Architecture

Palacio de Bendaña

Ver versión en euskera.




Kokapenari dagokionez, aipatu den bezala, Gasteizko Erdi Aroko alde zaharrean eraiki zuten eta alde guztietatik libre dago. Aurrealdea Aiztogile kalean dago, iparraldeko aurpegiak Santa Ana kantoiara ematen du, ekialdeko fatxadak pintore kaleari begiratzen dio, eta hegoaldeko atala da barneko patioa daukana.

Tipologiari dagokionez, eraikuntzak bi gorputz dauzka. Lehenengoak, Juan Lopez de Arrietak aginduta, oinplano karratua dauka, patioduna eta hiru solairukoa da. Ondorengoa, Pedro Lopez de Arrieta Escoriazak sustatuta, lehendabiziko jauregiaren hegomendealdeko partean altxatu zuten eta jatorrizko gorputzari itsatsita dago. Multzo honek, patioduna izateaz gain, dorretzar bat, oinplano zirkularrekoa dena, izkinean dauka eta, bestearekin konparatuta, eraikuntza txikiago bat da, altueran eta azaleran. Jakina da Pedro de Elosu harginak egin zuela dorretzar edo garitoi hau.

Berrikuntza eta berritze lan ugari izan ondoren, gaur egun fatxada nagusia eta barneko patioak dira atal esanguratsu eta deigarrienak.

Lehenengo gorputzaren fatxada nagusian, hareharriz eta harlanduzkoa dena, hiru solairu bereiz ditzakegu, eta, estiloaren aldetik, berpizkundeko lehen aldian, estilo xume, zorrotz eta neurridun batean, egin zuten. Beheko pisuan, eskuineko atalean sarbidea irekitzen da. Arku zorrotz batez hornituta, bi arkiboltak, bata zilindrikoa eta bestea geometriazkoa, osatzen dute txaranbeldura txiki bat. Arkuaren inguruan, frantziskotarren ordenako soka bat agertzen da eta, horretaz gain, beste errenazimenduko apaingarri batzuk agerian daude, adibidez, alfiz bat, sarbidea enkoadratzen duena, bolak, berpizkundeko ohiko osagai direnak, eta bi armarri. Eskuineko alboan hiru baogune agerian daude, arku konopial daukate eta, sarbidean gertatzen den bezala, bi arkibolta geometriazkoak dauzkate, berriro txaranbeldura txiki bat osatuz. Solairu nagusian, lau leiho irekitzen dira; baogune hauek dinteldunak izateaz gain, tamaina handiagokoak dira eta antzeko apaindura errepikatzen da, baina kasu honetan aberatsagoa da. Hirugarren pisuan, lau leiho txikiagoak eta xumeagoak irekitzen dira; baogune hauek konopial arkua daukate eta ez dago txaranbeldurarik. Pisu honen gainean harrizko erlaitz batek hartzen du eraikuntza osoa, lehenengoa eta atxikia dagoena.

Ondorengo gorputza, hau da, 1545. inguruan egin zutena, bi solairukoa da eta, aipatu den bezala, dorretzar eta patioa dauzka. Bi pisuak inposta baten bidez bereizten dira; bi leiho txiki irekitzen dira beheko solairu eta nagusian ere, baina balkoia eta armarria, goiko partean, azpimarratzeko elementuak dira.

Barruko partean patioa da atal deigarri eta ikusgarriena. Lehendabizi eraikitako multzoan Domingo de Oria harginak patioa egin zuen eta ondorengo patioarekin konparatuta garaiagoa da. Hiru solairutan antolatuta dago eta fuste lauezko zutabearen gainean arku beheratudun edo eskartzanoak oinarritzen dira. Hainbat platerezko estiloko apaingarriek osatzen dute patio hau, besteak beste, arkuetako moldurak, zutabeetako kapiteletan aipatutako bolak eta arrosak, Arrietaren eta Maezturen armarriak, eta kalostrazko barandak.

Eraikin modernoagoan dagoen patioa Pedro de Elosuari zor zaio eta, lehen esan den bezala, baxuagoa da eta bi solairu edo galeria ditu. Beheko solairuko arkuak zirkuluerdikoak dira eta zutabeek kapitel korintoarrak dituzte; goiko partekoak, berriz, beheratudunak dira eta kapiteletan korintoar, joniar eta doriar estiloak nahasten dira.

Domingo de Oria harginak, lehenengo patioa egiteaz gain, eskailera burutu zuen non ganga oktogonal batek, izarrezko itxura daukana, nabarmentzen da eta estaltzen du gunea. Horretaz gain, beheko solairuko sabaia bereizten da, kasetoiz apaindura izateagatik.

Sarreran esan den bezala bai kanpotik, bai barrutik, gotikoko eta errenazimenduko estiloko osagaiak eta apaindurak nahasten dira eraikuntza osoan. Gotikoaren ezaugarrien artean, arku zorrotzak eta konopialak, alfiz laukia, eta eskailerako ganga, azpimarratu behar dira. Berpizkundeko estiloan, arku zorrotzen eta arku konopialen ordez, arku erdizirkularrak eta beheratudunak erabiltzen dira; bestalde, errenazimendu profilezko zutabeak, kapitelak, bolak eta armarriak kontuan hartu behar dira.

Bendaña jauregiaren jatorrizko erabilpena etxebizitza izan arren, Hijos de Teodoro de Aguirre enpresak erakusteko eta biltzeko altzarien egoitza bezala erabili du eta gaur Gasteizko udalaren eskutan dago. 1994. urtetik Karten Fournier museoa da. Barrutik erabat eraberritua dago, eginkizun berriak betetzeko eta museoko instalazioak sortzeko.

Barruan, karten bilakaera erakusten da, sorrerako eredu lehendabizikoenetatik hasita, gaur egungo eredu berrienetara, guztira 250 karta-sorta ikusten da. Gainera, fabrikatzeko eta inprimatzeko prozesuak eta urratsak ere ikus daitezke. Arkeologia museo berriarekin, Patxi Mangado arkitektoak diseinatuta, gune berri bat, Bibat izenekoa, eratzen du.

  • ARECHAGA, Susana y VIVES, Francisca. Torres y fortificaciones en Álava. Vitoria-Gasteiz: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, 2004.
  • BEGOÑA, Ana. de: Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Vitoria: Diputación Foral de Alava, 1986.
  • PORTILLA, Micaela. Torres y casas fuertes en Álava. Vitoria: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, 1978.
  • ZORROZUA SANTIESTEBAN, Julen. Errenazimenduko Artea Araban. El arte del Renacimiento en Araba. Vitoria: Diputación Foral de Álava. Departamento de Cultura, 1999.
  • ZORROZUA SANTIESTEBAN, Julen. Arte Gotikoa Araban. El arte Gótico en Álava. Vitoria: Diputación Foral de Álava. Departamento de Cultura, 1999.