Architectes

Mozas Lérida, Javier

Arkitekto eta hirigilea. Soria, 1956.

Javier Mozas Lérida Madrilgo Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasi zuen eta arkitekto titulua eskuratzean, 1982an Gasteizen ireki zuen bulegoa. 2000. urtean Eduardo Aguirre San Martin arkitektoarekin elkartu egin zen eta bulegoak MOZAS+AGUIRRE izena hartu zuen. Bulegoak honako ziurtagiriak lortu ditu: Certificado de Calidad de la Organización ISO 9001, Certificado Gestión Ambiental de la Organización ISO 14001 eta Certificado Sistema Medioambiental UNE 150301.

Irakaskuntza munduan ere lan egiten du. Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle da Espazio Publiko irakasgaian.

Tecnología y Arquitectura aldizkariaren sortzailetako bat izan zen, Eusko Jaurlaritzako Arkitektura Zuzendaritzak argitaratzen duena.

Modu berean, A+T aldizkariaren zuzendaria da eta A+T ediciones aldizkariaren argitalpen sailburua. Honako liburuen koegilea ere bada: Gasteizko Arkitektura Gida; Densidad, nueva vivienda colectiva; DBook Density, Data, Diagrams, Dwellings; HoCo Density Housing Construction&Costs eta This is Hybrid An analysis of mixed-use buildings. Modu berean Rashomon, la triple verdad de la arquitectura liburuaren egilea da. A+T research group taldearen fundatzailea eta "Babelia" El Paíseko eranskinean kolaboratzailea. Artikuluak idatzi ditu atzerriko eta Espainiako aldizkarietan: A+t, Quaderns; Arquitectura Viva; Diseño Interior; Architécti; Werk; Bauen+Wohnen eta Bauwelt. Bere proiektuak Quaderns, El Croquis, Arquitectura Viva eta C3 Korea aldizkarietan argitaratu dira.

"Europan 10 España", "Premio FAD de Pensamiento y Critica 2011", "Arquía Próxima 2010" lehiaketetan epaimahaikide izan da. Konferentziak eman ditu hala nola honakoetan: Faculty of Architecture Belgradoko Unibertsitatean (Serbia); École Nationale d'Architecture Rabaten (Maroko) ; Etxebizitza Kolektiboen Masterrean Universidad Politécnica de Madriden eta "Babel Arkitektura Jardunaldietan" Donostian besteak beste.

Konkurtso ugaritan parte hartu eta bere lan asko aldizkaritan argitaratuak izan dira.

Haren proiektuen artean aipagarriena 2005-2007 urtean eraikitako Caja Vital Kutxa banketxerako eraikina da. Salburuako hezegunean, Gasteiz inguratzen duen parke periurbano batean kokatzen da. Arkitektoek naturaren sorreran biltzen diren orden eta kaosa laburtzen duen erreferentzia kontzeptual bat planteatu dute. Eraikinak, bere eskalaren bidez, inguruko paisai eta masa begetalak erreproduzitzen ditu. Hau honela, izaki bizidun baten kode genetikoa, kromosoma, eraikinaren planta eta fatxadara transplantatzea erabaki zuten.

Bolumen baxuko eraikina da, 15 metro baino gutxiagoko altuerarekin. Oinean kromosoma forma dauka, lau beso eta espazio zentral handi batekin, non harrera kokatzen den. Besoetako bat lur eremuan altxatzen da 26 metroko hegaldi baten antzera, izaki bizidun baten mugimendua islatuz. Altxaera da eraikinaren elementurik adierazgarriena. Hau ere forma organikoetan oinarrituta dago. Bertikaltasuna eta mugimendu sentsazioa lortu nahi dira. Hau lortzeko Salburuako hezegunean dauden makalek sortzen duten erritmoan eta hezeguneko putzuetako makiletan inspiratu ziren. Fatxada plano desberdinetan dauden bi geruzetan banatuta dago. Lehenengo geruza altzairu herdoilezin pulituzko egitura metaliko batek osatzen du.

Beste proiektu nagusi batzuk honakoak dira: 2001 urtean Azolgas eraikin industriala. 2002-2003 urte artean Gasteizko Bastiturri kaleko birmoldaketa.

2003-2005 urte artean El Pilar Gizarte Zentroa. Eraikina Gasteizko Konstituzioko plazan kokatzen da, Europa Gizarte Zentroaren parean. Liburutegi bat, ikasgelak, topaketa gunea, ludoteka, gazte kluba eta gimnasio bat bezalako zerbitzuak hartzen ditu bere barne. Eraikinaren azkeneko lau oinetan ikasleentzako erresidentzia bat kokatzen da.

Eraikin honen asmo nagusia etxe irla barruko patioari bizitza ematea da. Eraikinak jasotzen dituen erabilera anitzek sortzen duten fluxu desberdinen sorrera eta publiko eta pribatutasunaren arteko borrokari aurre egiteko, eraikina lau multzotan banatu da. Batetik eta sotoan, ibilgailuen aparkalekua kokatzen da. Kirol erabilerak eta kultur ekintzak kaleari ematen diote, erabilera ludiko eta hezigarria etxe irlaren patioan kokatzen da, eta azkeneko lau oinetan ikasle etxe bat kokatzen da. Aniztasun honek erabiltzaile desberdinen arteko bizikidetasuna sustatzen du. Kanpo itxurari dagokionez, kalerako fatxadak argi adierazten du barnealdeko antolamendua. Azkeneko lau oinetako ikasle erresidentziari adreiluzko tratamendua eman zaio, leiho erregularrekin. Lehen solairuetako gizarte zentroari ordea tratamendu desberdina eman zaio. Inguruko eraikinen horizontaltasunari aurre eginez, lerro bertikalak indartzen dituen leiho luze batzuk diseinatu dira.

2007-2009 urte artean etxebizitza kolektibo bi proiektu osatu zituzten. Lehena Ibaialde M5 partzelan eta bigarrena Mariturriko RC34 partzelan.

2010 urtean Abaltzisketako Zerbitzu Etxea eraiki zen, herriko frontoiaren alboan. Bi oinez osatuta dago. Lehena zona balioanitza, gimnasio eta auditorio txiki batez osatuta dago. Kanpoaldean ere zerbitzu publikoak prestatu dira, eta eraikinaren estalkian haurrentzako parke bat. Bigarren oinean enpresa lokal bat lekutzeko espazioa diseinatu da. Eraikina harri argiz egina dago, eta leiho handiak Aralarreko mendikaterantz orientatuta daude.

EHAEO-ren (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala) eskutik sari eta aipamen ugari jaso ditu." II Arkitektura Espainiarraren Bienalean" finalista izan zen.

  • MOZAS, Javier. "El Edificio Vital". AFL: Arquitectura en fachadas ligeras. 2008, 3 zenb., 42-55 orr.
  • MOZAS, Javier. "Un organismo vital: edificio Vital". Arketypo. 2007, 10 zenb., 52-65 orr.
  • MOZAS, Javier. "Centro Cívico El Pilar, residencia de estudiantes". Conarquitectura. 2006, 19 zenb., 53-62 orr.
  • mozasaguirre.com [web] Mozas y Aguirre arquitectos [Kontsulta data: 2012ko Irailak 25]