Écoles basques

Barandiaran lizeoa. Donostia

Barandiaran Lizeoak 1974ko irailean ireki zituen ateak 74/75 ikasturteari ekiteko asmoz, OHOko 6. mailako bi gelekin. Ikastolaren titularra Ibaeta Elkarte Anonimoa izan zen hasieran eta Donostiako bost auzotako ikastolen (Arantzazuko Ama, Ikasbide, Jakintza, Orixe eta Zurriola) proiektua izan zen, haien ikasleei hamalau urte arteko irakaskuntza ziurtatzeko asmoz.

Horrek hamar bat urte iraun zuen, jatorrizko ikastolek beraien eskaintza luzatzen zihoazen heinean, Lizeoak BBB-ko ikasketei heldu baitzien. Horrela, 14-18 urte bitarteko ikasleei BBB1, 2, 3 eta UBI irakatsiz jarraitu zuen beste hamar bat urtez.

1993ko Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak gatazka ekarri zuen eta baita antolaketa aldaketa sakona. 1993ko maiatzaren 22an eginiko batzarrean Zurriola ikastolako bazkideek muzin egin zioten sare publikoan sartzeari, Barandiaran Lizeoak egin zuen bezalaxe. Barandiaran Lizeoa osatzen zuten beste lau ikastoletako bazkideek, berriz, sare publikoan sartzearen aldeko apustua egin zuten. Hortik aurrera zaildu egin zen Barandiaran Lizeoaren egoera, eta lan gogorra egin behar izan zuten urteotan euren martxari eutsi ahal izateko.

1993ko publifikazio legeak eta 1994ko LOGSEk ekarri zuen Derrigorrezko Hezkuntzaren luzapenak zuzeneko ondorioa izan zuen Barandiaran Lizeoan. Honek ikastola sarean jarraitu zuen; lehenik, DBHko eskaintza eginez eta geroago goi mailako zikloak (Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena, 1998an; Publizitate Grafikoa, 2002an eta Argitalpen eta Diseinu Ekoizpena, 2003an) ezarriz. 2002. urtean, arteekin loturiko azken bi zikloekin batera, Remigio Mendiburu Artskola martxan ipini zen.

2005eko urriaren 4ean egindako Batzarra berezian Ibaeta S.A. guraso kooperatiban eraldatzea erabaki zuen eta orduz geroztik Barandiaran Lizeoaren egitura juridikoa Guraso Kooperatibarena da.

2008ko otsailean, bai Zurriola Ikastolako eta baita Barandiaran Lizeoko Batzar Nagusiek bi ikastolak bateratzea erabaki zuten, aurrerantzean Zurriola Ikastola izenarekin ezaguna izango dena.