Architecture

Hondarribiko harresia

Erdi Aroan hiria inguratzen zuen harresiaren gerakina da, kare-harriz egindako horma. Hondarribiak daukan kokapen estrategikoarengatik Erdi Aroan hasi zuten eraikitzen 1200 urte inguruan, lehenik Nafarroako erregeek eta ondoren Gaztelakoek.

Hasiera batean gaztelu baten inguruko gotorleku txikia izan zitekeena, denboraren poderioz zabaldu egin zen eta tipologia aldatuz joan zen gerrarako arteen aurrerapen berrien baitan.

Errenazimenduan osatu zen kontserbatzen den egitura, harresi sendo, gotorleku, hobi eta zubi altxagarriekin.

Hondarribia 28 metroko garaiera duen muino batean kokatzen da. Bidasoa ibaian barrentzen da ekialde-mendebalde norabidean eta, mendeetan zehar, itsasgora zenean, ura muinoaren oinetara eta herria inguratzen zuten harresietara iristen zen. Hiriaren hiru laurdenak urez inguraturik geratzen ziren. Mendebaldea zen muinoa inguruko lurrekin lotzen zuen puntu bakarra. Alde hau babesteko arreta handia ipini behar izan zen, eta defentsa baliabideek garapen zabalagoa izan zuten alde honetan.

Hondarribi gotorlekuen historiak Erdi Aroko harresietatik Errenazimenduko gotorleku bihurtu arteko iragaitea islatzen du. Herriaren hazkuntza alde zaharraren kanpoko aldean egin delako harresiak bere horretan mantendu dira.

  • Erdi Aroko harresia

1203ko apirilaren 18anAlfontso VIII.a Gaztelakoak Donostiako forua eman zion Hondarribiari. Honen ondorioz biztanleriak gorakada nabarmena izan eta hiritarrek murru bat eraiki zuten bizileku berri hau mugatu eta defendatzeko.

Erdi Aroko harresia lau angeluduna izango zela uste da. Bi ate nagusi zituen. Lehorrekoa, San Nikolas, Hondarribia eta Irun lotuko zituena; eta Santa Maria, portu aldera ematen zuena. Bigarren mailako bat ere bazegoen, Magdalenakoa.

  • 1476ko Setioa

Fernando eta Isabel errege-erreginek boterea hartu zutenean Gaztelako kanpo politika errotik aldatu zen, Frantzia etsai bihurtu zelarik. 1476ean frantsesekin izandako aurreneko gerra gertatu zen eta hemendik aurrera, inbasioak eta erasoak etengabekoak izango ziren.

Hondarribia gatazkaren lehen lerroan kokatu zen eta alerta egoeran bizi ziren beti. Setioan erabilitako arma eta eraso bitartekoek gerra molde berriak urratzen ari zirela agerian utzi zuten. Erdi Aroko harresi zaharrak ez zuen garai bateko babesa eskaintzen eta garai berrietara moldatzea beharrezkoa zen.

Data hau mugarri bat izan da Hondarribiko gotorlekuaren historian.

  • Trantsizioko harresiak

Lehen Fasea: 1480. urtean Erdi Aroko harresitik desberdintzen zen beste hesi bat eraikitzen hasia zela jakin da. Lubaki eta guzti zituen eta Erdi Arokoa baina aurrerago eraiki zen. Harlanduz egina zegoen, ez zen oso lodia eta zenbait dorrez (kubo biribilak) hornituta zegoen. Hormek irekiune txikiak zituzten, su armez tiro egiteko bertatik.

Hasierako asmoa hesia hiribilduaren perimetro osoan eraikitzea zen baina toki arriskutsuenetan besterik ez zela eraiki uste da. Mendebaldeko frontean eta hegoaldean. San Nikolas eta Santa Maria ateak zabalduko ziren izen bereko Erdi Aroko ateen parean.

Aurrerago defendatzaileen artilleria pezak erabili ahal izateko plataformak egin ziren, bertatik eraso egiteko; Diego Lopez, San Nicolas eta La Reina izena eman zitzaien. Oin biribileko dorre handiak ziren, hesian eraikiak. La Reina bastioia hegoaldeko eta mendebaldeko harresien elkargunean zegoen, San Nikolas kuboa hesiari itsatsita egongo zen.

1521. urtean frantses gudaroste batek Hondarribia okupatu zuen. 1524. urtean Hondarribiarrek berreskuratu zuten eta lan berriak hasi ziren. 30 urteren buruan erabateko aldaketak egingo ziren, bereziki hegoaldeko eta mendebaldeko fronteetan.

Bigarren Fasea: Lehenengo hobekuntzak protobastioien faseari dagozkie: Leivako kuboa (geroago Magdalenarena deitua) eraiki zen gotorlekuko ipar mendebaldeko kantoian, Kubo Inperiala (geroago Santa Maria deitua) izen bereko atearen mendebaldean, eta mendebaldeko fronteko horma atal bat.

Hormak barneko aldetik landu gabeko kare harrizko murru bat ziren, zenbait metro lodi eta kanpoko aldetik harearrizko harlanduz estalita zeuden; murru horren eta barruko euste horma meheagoaren artean zenbait metrotako tarte bat zegoen eta lurrez estali egiten zen.

Berrikuntza hauek onurak ekarri bazituzten ere, harresiek oraindik gabezia nabarmenak zituzten, eta hauek ez ziren zuzen bastioi poligonal klasikoa asmatu zen arte estali.

  • Harresi bastioidunak

1530eko uztaila eta 1545ko abuztu bitartean, artilleria gero eta indartsuago bati aurre egiteko harresi bastioidunen eraikuntza egin zen. San Nikolas eta La Reina bastioiak izan ziren altxa ziren lehenak. Bastioiek gezi punta itxurako oin planoa eta atzera emandako hegalak zituzten. Artilleria-plataforma gisa eraiki zituzten eta defendatzaileen su armen irismenaren eta tiro lineen arabera kokatu zituzten.

Aldi berean mendebalde eta hegoaldeko fronteak berreraiki ziren, ezpondatutako horma lodiagoz orduan zegoen hesiaren inguruan. San Nikolas eta La Reina bastioiak eginik eta horien lubakiak ere zulaturik, mendebaldeko eta hegoaldeko fronteak eraberrituta geratu ziren; harez gero gotorlekuak babeserako gaitasun onargarria zuela esan zitekeen.

  • Geroko Hobekuntzak, XVI. Mendearen Erdialdea - XIX. Mendea

Gotorlekuak, zahartu egin ziren. Gerragintzan egindako aurrerapenen ondorioz, gero eta nabarmenagoak ziren akatsak.

XVI. mendeko bigarren erdialdean gotorleku-defendatzaileen artilleria suaren ahalmena hobetzeko lanak egin ziren. Honetarako Karlos V.a gaztelua eraberritu zen, eraikina artilleria-plataforma bihurtuz. Garai hartan ere hiribilduko gotorlekuko ekialdeko fatxada, zaharkituta zegoena, berritu egin zen eta hego-ekialdeko angeluan bastioi berri bat diseinatu zuten. San Felipe bastioia deitu zioten.

XVII. eta XVIII. mendeetan Hondarribiari ez zitzaion jaramonik egin, hiru aldiz frantsesen erasoa jasan zuen arren.1638an hiriak 70 eguneko setioari eutsi zion tropa frantsesen aurrean. Magdalena kuboa eta San Nikolas eta La Reina bastioia atera ziren kaltetuak batez ere. Hau eta gero San Nikolas bastioiaren aurpegien aurrean bi ilargi eraikitzea proposatu zuten.

Denborak higaturiko gotorleku horiekin, 1719an frantsesek gotorlekua setiatu eta menpe hartu zuten 1721a arte. Ilargi erdiak lehertu zituzten, mendebaldeko frentea inolako babesik gabe utziz.

  • Gotorlekua abandonatzea

Gotorlekuak eginkizun militarra galdu zuenean, gerraren arlo horretatik udalaren eskuetara nola pasatu zen ez dago oso garbi. Hondarribiak ofizialki gotorleku izateari utzi zion data ez da ezagutzen, baina 1843rako izaera hori galduta zuela dirudi.

Eraisketak 1846rako hasiak ziren, eta espoliazioa mende osoan zehar luzatu zen; azkenik, Monumentuen Probintzia Batzordeak eskatuta, 1921ean hiriko harresiak, ateak eta gaztelua Monumentu arkitektoniko eta artistiko izendatu zituen.

Erreginaren Gotorlekua birgaitzeko lanak, 2006 urtean hasi eta 2007 urtean amaitu ziren; lan hauen bidez gotorlekuko elementu guztiak berreskuratu ziren, jatorrizko egitura errespetatuz. Bisitatzeko aukera badago. 2011n mendebaldeko horma atalekoak amaitu ziren.

Garrantzi handiko harresiak dira gotorlekuen historian. Erdi Aroko harresi eta XVI mendeko harresi bastioidunen trantsizioaren isla dira. Gipuzkoan garrantzitsuenetarikoak eta hoberen kontserbatutakoak.

  • ALTUNA, Jesus [et al.]. Hondarribiko historia. Hondarribia: Hondarribiko udala, 2004.
  • ARRIETA VALVERDE, Antton. Gipuzkoako gazteluak. Donostia: Hiria, 2009.
  • DE ARAMBURU, Javier; SAGARZAZU, Javier. Paseos por la ciudad de Hondarribia. Hondarribia: Hondarribiko udala, 2006.
  • PORTU IRIBARREN, Florentino. Hondarribia: notas históricas y curiosidades. Hondarribia: Hondarribiko udala, 1989.
  • FERNANDEZ ANTUÑA, César M. Hondarribiako Harresiak: Erdi Aroko itxituratik esparru gotortura. Hondarribia: Hondarribiko Udala, 2002.