Architecture

Vianako harresia

Kodesko mendizerra eta Ebro ibaiaren artean pasatzen den bide zaharraren ondoan dagoen muino batetan kokatua dago Viana. Kokaleku honen balio estrategikoa kontutan hartuz, pentsa dezakegu erromatarrak etorri aurretik baskoien eta beronen arteko muga zaintzen zuen herrixka edota gotorlekua izan zela. Gero, erromatarren garaian eta Erdi Aroan garrantzi hori baieztatu eta indartu egingo zen.

Nafarroako erresumaren defentsan Vianak papera garrantzitsua jokatu zuen Erdi Aroan, hegoaldeko Ebroren gaineko mugaren zaindari bikaina izan zelako. Bere sorkuntza ofiziala Nafarroako mendebaldeko lurraldeen 1200. urteko konkistarekin lotuta dago, Viana inguruko lurralde hauek branka baten moduan geratu zirelako Gaztelaren aurrean, etsaiez inguraturik. Hori dela eta, Nafarroako Antso VII. Azkarrak kokagune zaharra indartzea erabaki zuen, defentsa-gune bat sortuz, inguruko lurraldeetako antzeko beste toki batzuetan egin behar zuen bezala, hala nola Biasterin, Sonsierrako San Bizenten, Torralban, Mendabian etab. Horretarako, erregeak hirigune berri bat sortu zuen Vianan 1219an, gertuko hainbat herrixketako biztanleria hemen bilduz. Kasu honetan, erregeak hainbat aspektu baloratuko zituen muinoa indartzeko, kokagunea Logroñoren aurrez aurre zegoelako, eta bertan Ebro ibaia zeharkatzeko zubi zahar bat zegoelako. Hirigune berria ex novo eraiki zuten, kale estu eta zuzenekin, lehenago Zangozan, Biasterin, Garesen edota Iruñeko San Zernin eta San Nikolas burguetan erabili izan zuten oinplano ortogonala eratuz.

Harresi batekin inguratu zuten hiribildua. Esparru honen ekialdeko muturrean gaztelu bat kokatu zuten, eta herriko bi elizetako dorreek ere papera garrantzitsua jokatuko zuten, San Pedrorenak, mendebaldeko angeluan, eta Santa Mariarenak, iparraldeko frontearen erdi-erdian kokaturik. Harresiak 2'5 metroko lodiera zuen, erronda-pasealeku bat eratzen zuen gainetik, eta oinplano karratuko dorreekin indarturik zegoen. Osotara 21 dorre zeuden, 13 dorre murruetan eta beste 8 hiriko ateak babesteko, 2 ate bakoitzean beraz. Beste dorre batzuk zeuden gazteluan eta bi elizetan. Ezagutzen ditugu harresi hau indartzeko eraiki zituzten dorre batzuen izenak, hala nola Karrerakoa, El Caballokoa, San Llorentekoa eta Algarradakoa, iparraldean. Hegoaldeko fronte luzean Solanako, La Rampako eta Darokako dorreak zeuden. Mendebaldeko fronte motzean Tahonako eta Tamborreko dorreak zeuden, azken hau semizirkularra zen bakarra, gainontzeko guztiak errektangeluarrak ziren eta. Ekialdeko frontean, esan bezala, gaztelua zegoen.

Hirian sartzeko lau ate ireki zituzten, bakoitza harresiaren fronte batetan, haien izenak honako hauek zirelarik: Santa Maria iparraldean, Solana hegoaldean, Lizarrako atea ekialdean, eta San Felicesekoa mendebaldean. Aro Modernoan beste ate batzuk zabaldu zituzten, Erdi Aroko ataka zaharrak aprobetxatuz, seguru asko. Eremu guztia lubanarroekin indarturik zegoen, eta toki ahulenetan, hala nola ateetan, murru bikoitza zuten barbakanak ipini zituzten.

Gazteluari dagokionez, oinplano errektangeluarra zuen, 70 x 30 metrotako neurriekin, eta bi dorre zeuzkan, hiriko harresiari itsatsita. Horietako bat gazteluko dorre nagusiaren papera betetzen zuen, eta gainontzeko guztiak baino handiagoa zen. Alde bakoitzak 17 bat metro neurtzen zuen, eta bere altura 20 metrotatik gorakoa izango zen zalantzarik gabe. Gaztelu honetako hormen lodiera 4 metrotakoa iristen zen puntu batzuetan. Gazteluko beste dorreak Las Palomas izen esanguratsua zuen, Erdi Aroan dorreen usategiek zuten garrantzia proteinak eskuratzeko iturri bezala argi eta garbi adieraziz. Gazteluan, bestalde, euriaren ura ubide batzuetatik bideratzen zen ur depositu handi batera, setioak jasan ahal izateko.

Gotorleku honek 450 x 125 metrotako neurriak zituen, eta begirada batek berehala salatzen du haren inspirazio-iturria erromatarren kanpaleku militarren disposizioa dela, Frantziako hegoaldeko "bastide" delakoetan eta Nafarroako hainbat tokietan gertatuko zen bezala (lehen aipatutako Garesen, Biasterin edota Zangozan, eta XIV. mendeko Sakanako hiribilduetan, adibidez). Eta diseinatutako gotorlekuaren eraginkortasuna berehala frogatuko zen, 1275ko Gaztelaren aurkako gerran ezarritako setioari bikain eutsi ziolako.

Nafarroaren konkistak piztu zuen gerrak markatu zuen Vianako gotorlekuen degradazioaren hasiera. Cisneros kardinalak 1516tik aurrera bultzatu zituen Nafarroako gazteluen suntsipenetan Viana bi aldiz izan zen ukitua gutxienez, 1517an eta 1521ean, baina prozesu hau amaitutakoan arrasto ikusgarriak gelditzen ziren oraindik. Aurri horien degradazioak XX. mendera arte jarraitu du, eta gaur egun harresiaren zati batzuk besterik ez dira gelditzen, hiriko alde zaharraren ertzetan, baita gazteluaren horma gutxi batzuk eta elizaren dorreak, hori bai, oso eraldatuak.

  • CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 534 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, II** tomoa, Merindad de Estella, Iruñea: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1983, 610 orr.
  • LABEAGA MENDIOLA, J.C. El castillo y las fortificaciones de Viana, Navarra, temas de cultura popular 359. zk. Iruñea 1979.
  • LABEAGA MENDIOLA, J.C. Viana monumental y artística, Iruñea: Príncipe de Viana, Vianako Udala, 1984.
  • LABEAGA MENDIOLA, J.C. Viana, Panorama bilduma 37 zk. Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2006.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra: N.A.K. 1983, 372 orr.
  • SAGREDO, Iñaki: Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Iruñea: Pamiela, 2006, 208-210 orr.
  • SAINZ RIPA, E. Viana, Navarra, Temas de cultura popular 48. zk. Iruñea, Nafarroako Foru Aldundia, 1969.