Architecture

Santa Maria Eliza. Erriberri

Errege jauregiaren ondoan kokatua dago, horregatik, batzuetan, jauregiko kapera izan zela defendatu ohi da, hori horrela izan zela adierazteko bestelako arrazoirik ez badaude ere. XIII. mendean eraiki zen, eragin zistertarra mantentzen duen estilo gotikoan.

Nabe bakarreko oinplanoa du, antzeko tamaina duten lau ataletan banatua, gehi nabea bera baino estuagoa den burualde pentagonala. Sarrera nagusia elizaren oinetan dago, eta Epistolaren aldean XVIII. mendeko oinplano karratuko kapera bat ireki zuten bigarren atalean, sakristia bezala erabili dena. Ebanjelioaren aldeko laugarren atalean XVI. mendeko beste kaperatxo bat dago, askoz ere txikiagoa. Gaur egun arte kontserbatu ez den XV. mendeko klaustro bat izan omen zuen garai batetan.

Altxaeran, nabearen atalak sekzio oktogonala duten pilareekin bereizten dira. Pilare hauek harroina zirkularrak dituzte eta zutabetxoak itsatsita angeluetan. Kapitelak landaretzarekin apainduak daude, eragin zistertarra erakusten. Argiztapena bermatzeko leiho gotiko batzuk ireki zituzten. Leiho hauetako batzuk zorrotzak dira, bi arkiboltekin, eta harroina zirkularra eta landaretzarekin apainduriko kapitelak dituzten zutabeen gainean doaz. Beste leiho batzuk bikoitzak dira, eta idi begi gingilduna daramate gainean.

Elizaren oinetan koru jaso gotikoa dago. Arku beheratu batekin irekitzen da nabera, eta pilareek landaretzarekin apainduriko kapitelak daramatzate.

Estalkiari dagokionez, nabeak gurutze-gangako lau ganga jaso zituen, profil zorrotza duten arku fajoiekin artikulaturik, eta burualdeak bost mihiseko gurutze-ganga bat. Giltzarrietan landaretza, buruak, aingeru bat eta arrain bat irudikatu zituzten. Estalki mota bera du behe-koruak eta Ebanjelioaren aldeko kaperak. Sakristia, bestalde, petxinen gaineko kupula batekin estalita doa.

Kanpoaldean, burualdearen ondoan eta Epistolaren aldean dorre altu bat dago. Behean dauden harlanduak erromatarrak dira, baina bere fuste luzea oso eraldatua izan da mendeetan zehar. Goialdean arku zorrotz bikoitzak ireki zituzten, kanpaien zerbitzurako, eta gainean harrizko balaustrada gingilduna ikus daiteke.

Fatxadan arku zorrotz handi bat dago, zortzi arkiboltekin apaindua. Landaretzarekin dekoraturik dago, nahiz eta errege eta erregina baten irudiak ere ikus daitezkeen, era asimetrikoan jarrita. Garaiko Joana I.a nafar erreginaren eta haren senarra Feliperen irudiak direla esan ohi da. Arkibolten beheko aldean, gainera, doseleteekin babestuak dauden giza irudiak daude, eta oso kontserbazio maila txarra duten arren, oraindik bereiz daitezke aingeru bat musika jotzen, Herodes hiru Magoekin eta Magoen gurtza. Giltzarrietan, berriz, Izpiritu Sainduaren usoa eta "greenman" bat. Arkiboltei eusteko lodiera ezberdineko zutabetxoak daude. Kapiteletan landaretza ikus daiteke, animaliak, Adan eta Ebaren sorrera, apaiz batzuk, horietako bat FRANCISCUS PETS inskripzioa daraman filakteria batekin, eta Amabirjina eserita Haurrarekin.

Atezangoetan bi pilastra daude, Itun Zaharreko gai batzuekin apainduak, hala nola Kain eta Abelen pasartea, Bildots Mistikoa, Ebaren Bekatua etab. Gainean, ateburua indartzeko balio duten bi mentsula daude, irudi ezberdinekin apainduak ere. Ateburuari dagokionez, animali mitologikoak daude, gizakiak gainean daramatzaten lehoien borroka, ehiztariak etab.

Tinpanoaren erdian, eta doselete batekin babestua, Amabirjinaren irudi irribarretsua ikus daiteke, Haurrarekin. Bere inguruan, Amabirjinaren bizitzaren pasarte esanguratsuak daude, hala nola Deikundea, Jesusen Jaiotza, Errugabeen Hilketa, Egiptorako Ihesa, Jesusen Aurkezpena Tenpluan eta Jesusen Bataioa.

Sarrera honen bi alboetan gableteekin erremataturik dauden hamabi arku zorrotz gingildunez osatutako frisoa dago, arkuen barruan apostoluen irudiak ikus daitezkeelarik. Gainean, leiho handi dotore batek osatzen du fatxada eder honen konposizioa. Profil zorrotza du, eta trazeria korapilatsu bat darama barnean.

Elizaren aurrealdean, gainera XV. mendeko atari gotikoa dago. Hogeita lau arku zorrotz gingildunez osatuta dago, hiru hegaletan banatuak. Arkuak apaindurarik gabeko pilareen gainean doaz, angeluetako eta sarrerako pilareak sendoagoak direlarik. Atrium hau, bestalde, arku beheratu batekin irekita dago, eta alboetan gaur egun gaizki kontserbatuak dauden bi irudi daude, erregina bat ezkerrean eta Amabirjina Haurrarekin eskuinean. Jehan Lome eskultore famatuaren tailerretik sortuak direla onartu ohi da. Bertan dauden armarriek, gainera, erreginaren irudia Karlos III.aren alaba zen Blanka erreginarekiko identifikazioa ahalbidetu dute. Blankaren eskuetan filakteria bat dago, non MATER DEU ME inskripzioa irakurri daitekeen.

Elizaren barnean, presbiterioan erretaula nagusia ikus daiteke. Errenazimendu garaiko obra da, eta Uguet eskultorearen eta Pedro de Aponte margolariaren lana kontsideratzen da. Bere arkitektura oinarri eta banku baten gainean doa, eta zazpi kaleetan antolaturiko bost atal ditu, gehi hauts-babesa, atiko zuzenaren azpian.

Ikonografiari dagokionez, lehen atalean Jesusen Pasioaren irudiak daude (Baratzeko Otoitza, Atxiloketa, Kristo Zutabean, Ecce-Homo, Kalbario Bidea eta Pietatea). Bigarren atalean Mariaren bizitzari buruzko pasarteak (Urrezko Atearen aurreko Besarkada, Jaiotza, Maria Sortzez Garbia, Ezkontza, Deikundea eta Bisitazioa). Hirugarren atalean Jesusen haurtzaroaren pasarteak (Jaiotza, Zirkunzisioa, Epifania, Aurkezpena Tenpluan, Egiptorako Ihesa eta Jesus Doktoreen artean). Laugarren atalean bizitza publikoa irudikatu zuten (Bataioa, Transfigurazioa, Berpiztea, Igokundea, Izpiritu Sainduaren Etorrera eta Jasokundea). Atikoan Ebanjelariak eta Kalbarioa daude. Erretaularen erdiko baoan Amabirjina eta Haurraren zurezko eskultura polikromatu dotorea dago, XIV. mendekoa.

Ebanjelioaren aldeko murruan San Gregorioren erretaula manierista dago, XVII. mendekoa, eta Gurutziltzatu gotiko bat, XIV. mendekoa. Desagertutako San Lazaroren ermitatik ekarri omen zuten azken hau.

Epistolaren aldeko murruan, arku itsu baten barruan, XIV. mendeko horma-pintura gotikoak ikus daitezke. Kontserbazio-maila txarra dute, eta honek oztopatzen du ikonografiaren identifikazioa. Gertu, XVI. mendeko batailatzeko pontea dago. Koruan XVIII. mendeko organoa dago, eta sakristian zilargintza lana ezberdinak.

  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara. Imaginería medieval mariana, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1988, 168-184 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.). Catálogo Monumental de Navarra, III tomoa, Merindad de Olite, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 276-288 orr.
  • JUSUÉ SIMONENA, C./ RAMÍREZ VAQUERO, E. Olite. Panorama bilduma 12. zbk. Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1989.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.). Navarra, guía y mapa, Lizarra: N.A.K. 1983, 358 orr.