguruko paisaia mimetizatu egiten da. Altzairuz egina dago eta egunean zehar inguruko paisaiaren erreflexu aldakorrak jasotzen ditu, planoen malda desberdinen orientazio anitzaren ondorioz.

Eraikinak 1999an arkitektura espainoleko V Bienalean izendapen berezia lortu zuen. Gainera aldizkari eta liburu askotan publikatuta izan da: Arquitectura Viva, El Croquis, 2G edo A+U gisakoetan hala nola.

  • ARROYO, Eduardo. "Escuela infantil, Sondica". Arquitectura Viva. 1999 Madrid, 79-80 zenb., 145 orr.
  • ARROYO, Eduardo. "Guardería, Sondica". 2G. 2007, 41 zenb., 24-33 orr.
  • ARROYO, Eduardo. "Guardería en Sondika : Vizcaya, 1997-1998". El Croquis. 1999 Madrid, 96-97 zenb., 50-59 orr.