Architecture

Baionako Santa Maria katedrala

Baionako Santa Maria katedrala, Lapurdiko hiriburuan kokatua dagoen eraikin gotikoa da, Aturri ibai alboko muino baten gainean dago (43° 29' 26" I, 1° 28' 39" M) Santiago bidearen alboan. Arkitekto ezezagun batek egindako katedral hau, aurreko Santa Maria Basilika erromanikoa zegoen lekuan eraiki zuten, 1260an hasi ziren eraikitzen, eta XVI. mendean bukatu zuten. Hala ere kanpandorreak XIX. mendekoak dira, hauen egilea Émile Boeswildwald izan zen.



Ver mapa más grande

Gaur egun katedrala dagoen lekuan, aurretik Santa Maria basilika erromanikoa zegoen, 1258an sute baten ondorioz txikitua geratu, eta 1260ean gaurko erakinaren lanekin hasi ziren. 1310ean beste sute batek kaltetu ondoren lanekin jarraitu zuten. Ez dakigu zein izan zen eraikina altxatu zuen arkitektoa, baina badirudi, duen egiturak hala adierazita, Champagne inguruko zela.

1760 urtean diru eskaera bat egin zen aldare nagusia italiako marmolez eraikitzeko, baina 1789an Frantziako Iraultza hasi eta beste hainbat erlijio-eraikinen antzera, Baionako katedrala profanatu egin zuten, eta inperioaren garaian biltegi militar gisa erabili zen. Ekintza horien ondorioz, 1801ean Napoleonek eta egoitza Santuak konkordatua sinatu bitartean ezin izan ziren bertan elizkizunak ospatu. 1854ko apirilaren 5 arte ezin izan zen aldare nagusi berria kontsakratu.

Santa Maria katedralak gurutze latindarrreko oina du, eta ohikoa zen bezala orientazioa ekialdetik hegoaldekora du, bi sarrera ditu, bata mendebaldean, bi ezkil-dorrerekin batera dagoen arkupean, eta bestea, iparralderantz dihoan nabean. Hegoaldean berriz elizara itsatsia XIV. mendeko klaustroa du. Eraikitzen hasi zenetik bukatu zen arte mendeak pasa diren arren, dena arkitektura gotikoan dago eraikia. Egitura eta gainerako eraikuntza osagaiei dagokienez ere, guztiz gotikoa da estiloa, hala zimenduetan, nola dorreetan, aldare nagusiko arkuan, mendebaldeko fatxadako atarian, eta gainerako elementu guztietan. Estilo gotikokoa izaki, barrualdea arku-zorrotzekin eta nerbioekin dago eraikia eta kanpoaldean aipatzekoak dira argia sartzea ahalbideratzen duten hormabular eta ostiko-hormak.

Klaustroa kontutan hartu gabe, katedralak luzera 79,96 m-koa, zabalera 33,40 m-koa (horietatik luzeran 46m eta zabaleran 11m nabe nagusiari dagozkio), eta altuera 26,55 metrotakoa ditu. XIII. eta XIV. mendeetan egindako zutabeen kokapena hasiera batetan eliza txikiago baterako egin zirela pentsarazten du. Tenplu osoa inguratzen duen XIV. eta XV. mendeetan eraikitako galeria bat dago. Aldare nagusia gurutzaduran dago kokatua eta XVI. mendean hasi zen eraikitzen. Carrarako marmolez eginda dago eta era askotako kapitelak dituen arren, eliza osoa bezala XIII. mendeko estilo gotikoan eginak daude. Absidean aldare nagusiaren atzekoaldean zazpi kapera daude, eta hegoalderako doan nabean sakristia dago kokatua (sakristia zaharra mendebaldeko sarreraren eskubitara zegoen arren). Elizak dituen beste zazpi kaperak nabe nagusiaren alboetan kokatuta daude, horietako sei, bataio-iturriarekin batera nabe zentralaren iparraldeko luzera osoa hartzen dute, azken batek berriz klaustroaren eta elizaren arteko gunea hartzen du, sakristiarekin batera.

Fatxada nagusia, mendebaldera emate duena, arkupe batek, bere gaineko gorputzak eta alboetako ezkila dorreek osatzen dute. Elizara sarrera, ogiba-arku baten azpian dagoen arkupetatik egiten da, arkupe honen gainean beirate bat duen bao borobil bat dago, eta honen gainean, oinarrian balaustrada bat duen frontoi triangelua dago.

1923 eta 1929 urteen bitartean berritua izan zen arren, goiko aldea aurretik zegoen bezala errespetatu da. Frontoiaren gainean pietatea dago, ez da hasierako eskultura, ordukoa galeria batean guztiz hautsia aurkitu baitzen. Orain dagoena 1928 urte inguruan Baionako eskultore baten laguntzarekin egin zuen Bordeleko Braemerrek.

Hegoaldeko dorrea, orduko sacristia zegoen gainean kokatzen dena, XV. mendean eraikitzen hasi ziren baina 1872 urtean oraindik bukatu gabe zegoen. Urte hartan hasita eta sei urtez, dorre hori bukatu zuten eta sarrerako arkupearen bestaldean, iparraldean, beste dorre bat eraiki zituen Boeswildwald arkitekto alemaniarrak.

Dorreek, orratzak kontutan hartuta, 70 metrotako altuera dute. Biak estilo gotikoan eginak diren arren, badituzte desberdintasun batzuk, baoak ez dira berdinak. Iparraldeko dorrean arku lobulatuak dituen ogiba-arku bakarra dago, arku honek bi aldeetara, hormari pegatuta bi frontoi triangeluar daude. Hegoaldeko dorrean berriz, arku bakarraren ordez bi daude, bata bestearen gainean, biek dituzte arku lobulatuak. Hontaz gain, orratzen azpikaldean irekitako arkuak ere desberdinak dira; arku horien azpiko tartean iparraldeko dorreak ogiba-arku bat du, eta hegoaldekoak berriz horma leun bat du, inolako apaindurarik gabekoa.

Guztira hamalau kapera daude Baionako katedralean, zazpi absidean, hauek XIII. mendekoak dira, eta beste zazpi nabe nagusiaren alboetan, iparraldekoak XIV. mendean eginak dira. Absidean Chapelle du Sacré-Coeur, Saint-Jacques, Chapelle de la Vierge, Saint-Joseph, Saint-Pierre, Saint-Martin eta Sainte-Anne kaperak daude. Azken honetan, 1853an, egungo katedralaren fundatzailearen hilobia izan zitekeen gotzaiaren hilobia aurkitu zen. Aurretik aipatutatako sei kaperetatik bost Steinheilek dekoratu zituen, eta bestea, San Martinen kapera, bere semeak egin zuen.

Nabean dauden kaperetatik sei iparraldeko hormaren aurka daude, hauen izenak, Saint-Jean-Baptiste, Saint-Jéròme, Chapelle de la Passion, Saint-Léon, Saint-Michel eta Chapelle des Saints Anges gardiens dira. Hegoaldeko horman dagoena berriz Saint-Léonen kapera da, koru txikia ere deitua. Kapera honetan elkartzen ziren kalonjeak astean zeharreko mezetarako. Bertan daude 1878an hildako Baionako gotzaiaren hilobia eta Saint-Leónen erlikiak.

Hasiera batetan absidean bertan kokatua zegoen, lanak bukatzerakoan berriz nabe nagusiaren erdira pasa zuten, eta azkenik 1702 urtean Beauveau apezpikuak nabeen gurutzaduran jarri zuen. Koruko egurra XIV. mendeko estiloan dago landua, aipatzekoa da gotzainaren tronua, lan handiko apaingarriak baititu.

Katedralari itsatsita, XIV. mendean hegoaldeko fatxada ia osoa bereganatzen duen oin ia errektangularra (ez da guztiz erregularra) duen klaustroa eraiki zuten. Katedral osoa bezala estilo gotikoko hogeita zortzi gangaz osatua zegoen, baina parrokia kapera egiteko elizari lotutako aldean batzuk kendu egin behar izan ziren. Inguruan hainbat ate zituen, kalera, elizara eta baita korura pasatzeko ere.

Bere garaian hilerri izan zen, XVIII. menderarte, horren erakusgarri dira, egun diraute hainbat herritarren, eta 1302ko Baionako apezpikuaren hilobiak. Hilerri izateaz gain, besteak beste, herri batzarren biltoki, epaitegia, zalditegia, ere izan da. Gaur egun erakusketak, artisau merkatuak eta bestelakoak antolatzeko erabiltzen da. Jatorrian zituen apaingarrietatik hilobiek dituztenak geratzen dira, beirateak eta gainontzeko eskultura guztiak galdu egin baitira.

  • AGUIRRESAROBE, Iñaki [et.al.]. Lur entziklopedia tematikoa. Artea Gallarta: Lur argitaletxea 1997. 138-139 orr.
  • CUZACQ, René. La Cathédrale de Bayonne : la fresque du XVIIe siècle. Mont-de-Marsan: Jean Lacoste, 1954.
  • CUZACQ, René. La Cathédrale de Bayonne : les tombeaux du Cloître et la Salle Capitulaire. Mont-de-Marsan: Jean Lacoste, 1956.
  • CUZACQ, René. La Cathédrale de Bayonne : le portail gothique du XIIIe siècle et ses enseignements. Mont-de-Marsan: Jean Lacoste, 1965.
  • CUZACQ, René. La Cathédrale de Bayonne : étude archéologique. Mont-de-Marsan: Jean Lacoste, 1965.
  • La cathédrale de Bayonne. Bayonne: Parade, 1956?