Littéraires

Gasteizko Hondartzak (1997). Xabier Montoia

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Gasteizko hondartzak izeneko lana da Xabier Montoia idazle eta kantariak (Gasteiz, 1955) argitaratu zuen bigarren ipuin-bilduma da. 80ko hamarkadan olerki liburuengatik nabarmendu bazen, 90eko hamarkadan hasita Montoiak adoretsu ekin zion narratiba lantzeari. Denbora laburrean narratibaren arloan lan zabal baten jabe egin da eta bere kronika, ipuin eta eleberriak ezagun bihurtu dira. Lan horiek arrakastaren bidetik eraman dute idazlea, liburuen bidez ez bada, publikoarekin eta komunikabideekin harreman txikia duen idazle gasteiztarra. Gasteizko hondartzak ipuin-bildumak 1998ko Euskadi Sariaren zabalpen saria jaso zuen.

Aurreko ipuinetan (Emakume biboteduna, 1992) errealismo zikinera hurbildu bazen, Gasteizko Hondartzak liburuan errealismo objektiboagoa hasi zen jorratzen. Errealismoaren beste ikuspegi bat jorratzeaz gain, Montoiak batasun handia eman zion lanari. Horrela bada, istorioez osotuta egonagatik, lanak eleberri baten batasuna lortzen du. Gasteizko hondartzak istorio laburren zikloa (Short story cycle) delako lan moldea da, non ugariak diren istorioen arteko batasun elementuak. Egitura horrek generoen arteko hibridazioa dakar, hautsi egiten ditu generoak bereizten dituzten muga zurrunak. Ez da, gainera, Montoiak liburu honetan egiten duen hibridazio bakarra.

Zikloa aipatu da, eta zikloa da, hain zuzen, lan honen ideia nagusietako bat. Denboraren zikloa, ingurua eta bizipenen haria nahastu egiten dira lan honetan. Izan ere, Montoiak historia egiten du, Gasteiz hiriaren historia, denbora tarte jakin batean, baina Gasteizko hondartzak ez da edozein historia liburu, hizki larriz idazten den historia da, milaka historia txikiz osotuta dago. Hiriaren historia, edozein hirirena, bere biztanleena, bertan urteetan bizi izan direnen bizipenen metaketa. Gasteizko hondartzak liburuan metatzen dira gerra zibiletik gaur arte hiria aldatzen ikusi izan dutenen historia, beren bizipenen historia txikia. Bilakaera baten isla da liburua, Gasteiz abade eta militarren hiria izan zenetik hona, baina beti zer edo zer aldagaitz gordetzen duena. Eta aldagaitz den hori, iraunkorra dena, denboraren igaroak ezabatzen ez duena, bihurtzen da liburu honen mezu.

Hogeita bi istoriotan zehar idazten du Montoiak Gasteizko biztanleen historia, edozein hiritakoak izan zitezkeen biztanleena, liburu honetako pertsonaien maitasun, beldur, gorroto, zalantza eta itxaropenak antzekoak baitira munduko txoko guztietan. Hogeita bi istorio horietatik lehenengoa, "Ikatza bezain beltz", eta azkena, "Bizi hori galtzeko beldurrez" izenburukoak liburuaren gako dira. Lehenak zikloa hasten du, denbora une jakin batean, eta azkenak ixten du, hirurogeita hamar urte geroago. Istorio bi horiek gainontzekoak markoztatzen dituzte. Bietan dugu protagonista bera: Martzelo. Pertsonaia horrek oroimen jokoa abian ipintzen du, ezinbesteko oroimen mekanismoa liburuaren mezu nagusia ulertzeko: denboraren igaroak zer aldatzen duen eta zer ez uler dezagun. "Ikatza bezain beltz" istorioan Martzelo gerra zibilaren zurrunbiloaren inguruan dabil, 1937an, hasiera-hasieratik frankisten esku geratu den Gasteizen. Baina ez gerrak, ez eta gerrak ekarritako gertaera ezagunek, ez dute betetzen gai nagusia. Martzelok zurrunbilo historiko honetan maitasuna eta sexua ezagutuko ditu, berarentzat inportanteenak diren gauzetako bi, eta gainera, Gernika bonbardatu zuen alemaniar pilotu baten eskutik. Martzeloren maitasun homosexuala larregi izan zitekeen faxisten esku geratu den hiri baterako, gerra baino lehen ere militarrak eta abadeak baino ez zeuden probintziako hiriburu txiki baterako, industriarik gabe nekazaritzaz eta merkataritzaz bizi zen Gasteiz atzerakoirako; azken batean, giro itogarria eta etsikorra pertsonaiaren askatasun eta itxaropenak garatzeko. Testuinguru horretan abiatzen da Montoiaren liburua, gerra garaian, Gasteizko biztanleen bizipenak are krudelago bihurtu dituen gerran. Martzelo bera izango dugu protagonista azken istorioan, "Bizi hori galtzeko beldurrez" kontakizunean. Martzelo, gerra ostean alde eginda, hirurogeita hamar urteren buruan itzultzen da Gasteizera, Ithacatik, zahartzaroaren ajeek norakorik gabe erasaten diotenean. Azalez aldatu den hirira itzuli da, kalez eta autoz bete den eta Euskadiko hiriburu bihurtu den Gasteiz postmodernora. Martzeloren begiak hiriak izan duen aldaketaz jabetzen dira, bertan bizitzen geratu izan direnak baino hobeto ohartzen da. Martzelo lotura da iraganeko hiria eta oraingo hiriaren artean, aldaketaren bilakaera zuzenean bizi izan ez baina une biak lotzeko gai dena, denbora luzearen ostean kanpotik datorrenaren ikusmira pribilegiatua daukana. Baina azaleko aldaketen azpian betiko gauzek diraute. Apur bat arakatuz gero hor azaltzen da betiko Gasteiz hura, abade eta militarren hiritxoa, Dato kalean gora eta behera igandeetan ibiltzen zen burgesia probintzianoa. Hor dago Jaurlaritzaren burokrazia zaharberria, El Correo egunkariaren orrialdetan oraindik antzeman daitekeen lehengo El pensamiento alaves betierekoa eta eskumatarra... Baina benetan dirautenak dira gogoan inkatuta eramandako bizipenak, bizitzan metatuz doazen bizipen gozo eta garratzak. Pertsonak aienatu bitartean hor daude tinko, eta haiek dira sasoiaren eta lekuaren ikuspegia aldarazten dutenak, bestelakotzen dutenak, objektibotasun oro ukatzen dietenak; Martzeloren kasuan bezala, edergarriz beteriko hiri berrian betiko infernua ikustera bultzatzen dutenak.

Martzeloren lehenengo istorioko grina zapuztuak, horrelakoxea izango baita, bidea ematen die hurrengo istorioei, hiriaren eskenatokira azaltzen den jendearen bizipenei eta gertaera historikoei, baina guzti-guztietan bizipenak, eta ez gertaera handiak, dira elementu nagusia. Pertsonaien artean kate luzea egiten da, batean agertu eta hurrengo istorioetan aienatzen dira, edo oroituak izaten dira denbora luzea igarota. Horrela, pertsonen bizitzen istorioak osotzen dira, denboraren bilakaeran ikusten ditugu, eta ikusmira diferenteetatik ematen dizkigu egileak. Denboran zehar, hiria aldatu ahala, pertsonaiok elkarri pasatzen diote lekukoa. Modu horretan batasun handia lortzen du Montoiak. Beharbada, liburuan zehar dirauten lotura horiek direla eta, zenbaitetan ipuinak ez dira hain borobilak, banaka, ipuin bakoitzean sartzea gehiago kostatzen da, idazlea ahalegintzen den arren, amaieretan esaterako, harridura modu bikainean lortzen. Gerran hasita, pertsonaiek gerra osteko luze eta krudela biziko dute, industrializazioa eta langileen lehenengo auzoak ikusiko dituzte, zentsura garaia, hyppien sasoia, gizakia ilargira joan zenekoa, Francoren aurkako erresistentzia, lehenengo huelgak, askatasuna, rock and rola, lehenengo euskalduntasunaren aztarnak, heroina, IHESA eta diseinu-drogak. Gasteizko leku ezagunetatik mugituko dira pertsonaiak, beti hiriaren historia xumeen lekuko, lehengo El Prado, La Florida eta Dato kaletik oraingo dantzalekuen giro undergroundetaraino. Baina, oroz gainetik, pertsonaion bizipena dago, denbora laburrean irauten duten itxaropenak, eta luzerako diren bizitzaren laztasunak. Horretan nabarmentzekoa da Montoiak ipuinoi, hunkigarriak bezain jasangaitzak diren ipuinoi, ematen dien tonu ezkorra. Montoia errealismo objektiboagoa egiten ahalegintzen den arren, ez du ezkutatzen hiriaren eta bizitzaren gaineko iritzia: ugari dira pertsonaia galtzaileak, asmoak eta grinak zapuztu zaizkienak, bakardadea eta era guztietako derrotak bizi dituztenak.

Pertsonaien eta historien puzzle honek bilgune sinbolikoa dauka Gasteizko hondartzetan. Harea bako hondartzok batzen dute Gasteizko jendea sinbolikoki, aniztasuna, funtsean bizipen antzekoak dituen baina desberdina den jendearen agerleku. Hondartzok geruzak baino ez dira, jende, bizipen eta egoeren geruzak, denboraren hondarretan bata bestearen gainean metatzen direnak. Errealitatean, Gamarrako hondartzak, Zadorraren ertzekoak, gasteiztarren biltoki dira udetan, eta sasoi baten aldaketaren ikur izan ziren industrializazioaren aroa etorrita Gasteiz betibera hura atzean geratzen hasi zen garaikoak.

Azken batean, Xabier Montoiak euren artean lotura etengabea duten geruzetan ehundu zuen Gasteizko Hondartzak liburua, edonongoak izan zitezkeen pertsonen sentimendu eta pertsonen jostura zabala. Lehen aldia zen euskal literaturan liburu bakarrean Euskal Herriko hiri baten geografia eta barne historia horren modu ageriko, sotil eta zabalean agertzen zirena.

  • MONTOIA, Xabier. Gasteizko hondartzak. Donostia: Susa, 1997.
  • CANO, Harkaitz. "Gasteizko hondartzak". Jakin 101. 1997-VII/VIII. 114-115 orr.
  • FERNANDEZ, Jose Jabier. "Guztion hondartzak". Egunkaria. 1997-VI-21.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, X. "Kontu kontari". Jakin 103. 1997-XI/XII. 60. orr.
  • ROJO, Javier. "Hiri itxia". El Correo Español (Territorios). 1997-VII-17.