Écrivains

Mugica Berrondo, Placido

Urnieta, 1906-Azpeitia, 1982.

Bost anai-arrebetatik laugarrena (edo bosgarrena ere esan genezake) izan zen Plazido Muxika. Hiru anaia zaharragoen ondoren bera eta bere arreba bikia jaio ziren eta haurtzaroan osasun arazoak zirela eta, Ordiziara, amonaren etxera, joan zen zenbait urtez. Gero, berriro Oriara itzulita, familia guztia joan zen Plazidok hamar urte zituelarik Altzara. Hango eskolatik seminariora joan zen eta, hamasei urte zituenean, 1922an jesuita sartzeko asmoa erakutsi zuen Plazido Muxikak.

Lau urte eman zituen Loiolan ikasten, eta ondorengo beste bi Burgosko Oñan. Urte haietan, prestakuntza erlijioso eta filosofikoaz gain, euskaltzaletasun sentimendua piztu zen gaztearengan lagundian izan ziren Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Goenaga, Lauaxeta eta beste askorengan bezala. Oñan, ikasketak egiten ari zen bitartean, esaterako, Azkueri bidaltzen zizkion Plazido Muxikak hitz zerrendak haren hiztegia aberasteko.

1929an, baina, maisualdia egitearren Kolonbiara joan zen, eta han, Euskal Herritik hain urrun zegoelarik, gertakari batek bere etorkizuna aldatu zuen. Mendi ibilaldi bat egiten ari zela, eroritako enbor batean eseri zen atseden hartzera eta horrela zegoela lurrean paper zimur batzuk ikusi zituen, hartu eta euskaraz idatzitako orriak zirela ikusi zuen. Argia aldizkarikoak ziren eta Muxikak gertakari hori abisu edo dei baten moduan hartu zituen. Hain urruti, horrelako leku bakarti batean, Euskal Herritik milaka kilometrotara euskaraz idatzitako orri horiek bultzatuta euskararen alde zerbait egin behar zuela eta, hiztegi bat egitea erabaki zuen. Urte batzuk beranduago EGAN aldizkariko elkarrizketa batean kontatu zuen une hura:

"Alaxe exerita, ukondoak belaunetan eta eskuak buruan nitula, makurtu nintzan zerbait lurrera begira, ta atseden artzeko asmotan. Bat-batean murgildu zan nere irudimena amets zoragarri batean. Irudimena? Ametsa? Ez iñola ere! Nire begiak enborpean ikusten zutena, etzan irudimena, etzan amets zoroa. Egi utsa zan! Nere begien aurrean ARGIA nekusan! Edo obeto esateko, ARGIA gure asterokoaren puska bat. Nola zitekeen ori? ARGIA Andes'ko mendi-bazter urruti aietan!"

Lan horri ekin aurretik, baina, bere prestakuntza amaitu (Belgikako Marneffen izan zen 1932tik 1934ra, eta hurrengo bi urteak Herbehereetako Valkenburgen egin zituen teologia ikasten), apaiztu, Belgikan berriro urte batzuk pasa aita Janssensen gidaritzapean ospe handiko irakasleak izan zituelarik (hantxe ezagutu zuen Svenson anaia, Kolonbian zegoen bitartean Plazidok euskaratu zuen Noni eta Mani eleberriaren protagonista); eta Euskal Herrira itzulirik, Xabierko etxera joan zen, han jesuita gazteei eskolak eman, latin hiztegia egin eskoletan laguntzeko (50.000 ale saldu zituen Diccionario latino-español y español-latino); ondoren Loiolan zela greko hiztegia egiten lagundu zuen, Deustun artxibategian aritu, liburuzain... eta 1940ko hamarkadaren erdian edo, atseden uneei tartetxoak kenduz hasi zen zapata kutxetan bilduko zituen hiztegiaren fitxak betetzen. Eta horrela ekin zien bere bizitzako bi betebehar nagusiei Jose Antonio Mujikaren hitzetan:

"Jesuita izatea bere bizi guztirako aukeratu zuen bizitza-modua izan zen, eta hiztegia egitea, berriz,bere bizitzaren urte gehienetan lanpetua eduki zuen zaletasuna."

Jakina, atseden orduetan aritzen zenez gero hiztegia egiteko erritmoak gora-behera handiak izan zituen, Koldo Mitxelenari EGANen argitaraturiko elkarrizketa batean aitortu bezala:

"Nere eginbehar nagusiak (...) bestelakoak ziren eta, nahi eta nahi ez, gaur hartu eta bihar utzi, arteka-marteka hasi nintzen ahal nuen txolarte guzietan nire hiztegi horretarako gaiak biltzen. Ezer aurreratu gabeko tarteak batzutan luzetxoak izan ziren, gainera: lau edo bost hilabete hiru aldiz, beste batean urte t'erdian ez nuen ezertxo ere egin."

Baina, hala ere, eta leku aldaketak izanik ere (Loiolatik Zaragozara bidali zuten 1955ean, harik eta 1963an Loiolara behin betirako itzuli arte), lanean jarraitu eta azkenean nagusiek lana arindu zioten (eskolak ematera mugatuz) hiztegia egiten jarraitzeko astia izan zezan. Hori 1958an izan zen, hamalau urte zeramatzanean hiztegi lanetan, baina horri esker, eta gainerako lanak baztertuz (Koldo Mitxelenari aitortu bezala, "nere unetxo urriak iztegiari ematea, erabakia daukat aspaldi ontan. (...) Naiko atzerapide sortu zaizkit asi nunetik, eta enuke besterik ere iñola ere nai"), eta gelako bakardadean batuz (atean "Lanpetua-Ocupado" zioen txartel bat ageri zen haren izenaren ordez) lortu zuen azken bultzada ematea lan mardulari.

1965ean argitaratu zen, horrela, Plazido Muxikaren hiztegia: Diccionario castellano-vasco, 1897 orrialdetako lan ikaragarria. Egarri den lur idorrean ura bezala, horrelaxe etorri zen hiztegi hura euskal kulturan. Izan ere oso tarte laburrean 17.000 ale saldu ziren eta edizio laburtua ere plazaratu zen. 1981ean, berriz, hiztegia irauliz Diccionario vasco-castellano argitaratu zen.

Aipaturiko hiztegi horiez gain, Plazido Muxikak beste zenbait lan argitaratu zituen bere bizitzan zehar. 1952an, egileak hala eskatuta, aurretik aipaturiko Noni eta Mani haur nobela itzuli eta plazaratu zuen. Nobela hau 1914an kaleratu zen eta Noni eta Mani bi protagonisten izenak dira. Liburuan zehar kontatzen zaigu txaluparekin itsasora irtetean jazotakoa. Baina abenturazko liburua izan zitekeena (kaian dauden itsasontzi handiak bisitatu, itsasoan galdu, balearen erasoa, erreskatea, e.a.) helburu kristau bati heldutako nobela dugu.

"Gure barnean zerbait bildu giñan; eta galbide larri artatik onik ateratzen bagindun, gero Xabier Deunaren jarraille egingo giñala, ziñez eskeñi genion Jaunari" diote une batean protagonistek, balearen erasoa jasatean, eta horrelaxe, liburuaren bukaeran Jesusen Lagunak konpainiako kide agertzen zaizkigu Noni eta Mani.

1968an, Noni eta Mani berrargitaratzeaz gain, Mendiko argia haur nobela ere plazaratu zen Plazido Muxikak, hau ere, alemanetik euskaratuta. Urte berean El verbo auxiliar guipuzcoano liburua atera zuen, eta hurrengoan, 1969an, Afijos vascos izenekoa. Jesusen Biotzaren Deya, Argia, El Día, Yakintza eta RIEV aldizkarietan ere kolaborazioak egin zituen.

Euskara eta kulturaren alde eginiko bere lan eskergaren ondorioz euskaltzain urgazle izendatu zuten, bai eta Euskerazaintzako kide eta The Hispanic Society of Americako kide ere.

1982ko abuztuaren 27an hil zen Loiolako santutegian.

  • MUXIKA, Jose Antonio. Plazido Muxika. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1998.