Architectes

Garai Ormazabal, Miguel

Donostiako Gros auzoan, 1936ko uztailaren 20ean jaioa, Miguel Garai Ormazabal, egun lanean jarraitzen duen arkitektoa da.

1957 urtean aparejadore ikasketak bukatu zituen, Donostian bertan irakasle batekin ikasten zuten, baina azterketak Bartzelonan egin behar zituzten. Soldaduska egin ondoren Luis Peña Gancheguirekin hasi zen lanean aparejadore lanetan. Peña Gancheguiren alboan arkitektura ezagutzen hasi eta berau ikastea erabaki zuen 1964 urtean. Iruñan ireki berri zuten Universidad de Navarran hasi zen, horrela gertutasunari esker Peña Gancheguirekin lanean jarraitu zuen. Garai hartan Iruñeako unibertsitatean ezin zutenez titulu ofiziala eman, Bartzelonan aurkeztu zuen karrera amaierako proiektua 1970ean. bukatu eta urtebetera Peña Gancheguirekin lan egiteari utzi zion.

EHAEOren (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala) gonbidapen bat jaso zuen kultura komisioaren arduradun gisa lan egiteko. Iruñean berarekin ikasten aritutako José Ignacio Linazasorori berarekin aritzeko proposamena egin zion. 1973 eta 1976 artean aritu ziren, eta hiru urte haietan, besteak beste, Europa osoko hainbat arkitektok parte hartu zuten arkitektura asteak antolatu zituzten.

1977an beste arkitekto batzuekin batera, Gipuzkoako Aldundiak lagunduta, Donostiako Ategorrieta auzoan dagoen, eta Donostiako udaletxearen jabetzakoa zen Yeyette etxean arkitektura klaseak ematen hasi zen. Bartzelonako eskolaren menpe lan egiten zuten, azken kurtsoa ematen hasi ziren eta urtean urtean kurtsoak gehituz ikasketak hasieratik ematera iritsi ziren. 1982 urtean Euskal Herriko Unibertsitatearen barne sartu zen eskola, eta Garai bertan irakasle izan da 2006ean erretiroa hartu zuen arte. DAGETen (Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa) klaseak emateaz gain, bertan 2002 eta 2005 urteen bitartean arkitektura saileko zuzendari izan zen, eta doktoretza irakaslea ere izan zen 2002 eta 2006 urteen artean.

Arkitektura proiektatzeaz, eraikitzeaz eta irakasteaz gain, idatzi ere egin du Miguel Garaik bere ibilbide profesionalean. 1988an Composición Arquitectónica aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta 1993 urterarte bertan idazten jarraitu zuen. 80ko hamarkadan ordurarte egin zuen arkitektura asmaketa gabe gelditzen ari zela ikusita, arkitektura bide berri baten bila hasi zen. Gottfried Semperek azaldutako lau elementuen inguruan, harria, lurra, egurra eta textila, Arquitectura y límites doktoretza tesia idatzi zuen 1997rako. Ondoren, gai honekin jarraiki, 2000 urtean Arquitectura textil liburua idatzi zuen. Gaur egun (2012) beste liburu baten prestatze lanetan dago murgilduta, El sentido de las letras, desde el euskera y el espacio eta bertan hizkuntzaren hizkien eta inguruaren lotura aztertzen du hizkiz-hizki. Artikuloak ere idatzi izan ditu hainbat eta hainbat aldizkaritarako eta egunkaritarako, 1972 urtean Cuadernos de Arquitectura y Urbanismo aldizkarian idatzi zuenetik gaur egun arte.

Rafael Moneok, Arquitectura y límites tesiaren sarreran dioen bezala, "Miguel Garaik Luis Peña Gancheguiren estudioa utzi ondoren, José Ignacio Linazasororekin batera abentura profesionala hasi zuen. Lankidetza horrek ekarritako etxebizitza eta eskolatan kezka teorikoak hain nabariak izanik, eraikin horiek pedagogia gori bezela uler daitezke." Hori horrela izanda, bere arkitekura ikusteko modua eta lanak zuzenki lotuak egon dira. Bi zati nagusitan bana dezakegu bere lana, hasierako arkitektura postmodernoa, eta 90ko hamarkadatik egunerartekoa, ehun-arkitekturatik gertuago.

Bere arkitekto ibilbidearen hasieran, 60ko hamarkadan hasitako hiriaren desagerpenarekin aurkitu zen; neurri gabeko hazkundea, espazio publikoaren degradazioa, eta abar. Horren aurrean, begirada atzera bota eta puntu erdiko arkuak bezelako arkitektura klasikoko elementuak berreskuratu zituen eta ladriloarekin asko egin zuen lana. Garai beraren hitzetan, arkitektura arrazional klasiko bezala konsidera daiteke bere etapa honetako lana, normalean postmodernista bezala sailkatua izan da. Linazasororekin EHAEOko kultura sailean lan egiteaz gain, proiektu arkitektonikoak ere garatu zituen. Estilo honetan egin zituen lanak hurrengoak dira:

  1. 1974ean Idiazabalen etxebizitza unifamiliarra eraiki zuen
  2. 1975ean Donostiako EHAEOren berrikuntzarako lehen saria lortu zuen
  3. 1975 eta 1976ean Igeldoko (Donostia) Mondrego etxea eta Mutrikuko Lasquibar fabrika proiektatu eta eraiki zituen
  4. 1976ean Linazasororekin batera Irungo plazarako lehiaketan lehen saria lortu zuten baita Bergarako hilerriaren proiektua egin ere
  5. 1977an Legazpiko zentro historikorako lehiaketan parte hartu zuten
  6. 1974 eta 1978 urteen artean Hondarribiako Txingudi ikastola proiektatu eta eraiki zuten
  7. 1979an Mendigorrian etxebizitzak proiektatu eta eraiki zituzten
  8. 1979 eta 1980ean Andoainen Mendiola etxea proiektatu eta eraiki zuen
  9. 1981ean Gernikako museorako lehiaketan parte hartu zuen
  10. 1982an Aretxabaletarako plazarako lehiaketan lehen saria lortu zuen
  11. 1983an Enrique Mugarekin batera lan eginda, Atotxako (Donostia) Tabakalerarako plaza proiektatu zuten baina ez zen ereiki
  12. 1984ean Pasaiako kultur-etxerako proiektua eta eraikuntza burutu zuen, urte berean Aretxabaletako udaletxearen erreabilitazio proiektua garatu zuen; Arrasateko udaletxearen erreabilitazioa ere garatu zuen, bere ikasle izandako Jose Antonio Barearekin.

Eraikin hauek eraikitzen ari zela ordurarte berak landutako arkitekturarekiko zalantzak sortu zitzaizkion, asmaketa gabeko arkitektura zela iritzi zuen garai hartan. Arkitektura postmoderno honen barnean kokatzen da 1983 eta 1992 urteen bitartean Barearekin batera egindako Donostiako arkitektura eskolaren egoitza.

Ehun-arkitektura bidea hasi zuen orduan, aurretik bere liburuak aipatzerakoan azaldu bezala, Semperren lau elementuetatik hasita. Bere Arquitectura textil liburuan definitzen duen bezala, "ehun-arkitektura, natura eta artifiziala den ororen ezberdintasun kualitatiboa alde batera utzita, muga malguak dituen, zentratu gabeko antolakuntza duen eta material arinez eraikitako arkitektura da". Bere ibilbideko bigarren aldi hau, ehun-arkitektura honi gerturatze aldera hurrengo lanetik hasi zuen:

  1. 1993an Euskalduna jauregia eraikitzeko lehiaketara aurkeztu zen
  2. 1995ean Donostiako porturako plaza-paseo proiektua aurkeztu zuten
  3. 1996ean berriz ere Barearekin aurretik berak eraikitako Txingudi ikastolaren zabalketaren proiektua eta eraikuntza burutu zuten
  4. Fernando Morarekin (bere ikaslea hau ere) elkartuta 1997 eta 1998 urteetan EHAEOren Donostiako egoitzaren berrikuntza eta Arquiaren (arkitekto bankua) egoitzaren barneratzea garatu zuten
  5. 1997 berea kabuz azken proiektua izan den Hondarribiako etxebizitza unifamilarra proiektatu zuen
  6. 1997 Hernanin Boe proiektua garatu zuen Barea eta Morarekin batera eta Andoaingo kultur-etxerako lehiaketara aurkeztu ziren.

Aurreko bi lanak bere ikasle izandako eta egun arkitektura eskolako irakasle Barea eta Morarekin egin ondoren, 1998an elkartu eta BGM (Barea Garai Mora) arkitekto bulegoa osatu zuten. Hiruak elkarrekin ehun-arkitektura ideia horrekin lanean jarraitu dute, hurrengo lan guztiak BGM bulegoak egindako dira:

  1. 1998an bertan Irungo Juncalerako lehiaketara aurkeztu ziren
  2. 1999an Bilbon Echegoyen proiektatu eta eraiki zuten; urte berean Villabonako plaza egiteko lehiaketan 2. saria lortu baina 2. geratu arren 2000 urtean plaza horretarako proiektua egin eta eraiki zuten; Ibon Salaberria eta Irune Sacristanekin batera Artelekun ARTmedia proiektua aurrera atera zuten
  3. Artekulen berrikuntza ere BGMk garatu zuen 2001-2002 urteetan
  4. 2001ean proiektatu eta aurrera atera zen Zegamako Dirintabarrena baserriaren erreabilitazioa
  5. 2001ean Iruñako liburutegiaren lehiaketara aurkeztu ziren
  6. 2002an Euskal Filmotekarenera
  7. 2003an Gipuzkoako merkataritza ganberakoa
  8. 2004 ean accesita lortu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eraikin berrirako lehiaketan
  9. 2006ean Donostian EHUren liburutegirako lehiaketan ere accesita lortu zuten; urte hartan bukatu zuten Igeldon 2003an hasitako etxebizitza unifamilar bat
  10. 2006ean ere Ermuako Microdeco proiektua eta Aretxabaletako udaletxearen (1984ean Garaiek berak berritutakoa) berrikuntza aurrera atera zituzten
  11. 2008 eta 2009 urteetan Donostian eta Oiartzuenen hiru etxebizitza unifamilar eraiki zituzten.

Eraikin osoko arkitektura lan hauetaz gain, barne-espazioen diseinuak ere garatu ditu BGM arkitekto bulegoaren barnean:

  1. 1998an Sirta dendaren proiektua egin zuten
  2. 1999an Bilboko Echogoyen dendarena; urte berean Donostian Agesta tabako-dendaren proiektua garatu zuten
  3. 2007an A-contrapelo ileapaindegia burutu zuten
  4. 2009an Kursaal jauregiaren parean dagoen Viento Sur jatetxea proiektatu eta eraiki zuten.

Bere lanak hainbat esposaketarako aukeratuak izan dira, esaterako Triennale de Milanon 1982an edo New Yorkeko Contemporary spanish architecture erakusketan 1986ean. Bartzelonan, Bordelen, Baionan, Parisen, Madriden eta Euskal Herrian bertan antolatutako erakusketetan ere parte hartu du. Bere lanak eta idatziak aurkezteko hainbat hitzaldietan parte hartu du; gehienak Euskal Herrian izan diren arren, besteak beste Bruselan eta A Coruñan ere eman du hitzaldiren bat. Beste idazle edo arkitekto batzuk ere idatzi dute bere lanari buruz, eta bi aipatzekotan, lehenengo garaiari lotuta 1985ean "L'aventure moderne de l'architecture espagnole" eta 2002an bigarren garaiari lotuta berriz "The new paradigm in architecture".

  • GARAY ORMAZABAL, Miguel. Miguel Garai Ormazabal: Curriculum, 2005.
  • GARAY ORMAZABAL, Miguel. Arquitectura textil. Lasarte-Oria: Antza, 2000.
  • GARAY ORMAZABAL, Miguel. Arquitectura y límites. 1997.
  • mcnbiografias.com [web] La web de las biografias. [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 25a]
  • Elkarrizketa Miguel Garai berari.