Concept

Lizartzako Ihauteriak

Ez dakigu dantza hauen jatorria baina badakigu 1874-1885 urte inguruan Lizartzan bazegoela Ihauterietan dantzatzen zen dantza sorta. Historian zehar dantza hauen inguruan talde ezberdinak osatu dira herri mailan. Ihauteri dantzak baldin badira ere, ihauteriak galdurik egon ziren bitartean bestelako festa giroan ere dantzatu izan dira. Dantzatu gabeko urteak ere izan dira tartean baina katea eten gabe mantentzea lortu da.



Lizartzako ihauteriek herri barruan bazuten bere garrantzia, baita ingurumarian ere. Urteak joan urteak etorri, "Lagun artea" dantza taldea maitekiro moldatzen saiatzen zen, eta Ihauterietan agerraldi nabarmena egitea lortzen zuten. Hemezortzi bat gazteek osatzen zuten talde hau gutxi gora behera: hamar dantzari, bi zaldidun, kontu emaileak, festa eratzaileak eta kamareroak.

Ostegun gizenez, herriko dantza ikaslekuan (herriko Alondegia) jai hau ospatzen zuten, txorixo eta ardoarekin. Larunbatez, berrogei errealeko txekorra hil eta, gelditzen zena, Ihauteri ondoren saldu egiten zuten.

Ihaute igandez, zaldunita jaia. Egun sentia baino lehen, dantzariek herriko gelan biltzen ziren, eta bakoitzak neska bat hartzen zuen lagun. Goizeko hamarrak alderako dantzariak irteteko prest zeuden. Taldeak, kapitaina eta sarjentua aurretik zirela, txistu soinuarekin, kalez kale paseo dantza egiten zuen. Hau zen goiz eresi edo diana.

Gosaldu ondoren (okela izan oi zen gehienbat), dantzariak meza nagusitara joaten ziren. Eliz barruan ez zuten dantzatzen. Apaizaren inguruan aldarean jartzen ziren.

Hamaiketan, dantza sail osoa dantzatzen zuten plazan: Paseo dantza, Lehenengoa (Primera), Bigarrena (Segunda), Seigarrena (Sexta), Ostiko dantza, Etxe dantza, Lau Ostiko, Azken paseoa, Makil dantza, eta Brokel dantza.

Kontzeju etxean egiten zuten otordu bilera, eta zaldunita eguneko jakiak, oilo zopa, garbantzuak eta haragia izaten ziren.

Arratsaldeko jaiak herriko enparantzan zuen bere agertoki jakina. Bertan biltzen ziren lizartzatar zein inguruko ikusle asko ere. Kontzeju etxetik plazara bitartekoa paseo dantzan egiten zuten eta han berriro dantzatu. Gero bi dantza soka izaten ziren. Lehenengoa kapitainak eta sarjentuak aterea, eta bigarrena taldeko bi aurre dantzariek. "Aimari Kanpaiak" edo "Abemarik" ematen zioten erromeriari amaiera.

Zaldunitan ikusitakoa berritzen zen ia osorik Astelenitaz eta Asteartitaz. Egun hauetan diana ondotik puska biltzea ospatzen zen. Astelenitaz bi zaldunak, dantzarien jantziekin baina mantoi gabe, orratzik eta eraztunik gabe, baserri urrutienetaraino joaten ziren. Dantzariek, txistulari, atabalero eta kamareroekin, beste etxeetako ateak jotzen zituzten. Atarian, kapitainak, dantza sailetik berak nahi zuena dantzatzen zuen.

Etxeetan dozena arrautz ematen zieten gutxienez. Eta txerria hil berria bazen, txorizoa eta solomoa ere bai. Kale etxetakoak dirua ematen zieten, kamareroak poltsero eta puska eramaileak zirelarik. Kalean egiten zen puska biltzeko karroza bat edo galera izenez ere ezaguna zen gurdi bat ateratzen zuten, eta bertan Ihauterietarako bereziko aukeratzen zuten alkatea ibiltzen zuten kalean zehar. Mutilek beraiek ibiltzen zuten galera edo karro hori, batzuek bultza, besteek tira. Zaldidun eta dantzarien eskeari erantzuten zieten etxe jauna edo seme zaharrena Asteartitako bazkarira gonbidatuak izaten ziren. Hori bai, gonbitea ez zen dohakoa izaten 5 pezeta ordaindu behar baitzuten Bazkari horretara ia herri osoa joaten zen.

Puska biltzea hamaiketarako bukatzen zuten eta, ondoren, jaiek zaldunitan bezela jarraitzen zuten.

Lizartzako Ihauterietan ez ziren mozorroak faltatzen. Hauek Astelenitaz eta Asteartitaz ateratzen ziren. Ezkonduak nahiz ezkongabeak izan zitezkeen eta puska biltzea ere egiten zuten, baina Ihauteri giroan erabat trakets eta ustekabekoan.

1913. urtean Ihauteriak gelditu egin ziren eta 1928. urtean berriz ere hasi.

Ondoren zoritxarreko gerra piztu zen. Eta hogeitabat urte geldirik egon ondoren, ihauteri dantzak berreskuratzea erabaki zen. Nahiz eta zahartxoagoan izan, ez zen zalantza izpirik izan dantza bakoitzak zer pauso eta bueltak zituen jakiteko.

Herriko Hotele tabernan gertatu zen dena. Bertan biltzen ziren herritar asko (Jose Inazio Urdanpilleta apaiza eta dantzari izandako Iñaxio Bengoetxea tabernako nagusia bere artean). Bertan ere aipatu zen Ihauteri dantzen kontua eta, elkar animaturik, Ihauteriak berreskuratzea erabaki zuten.

Horrela 1955.ko San Isidro egunean, maiatzak 15, guraso talde horrek (Antonio Garmendia, Joxe Etxeberria, Luix Mendigain, Jose Inazio eta Migel Zubeldia edo Inazio Bengoetxea, besteak beste) lehengo taldea sortu zuen. Ordurarte ahoz aho transmititutako doinuak idatzi egin ziren. Mikel Zuazabeitia Koajutorea burutu zuen lan hau, Migel Zubeldia (abestu) eta Eugenio Arozenaren (txistua jo) laguntzarekin.

Urte horretan bertan, lehendabiziko talde horri beste pertsona batzuk gehitu zitzaizkion, 16 laguneko taldea osatuz. Horiek izan ziren ekainaren 21ean, Luistar festa ospatzeko elkartu zirenak.

Ordutik aurrera, noizean behin, tarteka dantza hauek egiten zituzten talde desberdinek, festetan esaterako. 1980an 1955eko talde gazte hari, berriz ere dantzak berritzeko gogoa piztu zitzaion, eta herriko festetan dantza haiek dantzatu zituen. 

Hortik aurrera Iñaki Zubeldiak gorde, zaindu eta erakutsi dizkie dantzak herriko hainbat eta hainbat taldeei. Bera izan da Lizartzako kultur agerraldi nagusi hau bizirik mantendu duena, eta 1994. urtean berriro Ihauteria osorik berreskuratzea bultzatu zuena.

1993ko irailean, gero Otsolar dantza taldea sortuko zuen taldeak, Ihauteri dantzak dantzatu zituen herriko jaietan (irailak 8), Lizartzako Ihauteriak berriro berreskuratzeko irrikia sortuz. Beraz, Iñaki Zubeldiaren laguntzaz, aspaldiko ohituren berraztertze eta egungo egunetara birmoldatzeari ekin zioten. Berreskuratze osoa ez zen posible izan, iharduera soziala eta ekonomikoa ere desberdinak zirelako. Lehen 4-5egun jarraian izaten ziren, orain bi aste bukaera izaten dira: lehena girotze eta prestaketa egunak, eta bigarrena, Ihauteria bete betean ospatzekoa. Ohiturak eta ekitaldiak osorik mantendu nahi izan dira: txekor hiltzea, puska biltzea, dantzak aurkeztea, mozorro edo "txantxoen" parte hartzea puska biltzean, otorduak,... gainera kaleko jendeak mozorro eta gurdiekin parte hartzea erantsiz.

Jaiak arrakasta osoa izan zuen herrian. Herriko musikariek abesti eta doinu ugari sortzen joan dira, Kaxiano eta Manolo Ibarguren, Jesús Mari Esnaola, Euxebio Etxeberria, Iñaki Azpirotz...etb. CD bat ere argitaratu zen 2003an" Lizartzako Ihauteri doiñuak" izenarekin.

Garizuma aurreko 2. eta 3. astebukaeratan ospatzen dira ihauteriak, hau da, ohiturazko Ihauteri astebukaera baino aurreko astebukaeratan. Hirugarrena girotze eta prestaketarako da. Bigarren asteburuko larunbat goizeko 7etan hasten dira dantzari eta mozorroak musikariekin baserriz baserri puska biltzen. Eguerdirako kalera jaisten dira eta kaleko mozorro eta gurdiekin egun osorako festari ekiten zaio.

Igande goizean ohiturari jarraituz, txistulari, dantzari eta Ihauterietarako bereziki izendatutako udal ordezkariak elizarako bidea hartzen dute. Hamaiketakoaren ondoren kaleko puska biltzeari ekiten diote denek eta jarraian Ihauteri dantzak dantzatzen dituzte herriko plaza nagusian.

Txekorra jateko ohitura herri guztiari zabaltzen zaio eta 300-400 pertsona elkartzen ditu otorduak.

Amaiera, herritarrak bereizten dituen goitizena "ijitoa" erre eta Paseoa dantza dantzatuz ematen zaio.

Lizartzako Ihauteri dantzak egiteko oinarrizko dantzari taldea 12koa da, bi lerrotan kokaturiko sei bikotek osatuta. Dantzari taldea egitura militar batean oinarritzen da. Horrela, taldeko lehen bikotea kapitain eta sarjentu izenez ezagutzen dira. Taldearen eskuin aldean kapitaina kokatzen da eta ezkerraldean sarjentua. Ondoren lau bikote hilaran jartzen dira, eta azken bikoteko dantzariei espensero deitzen zaie. Hauen lana, taldea ihauterietan baserriz baserri puska biltzen ateratzen denean, puska jaso eta zaintzea da. Espenseroen ardura ere ihauteri dantzak edo brokel dantza dantzatzean makilak, palak edo brokelak banatzea da.

Oinarrizko 12 dantzariez osatutako talde hau handitu daiteke, baina, betiere, taldeari bi bikote gehituz.

Lizartzako Ihauteri dantzak zortzi dantzaz osatutako dantza sorta da: Paseoa, lehenengoa edo "primera", bigarrena edo "segunda", seigarrena edo "sesta", ostiko dantza, etxe dantza, lau ostiko, azken paseoa, makil dantza eta pala edo "brokel" dantza.

Dantza sortako dantza guztiak txistuz jotako dei batekin hasten dira.

Paseoa. talde osoak batera egiten duen dantza da, bikote guztiak elkarri begira eta txistu doinuaren arabera esku nahiz hankak gurutzatuz, belaun atzetik ostikoak emanez.

Lehena edo "primera. Sarjentua taldetik metro pare bat aldenduaz alboan jartzen da bere makil edo ezpata luzea eskuetan duela. Espenseroak ere taldetik zertxobait aldentzen dira, taldeak dantza egiteko lekua izan dezan. Sarjentuak eta espenseroek ez dute beste dantzarik egiten.

Lehenik kapitainak bakarrik dantzatzen du lehenengoa edo primera, taldeari nola egin erakutsi edo agindua emango balio bezala, dantzarien aurrean bi lerroen erdian kokaturik. Ondoren taldeak egiten du dantza bera errepikatuaz. Dantza taldeak dantza egiten duen bitartean, kapitaina sarjentuaren parean kokatzen da taldetik metro pare bat aldenduta.

Bigarrena edo "segunda". Kapitainak, aurrekoan bezala eta gainerako dantzetan egingo duen moduan, taldearen erdian, aurreko aldean kokatzen da eta berak bakarrik dantzatuko du bigarrena edo "segunda" dantza. Hanka mugimendu arinak eta ipurdia astinduz txapelarekin jendeari agurra eginez dantzatzen du. Kapitainak amaitu ondoren taldeak dantzatuko du.

Seigarrena edo "sesta". Beti bezala, lehenik kapitainak eta ondoren taldeak. Dantzariak, txistu soinuak horrela eskatzen duenean, belauna altxa eta belaun azpian txalo egin ondoren lekuz aldatzen dira. Dantzan zehar gurutze baten irudia osatu eta hasierako lekura itzultzen dira.

Ostiko dantza. Gainerako dantzen modura lehenik kapitainak eta gero taldeak egiten dute dantza hau. Talde militar batek martxa egin duenean pauso indartsuz martxa markatzen duen moduan dantza honek markatzen ditu lehen pausuak. Ondoren, txapela albo batera zein bestera mugitzen da jendeari agur egin nahian.

Etxe dantza. Lehenik kapitainak gero taldeak egiten dute dantza hau. Eskuinera hasi eta ezkerrera gero errepikatzen diren pausoak dira. Txapelaz agur eginez amaitzen da dantza hau.

Lau ostiko. Kapitainak bakarrik egiten du dantza hau. Eskuineko hanka poliki poliki altxatzen joaten da, musikaren doinuarekin batera ostiko txikiak ematen ariko balitz bezala. Ondoren ezkerreko hankarekin mugimendi bera errepikatzen du. Dantza jendeari lau albotara txapelaz agur eginez amaitzen da, burua makurtuaz txapela bera ere eskuetan duela.

Azken paseoa. Dantza hau ere kapitainak bakarrik egiten du. Musika doinuarekin batera kapitainak buelta eman eta atzeko aldera joaten da dantzan. Dantzari bakoitza agurtzen du, eskuak eta hankak gurutzatuz eta belauna atzean beste hankarekin ostiko bat emanez. Kapitaina taldearen atzeko aldera iristean buelta eman eta berriro taldearen burura itzuliko da jendeari agur egiteko eta dantza amaitzeko.

Makil dantza. Espenseroak lau bikotez osatutako taldeari makilak banatuko dizkio (dantzari bakoitzari bi makil). Taldea elkarri begira jarriko da eta txistu soinu biziz pareko bikoteari nahiz alboetakoari begiratuz makilak elkarren kontra astinduko dituzte, guzti hau buelta arinak emanez. Bikoteak lekuz aldatzen joaten dira, aurrekoak atzera eta atzekoak aurrera. Dantzari bakoitzak hasierako lekua hartzen duenean dantzari amaiera ematen zaio.

Pala edo "brokel" dantza. Espenseroak lehenik makil bat bildu eta ondoren pala edo "brokela" banatuko dio dantzari bakoitzari. Makil dantzaren modura, txistu soinuarekin batera makilak zein brokelak elkarren kontra joko dituzte, dantzariak lekuz aldatzen diren bitartean. Makil dantzaren modura, aurrreko bikoteak atzeko alderainoko bidea egin beharko du baina, oraingo honetan, joan etorria bi aldiz eginez.

Bukatzeko espenseroek makilak eta palak edo "brokelak" jasoko dituzte. Ondoren, musikaren doinuaz lagunduta eta militarren pausoa markatuz, talde guztia (kapitaina, sarjentua, dantzariak eta espenseroak) plazatik joango dira.

Taldeak daraman janzkera honako hau da, galtza zein alkandora zuriak, alpargata zuriak zinta gorriz apaindurik, eta zinta gorri hauek hanka gainean erronbo formak eginez gurutzatuak. Kapitaina eta sarjentuak hanka gainean artilezko bolatxoa edo ponpoia kolore desberdinez egina. Txapela eta gerriko gorriak, azken honen bi muturrak izterraren albo batean zintzilik direla. Bi mutur hauen alboan bi zapi, kolore bizikoak, gerriko gorritik buelta emanda eta dantzari bakoitzak kolore desberdinetako zapiak.

Alkandorako paparraren gainean bitxiak daramatzate zintzilikaturik (kateak nahiz brotxeak). Lepotik bueltan hiru puntako zapi handi bat, kolore bizikoa eta marrazki loredunaz apaindua. Zapiaren bi muturrak paparrean eraztun batez biltzen dira. Besoetan korapiloa eginda zinta gorri bana alboetara. Kapitainak eta sarjentuak txaketa bat daramate, motza, gerri parera iristen dena, bakoitzak kolore desberdinekoa, kapitainak gorria eta sarjentuak beltza. Kapitainaren txaketaren beso muturrean sei/zortzi puntako urre-koloreko izarra agertzen da. Kapitainak eta sarjentuak txaketa gainetik hiru puntako zapia daramate.

Kapitainaren makila edo ezpata. Egurrezkoa eta muturrean altzairuzko punta bat duena (erronbo itxurakoa). Guztira makilak edo ezpatak 70 zentimetro neurtzen ditu eta kapitainak beti eskuetan eramaten du. Ezpata honek muturrean, altzairuzko punta eta egurra elkartzen diren lekuan, kolore desberdinetako zintak zintzilik dauzka.

Sarjentuaren makila edo ezpata. Egurrezkoa da eta muturrean altzairuzko hiru puntako pieza dauka. Metro bat eta hirurogeita hamabost zentimetroko luzera du ezpatak. Honek ere, kapitainaren ezpatak bezala, egurra eta altzairuzko pieza elkartzen diren lekuan kolore desberdinetako zintak ditu. Sarjentuaren makila kapitainarena baino lodiagoa da.

Dantzarien makila: 54 zentimetroko luzera.

Dantzarien pala edo brokela: 18 zentimetroko diametroa.

  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. Donostia. Argitalpen eta Publikapenen Gipuzkoar Erakundea, 1973.