Écoles basques

Garcés de los Fayos Ikastola

Tafalla

Gerra Zibilaren aitzinean Tafallan ikastola sortzeko ahaleginak egin baziren ere ez ziren gauzatu. Iritsi beharko da XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara lehen mugimenduen aztarnak ikusi ahal izateko. Victorio Luzuriaga fabrikako langile talde batek, Gipuzkoatik etorria zenak, Tafallako herritar batzuekin elkartuta, ikastola sortzeko proiektua aurrera eramatea proposatu zuen. Hauxe garatu eta 1969 urtean, Tomas Arrarasen bitartekaritzaz, Principe de Vianako Euskararen Aldeko Sailako Jorge Cortesekin harremanetan jarri ziren. Ikastolaren izenean German Kabarbaienek aurkeztu zuen eskaera eta Euskararen Aldeko Sailak onartu zuen proiektua. Urte horren irailean bertan S. Cosme y S. Rafael babes etxeko gela bat hartu zuten. Urriaren 20an, bere ibilbidea hasi zuen ikastolak, zortzi haur zituelarik eta andereño batekin, Gartzaingo Nekane Zelaieta. Irakasle hau egona zen andereño Iruñean, Uxue izeneko ikastolan eta bertan zatiketa gertatu ondoren Tafallara joan zen J. Cortesen eskutik. Beste ikastoletako andereñoekin gertatzen zen legez, Euskararen Aldeko Sailak, gutxi bazen ere, ordainduko zuen andereño hau. Garcés de los Fayos izena jarri zitzaion, abizen bereko emakume tafallar batek sorturiko patronatuaren diru kopuru bat jaso baitzuen ikastolak.

Tafallako ikastolak umeei ez ezik helduei ere, ordutegitik at, euskara eskolak ematen zizkien eta laster, mojek bi urtetarako dohain utzitako egoitza txikia gelditu eta arazoak eduki zituzten leku egokia aurkitzeko. Hasiera horretan garrantzitsua ez zen bakarrik euskara, hezkuntza ereduak ere pisu handia izan zuen. Jada ez zen onartzen orduan arte eskoletan zegoen konfesionaltasuna eta autoritarismo eredua, ez eta irakasleekiko harreman hotzak eta urriak ere. Hezkuntza proiektuan ere ikastolak berezitu nahi zuen bere burua eskola tradizionalak zuenarekiko.

1973/74 ikasturtean 40 ikasle bazituen ere, 300 pertsona ziren hileko kuota batez laguntzaile aritu zirenak, hala ere, Tafallako ikastola arazo ekonomikotik ez zen libre gelditu. Ikastola eskolaurretzat aritu zen 1979/80 ikasturtea bitarte, nahiz eta urtero ikasle kopuruak gora egin. Udalak ikastola bere gain har zezan saiakera guztiek porrot egin ondoren, 1986. urtean lortu zuen legeztapena Tafallako Garcés de los Fayos-ek. Anarteraino eskola komarkalean sinatzen zituzten ikastolako "Eskola kartilak" beraiek sinatu ahal izango zituzten hemendik aurrera.

Urte horretan bertan argitaratu Euskararen Legeak markatu zituen eremuen arabera, Tafalla "ez euskaldun" izendatu zuen. Ikastolak Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxeek bete beharreko baldintza guztiak jada betetzen zituen arren eta baimendua izan arren, arazo ezberdinak pairatu behar izan zituen legearen arbitrariotasunaren lekuko. Eskualdean euskarazko irakaskuntza -Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza- eskaintzen duen ikastetxe bakarra izan da eta urte batzuk egoitza berean eman ondoren berriro ere leku falta gelditu zela ikusirik, beste eraikin berri bat egiteko proiektua diseinatzen hasi zen. Helburu horrekin hartu zuen Nafarroa Oinez-aren antolaketaren ardura, 2011ko urrian era arrakastatsuaz bete zuena.

Ver versión en euskara.