Écrivains

Kazabon Amigorena, Antton

Oiartzun, 1954.

Hogeita gehiago urtez Oiartzungo Haurtzaro ikastolako irakasle izandako idazle honek eskolak ematetik literatura lanak argitaratzera egin du salto. Hasiera batean bertsolaritza eta testu liburugintzan argitu zen, eta horrela, Bertsolaritza Irakaskuntzan izeneko proiektuan aritu zen hiru urtez Gipuzkoako ikastolen elkartearen eskutik eta Hizkuntza 7, Hizkuntza 8, Euskera (1. mailatik 6.era), Bertso trena 3 eta 4, Bertso ostatua... eta beste hainbat liburu argitaratu zituen zenbait egilerekin batera.

Bertsolaritzan itzal handiko pertsona dugu, ez bakarrik eskoletan eginiko lanagatik, baita bertso paper eta jaialdietan gai jartzaile gisa eginiko ekarpenengatik edo hainbat bertsolari txapelketatan epaile lanetan ibili izan delako ere.

Literatura ibilbidea, aurretik aipaturiko testu liburuetan zenbait testu argitaratuak izan arren, 1988an hasi zuen Proxpero (Elkar) ipuinarekin. Baserri giroko kontakizuna zen eta, gure literatura tradizionalean hainbeste arrakasta izan duen umore kutsuko istorioez osaturik dago, eta idazleak berak komentatu bezala bere aitari entzundako pasadizoak, berak ikusitakoak, ezagututakoak... bildu zituen. Lan horrek jarraipena izan zuen 1991an Proxpoero Donostian (Elkar) eta Proxperoren lagunak (Elkar) liburuetan. Hastapenei buruz hitz egitean, honako hau zioen Beterriko liburuak aldizkarian (51. Zenb.) eginiko elkarrizketa batean:

"liburu falta handia zegoenez, neroni zerbait idazten has nintekeela pentsatu nuen. Ikasleei irakurtzen nizkien idatzitako pasarte batzuk: entzundakoa gustatzen ez bazitzaien, zuzenean zakarrontzira botatzen nuen, eta gustuko izan bazuten, gorde egiten nuen."

1990eko hamarkadan, Kazabonek 27 liburu idatzi zituen haurrentzat. Horietako batzuk Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoei buruzko sail batean plazaratu zituen, baina horiekin batera baziren abenturazkoak, umorezko kontakizunak, bertsolarien biografiak (Xenpelar, Pernando Amezketarra,...) eta baita gazte eta helduen literaturaren arteko mugan koka daitezkeen lanak, Kanpai hotsak isiltzean (Desclée de Brouwer, 2000) liburua osatzen duten lau ipuinak bezala, horietako lehen biak oso gordinak dira eta nekazal giroan kokaturik daude; beste biak, aldiz, kalekoak dira eta maitasuna dute gai nagusi.

Hurrengo hamarkadan, 2000-2010, berrogei liburu plazaratu ditu Antton Kazabonek, euskal idazle emankorrenetarikoa bilakatuz, izan ere, dagoeneko 80 liburutik gora idatzi ditu haur eta gazte literaturan eta bakar batzuk helduentzat, Jaurlaritzaren Bidegileak bilduman, esaterako. Bere sorkuntza hain emankor horri buruz, zera zioen Kazabonek:

"Beren kasa etortzen dira, ez naiz sekula ipuin baterako istorio bila toki ezberdinetara joan eta galdezka ibili. Haurrekin lan egiten duzun unetik bilatu gabe datozkizu istorioak burura: goizeko 08:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte egunero beraiekin, hainbeste pasadizo, hainbeste egoera bitxi, hain aberatsa den harremanen mundu hori, nahiz eta momentuan bertan gatazka usaina izan eta tarte txarra pasatu... Uste dut hortik datozkidala ideiak, eskolako eguneroko bizimodutik."

Eta, hain zuzen, ideien zurrunbilo hori islaturik ageri zaigu idazle honen obran. Tematika eta estilo oso ezberdinetako obrak izateaz gain, prosa eta poesia, genero biak landu ditu haur nahiz gazteentzat. Gainera, bere zenbait idazlanetan esperimentatzeko joera argia ikus daiteke. Horixe gertatzen da Erotik (Aizkorri, 2003) liburuko ipuinetan:

"Kazabonek eguneroko kontuak, kotxeari gasolina botatzea, ospakizun bat, siesta egitea, barnean dugun ero horren ikuspegitik kontatzen dizkigu, ikuspegi "erotic" batetik ere bai, hain zuzen. Irakurleak lehen ipuinean hartzen du ustekabea, erotikoa zena ekintza arrunta dela ikustean; eta hortik aurrera ipuin guztietan, jolas arauak ezagututa, saiatuko da irakurketarekin disfrutatzen eta, bide batez, egileak ezkutatzen duen ekintza bilatzen"

X. Etxaniz Erle, Euskaldunon Egunkaria, 2003ko abendua.

Edo Atearen atzean (Elkar, 2007) lanean narrazioari baino elkarrizketari garrantzia handiagoa emanez lortzen duenean nobela bizi eta azkarra; Maite eta minez (Ibaizabal, 2008) nobelan, aldiz, neska bat eta haren aitonaren arteko eskutitz trukaketa bat dugu nobelaren osagarri; 2007an argitaraturiko Ttantto (Ibaizabal) ipuinean, aldiz, narratzailearen ikuspuntua da berezia, esku pilota bat baitugu narratzaile, edo Zipriztin berriak (Ibaizabal, 2009) euritako bat; tematika aldetik ere, oso gai ezberdinei buruz idatzi du: heriotzaz (Elurrezko pilotak, Aizkorri, 2006), tratu txarrei buruz (Aurpegiko ubeldurak, Elkar, 2010), maitasunez (Atearen atzean), naturaz (Azkeneko txantxana, Ibaizabal, 2004), familiaz (Urtziren diarioa, Ibaizabal, 2003), eta abar.

Poesia arloan ere idazle emankorra eta aberatsa dugu Antton Kazabon. Bazen behin, behin bazen (Elkar, 1995) liburuan, esaterako, bertsolaritzaren eragina oso nabarmena da, onomatopeia ugari darabiltza eta gai ugariri buruz aritzen da. Matte-matte (Mensajero, 2000) liburua, aldiz, gaztetxoei zuzendutako lana dugu, sentimenduak, maitasuna, desamodioa,... ageri dira. 2002an plazaraturiko Emozioen kuliska (Elkar, 2002) liburuak Xabier Leteren hitzaurrea dakar, eta hau ere gazteei zuzenduriko gai eta estilo ezberdinetako poema liburua dugu. Armiarma zuhaitzean (Aizkorri, 2004), aldiz, "armiarma"ren Atik "zuhaitz"eko Zra alfabetoa errepasatzen duen poesi liburu didaktikoa da eta haur txikiagoei zuzendua. Baina, prosan gertatzen denaren kontra, Oiartzungo idazle honen poesia gehiena gazteei zuzendua da (edo Javier Rojok dioen bezala: "haurtzaroa atzean utzi eta nerabezaroan sartu berriak diren irakurleei zuzendutako poema liburuak". Horrela, Irrikaren distira (Pamiela, 2006) eta Isilik kantatzeko (Ibaizabal, 2010) lanetan poesia jasoagoa aurki dezakegu, landuagoa, naturari buruzko azken liburu horretako poema hauetan ikus dezakegun bezala:

"Hango Hemengo./ Zure etorrian / noa. / Nire joanean/ zatoz. / Orain ni hangoa ere banaiz/ zu hemengoa ere bazara./ Biok hango/ Hemengo" (29. or.) eta haikuen eragina duen "Taupadaz taupada" poema: "Taupadaz / taupada / maitasun huts." (47. or.).

Ikus daitekeen bezala, Antton Kazabon dugu XX. mende bukaera eta XXI. mende hasierako euskal haur eta gazte literaturako idazle emankorrenetariko bat.

  • ETXANIZ ERLE, Xabier. "Gure buruarekin jolasteko", Behinola 10, 92, 2004.
  • KAZABON, Antton. Isilik kantatzeko. Bilbo: Ibaizabal, 2010.
  • X.X. "Antton Kazabonekin solasean", Beterriko liburua 51, 2011.