Architecture

Bilboko Arte Ederren Museoa

Bilboko Arte Eder Museoa Bizkaiko hiriburuan dagoen arte museo zaharrena da, margolaritza eta eskultura bilduma nabarmena duena. Casilda Iturrizar Parkearen barruan dago kokatuta, Abandoko auzoan (43° 15' 55? N, 2° 56' 17? W).

Garai desberdinetako eraikinez osatutako multzoa da. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak diseinatu zuen lehen eraikin neoklasikoa 1945ean. 25 urte geroago Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek diseinatutako estilo modernoko eraikina batu zitzaion. Azken erreforma 2001. urtean egin zen, Luis Uriarteren eskutik.

Arte erakusketak egiteaz gain, Bilbon egingo diren hainbat proiektuen erakusketak ere antolatzen dira noizbehinka

Bilboko Arte Ederren Museoa 1908an sortu zen eta 1914an inauguratu zen, Laureando de Jado enpresari eta filantropoak utzitako fondo artistikoarekin.

Arte ederren lehen museo hau, 1924 urtean sortutako Arte Modernoko museoarekin fusionatu egin zen 1939an. Egoitza berriak 1945ean ireki zituen ateak. Estilo neoklasikoko eraikina, hiriko zabalgune modernoan eraiki zen, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraituz.

Hasierako espazio hau laster geratu zen txiki. Beraz, 70. hamarkadaren hasieran, eraikina handitzeko enkargua eman zitzaien Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoei. Lanak 1970ean amaitu ziren.

1996an, Miguel Zugazaren zuzendaritzapean, museoa berritu eta handitzeko plana esleitzeko lehiaketa antolatu zen.

Enkargua arkitekto talde bati eman zitzaion. Luis Uriarte zen talde horren buru, eta gainerako kideak Borja Arana, José Ramón Foraster eta Borja Pagazaurtundua ziren. Berrikuntza eta handitze lanak amaitu zirenean, museoak berriz ere inauguratu zituen bere instalazioak, 2001eko azaroaren 10ean.

  • 1945ko eraikina

1940 eta 1945 urte artean eraiki zen Urrutia eta Segurola arkitektoek diseinatutako bolumen konpaktua, kanon klasikoen pean eta garaiko tendentzia neo-herrerianotik urrun. Prado Museoan inspiratuta dago.

Eraikinak L itxura dauka oinean. Sarrera nagusia iparraldeko hegaletik sortzen da, eskailera handi batzuen bitartez. Barnean hall handi batek espazioa antolatzen du. Bi alboetara erakusketa aretoak kokatzen dira eta bigarren solairura igotzeko marmolezko eskailera handi bat.

Fatxada nagusia Euskadi plazarantz ireki egiten da. Konposizio simetrikoa dauka, oreka eta soiltasunez beteta dago. Adreilu ikusia eta harria dira erabilitako materialak. Leiho handien erabilera nabarmena da eta marmolezko moldurez markoztatuta ageri dira.

1962an "Monumentu Historiko-Artistiko" gisa deklaratu zuten.

  • 1970ko eraikina

1970eko eraikina Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek Mugimendu Modernoaren eraginpean diseinatu zuten Mies Van der Roheren arkitektura islatuz.

Arkitektura klasikoaren handitzearen eta dialogoaren gaiei aurre eginez, Alvaro Líbanok jarrera modernoa hartzen du.

Museoaren hegal berriak, L formako plantarako, bolumen zaharraren forma eta proportzioa hartzen du. Ia bere horretan mantentzen ditu solairuko proportzioak, baina pieza hartako tipologia zentrala aldatu eta bi solairuko tipologia linealagoa sortzen da.

Xafla metalikoko panelak eta arotzeria txikiko beirazko azalerak erabiltzen ditu parkearen planoan jasotako loggia bat egiteko. Sortutako arkupearen azpian aire libreko erakusketa areto bat egiten da.

Kanpoan, gorputz berria kutxa garbi eta siku legez tratatzen da. Kristalezko baoak nabarmentzen dira, itxura metalikoko piezei dagokien zatiketak desagertu diren lekuan.

1981ean, espazio falta zela eta, berriro handitu zen eraikina. Oraingoan Rufino Basañezekin batera egin zuen lan. Eraikin berriko arkupeak kristalez estali ziren erakusketa areto berri bat sortzeko eta, bertan, banaketa manpara malguen bitartez aldatu ahal izan ziren. Bigarren handitze lan hauetan, sotoak ere egokitu ziren.

  • 2001eko eraikina

Luis Uriarteren taldeak prestatutako proposamen berriak, bi eraikinen arteko komunikazio horizontal eta bertikala hobetzea bilatzen du, erakusketa azalera handitzeaz gain. Interbentzioak izaera urbanoa dauka, aurretiko eraikinen arteko espazioak birsortzen ditu eta aurretiko eraikinak errespetatzea du helburu.

1945ko eraikina eta 1970eko ondorengo zabalpena, erabilitako materialez gain, inguruarekiko daukaten jarreran desberdintzen dira. Gorputz zaharrak Arriaga urmaelak presiditutako plazaren bidez bilatzen du hirian presentzia. 1970ko zabalpena ordea Casilda Iturrizar parkeko ibarbiderantz irauli egiten da. 2001ko erreformak partzelaren situazio estrategikoa baloratu egiten du eta lekuko eraikinen bi jarrerak bateratzen saiatzen da.

1945eko eraikinaren fatxada itsuarekiko tangentzialki pitzadura sakon bat sortu egiten da, beirazko kaxa garden batez inguratuta. Kaxa honek barnean bi eraikinen kota diferentziari aurre egiteko arrapala bat du. Gainera, sotoan sortutako dependentzia berrietara argia bideratu egiten da.

Bulegoak, ospakizun-aretoa eta mantentze tailerrak sotoan kokatzen dira, errestaurazio zonarekin batera. Gorputz zaharrak erakusketa iraunkorra hartzen du bere baitan, eta behin behineko erakusketak zabalpenaren behe oinean kokatzen dira, kafetegi, denda eta museoaren sarrerarako atari berriarekin. Azkeneko honek Arriaga plaza eta Chillida plazaren arteko lotura gisa jokatzen du.

Eraikinaren itxitura berrirako, 1970ko eraikinaren materialak berrerabili egiten dira. Barnealdean, zoladurak bisitariaren orientazioa erraztu egiten du: zirkulazio zonaldean marmolez osatutako losa handiak erabiltzen dira, eta aretoetan haritz satinatuzko tarima.

Zabalpena eta gero, multzo berriko sarrerak Arriaga eta Chillida plazetara zuzentzen dira, bisitarien fluxua Doña Kasilda parkera eramanaz. Ordura arte Euskadi Plazatik egiten ziren.

Lanon ondorioz, museoaren azalera 6.450 m2 handitu zen eta 14.250 m2-ren gainean egin zen lan.

Bere historian zehar, museoak eredu aparta garatu du, non herritarrek, bertako artistek eta instituzio publikoek zehaztu baitute museoaren osaera eta hazkundea, artelan garrantzitsu askoren erosketen eta dohaintzen bitartez.

Museoa euskal artisten bildumarik garrantzitsuenaren jabe da, eta, hori horrela, erreferentziarik handieneko instituzioa da, dituen fondo dokumentalengatik, ikerketa arloko tradizioagatik eta artistenganako hurbiltasunagatik. Historian zehar jardunean egon diren euskal artista garrantzitsu guztiek, Zuloagatik hasi eta Chillidaraino, lotura berezia izan dute Museoarekiko.

  • IGLESIAS, Begoña. "Ampliación del Museo de Bellas Artes de Bilbao". ARTE Y CEMENTO. 2003 uztaila, Bilbo, 1953 zenb.
  • museobilbao.com [web]. Museo de Bellas Artes de Bilbao [Kontsulta data: 2012ko irailak 24]
  • PALACIOS DIAZ, Dolores. "Ampliación del Museo de Bellas Artes". Arquitectos contemporáneos. Alvaro Líbano. Uztailaren 2004a, 10 zenb., 88-93 orr.
  • PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. El Museo de Bellas Artes de Bilbao: historia. 2012. [Kontsulta data: 2012ko irailak 24].
  • URIARTE, Luis Maria. "Ampliación del Museo de Bellas Artes, Bilbao". Arquitectura Viva. 2002, 93-94 zenb., 66-71 orr.
  • URIARTE, Luis María. "Reforma del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1997". CAPILLA FRÍAS, Conrado; VALLEKO LOBETE, José. Arquitecturas periféricas peninsulares. Fundación BBVA, 2004, Bilbo, 34-39 orr.