Architecture

Artaxoako harresia

Artaxoako harresia "El Cerco" izenarekin ezagutzen da XIV. mendetik gutxienez, eta hobekien kontserbatu den nafar harresi-barrua dela esan dezakegu. Hau horrela izan da Nafarroako Konkistaren garaian leinu beaumondarren kontrolpean egon zelako, eta honek, bere aldetik, ahalbidetu zuen 1512, 1516 eta 1519 urteetan izandako gaztelu eta harresien suntsipenetatik salbu geratzea. Antza denez, XII. mendean sortu zen, 1085 eta 1109 urteen artean, nahiz eta geroago interbentzio sakonak izan zituen, batez ere Karlos III.aren garaian burututako lanetan, 1381an, eta XX. mendean Nafarroako erakundeek bultzatu zuten errestaurazioa. Harresi-barrua, bestalde, Artaxoako hiribilduaren harresi bezala eraiki zuten, nahiz eta herriaren hazkundeak berehala gainditu zuen eremu hura, mendiaren hegoaldeko maldan zehar zabalduz.

Hesitutako eremuak giltzurrun-formako oinplanoa du, eta bere neurriak 230 x 90 metrokoak dira ardatz luzeenetan. Murruak harlanduez eta harlanduxkoez egina daude, toki batzuetan bi metroko zabalera hartzen dutelarik. Goialdeko defentsa-karela 50 cm. ingurukoa denez, gainera, erronda-pasealeku eroso eta zabala eratzen dela esan dezakegu. Harresi honek hiru ate zituen, San Migelekoa iparraldean, Remaguakoa, hegoaldean eta herriarekin komunikatuta, eta Aitzaldeakoa mendebaldean. Lehengo bi portalak, hala ere, ez dira Erdi Aroko jatorrizko ateak, Aitzaldeako atetik soilik arrasto batzuk kontserbatu diren bitartean.

Harresi-barru hau, jatorriz, 20 bat dorreekin indartua zegoen, nahiz eta gaur egun 9 dorre besterik geratu ez diren, gehi beste hiruren arrasto nabarmenak. Dorreak harresiak markatzen duen lerrotik zertxobait aurreratuak daude, modu honetan murruaren saihetseko zaintza errazten delako. Dorren arteko distantzia, gainera, 25 metrotakoa da bataz beste, eta honek bermatzen zuen harresi-zati bakoitzaren zaintza eraginkorra, dorre bakoitzetik harresiaren 13 bat metroko zatia zaindu behar zelako kasu bakoitzean, eskuinerantz eta ezkerrerantz. Eta hori posiblea zen Erdi Aroko baliabideekin.

Dorre guztiak lau angelukoak dira, eta haien neurriak 6 metro ingurukoak dira alde nagusian (5'50 dorre estuenenean eta 6'60 dorre zabalenean). Dorre guztiak, gainera, irekita zeuden barrutik, falta zitzaielako herrira ematen zuen fronteko horma, goiko bi pisuetan gutxienez. Beraz erdi-dorreak dira (bestorres, Erdi Aroko agirietan). Disposizio honek onura handiak zituen, bai aspektu ekonomikoetan, obraren %25a aurrezten zelako, baita poliortzetikaren esparruan ere, modu honetan etsaiak hartutako dorre bat ezin zelako behar bezala erabili herria bera erasotzeko. Europako kastellologiatik hartutako baliabidea da, eta Erromako behe-inperioan dokumentatua dago lehen aldiz.

Dorreak harresia baino altuagoak dira, 15 bat metrotara iritsiz, eta kasu gehienetan hiru pisutan banatuak daude. Solairuen egitura falta den arren, suposatu dezakegu zurezkoa zela, eta solairu bakoitzak azpian dagoena baino horma estuagoa duenez, zurezko egitura hori murruaren lodieran liberatutako erlaitzen gainean paratu ahalko zen. Ohiko sistema da nafar kastellologian, baita leinu-dorreetan ere. Dorre bakoitzean behe solairua biltegi bezala erabiliko zen, eta horregatik dorre batzuetan pisu hau itxita agertzen da bere lau aldeetatik. Erdiko solairuari dagokionez, guardia-postu bezala erabiliko zen normalki, bertatik inguruko zaintza egin ahal zelako euriarengandik, haizearengandik edota eguzkiarengandik ongi babestuta. Solairu honetatik, gainera, harresi-tarte ezberdinetara atera ahal zen, oraindik ikusten diren ataka estu batzuetatik. Goiko pisua, azkenik, teilaturik gabekoa zen, erabat irekia beraz, eta oraindik ikus daitezkeen karel almenadunak zituen defentsarako. Dorreen adarbe hauek dira, zalantzarik gabe, XX. mendeko errestaurazioan interbentzio sakonena jaso zuten eremuak.

Harresiak eta dorreek eratutako esparru honen barruan garatu zen lehen mendeetan Artaxoa, Loarren, Biasterin edota Los Arcos bezalako Nafarroako Erresumako beste kasu batzuetan gertatu zen moduan. Baina harresi-barruan bazeuden, defentsaren arloan, beste bi osagai garrantzitsuak gaztelua eta eliza ziren.

Erdi Aroko agirietan behin baino gehiagotan aipatzen da "Castillo del Rey" izeneko eraikina, baina 2006ko indusketa arkeologikoak egin ziren arte ez zen elementu honetaz deus gutxi ezagutzen. Gaztelua barrutiaren mendebaldeko muturrean zegoen, harresiari atxikia, eta gaur egun erraz sumatu daiteke horma sendoak dituen eraikin errektangeluar baten zimenduak, izkinetako dorre zirkularrekin indartua. Gazteluaren murruetan itsatsita ikus daitezke, gainera, beste eraikin batzuen arrastoak, ukuiluak edota etxebizitzak seguru asko.

Gaztelu honen erdian dorre handi baten arrasto nabarmenak ikus daitezke, gotorlekuaren dorre nagusiarenak zalantzarik gabe. Dorreak oinplano zirkularra du, 10 metroko diametroarekin, nahiz eta murru sendoek, 2,5 metrokoak, 5 metroko diametroa duen barne-espazio bat besterik ez duten uzten, 20 metro karratuko azalerakoa beraz, gutxi gora behera. Gaur egun ezin dugu jakin zer nolako itxura eta garapena izango zuen dorre eder honek Erdi Aroan, baina suposatu dezakegu Huescan dagoen Ribagorzako Fantova izeneko nafar gaztelukoaren oso antzekoa izango zela. Izan ere, Fantovako dorre nagusiak, 9 metroko diametroarekin eta 2'30 metroko murruetako lodiarekin, 18 metroko altuera du, beraz suposatu dezakegu Artaxoako kasu honetan ere dorre nagusiak 20 bat metroko altuera izango zuela, gutxi gora behera. Dakigunez, XVI. mendetik aurrera dorre honen zimenduak, herriko elurtegi bezala erabili ziren, eta adineko jendearen artean oraindik "la Nevera" izenarekin ezagutzen da.

Artaxoako harresi-barruko azken defentsa-osagai garrantzitsua San Saturnino eliza bera izan zen. Ez dugu artikulu honetan eraikin erlijioso honen azterketa formala egin behar, noski, baina bere aspektu defentsiboak mahaigaineratzea interesgarria izan daitekeela uste dugu. Gaur egungo eliza XIV. mendekoa da, gotikoa beraz, baino beste fabrika erromaniko baten ordez eraiki zen, eta bere eraiketa prozesuan kontutan hartu zuten hiriaren defentsan jokatu beharko zuen papera. Hasteko, dorre altua du, inguruko eremuko talaia paregabea eta defentsa-gune eraginkorra, zalantzarik gabe. Are gehiago, eliza guztiaren gangen gainean ibiltzeko moduko terraza zabal bat eratu zuten, defentsarako karel batekin hornitua. Adarbe honen zoladurak gainazal uhindua du, bestalde, euriaren urak jaso eta bideratu ahal izateko. Ura pilare baten erdian dagoen ubide batetik jaisten da, elizaren azpian dagoen uharka batetan biltzen delarik. Modu honetan setio bat jasotzeko posibilitatea denboran luzatu egiten zen.

  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.) Catálogo Monumental de Navarra, III. tomoa, Merindad de Olite, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1985, 20-23 orr.
  • JIMENO JURÍO, J.M. El Cerco de Artajona, Obras Completas de José Mª Jimeno Jurío. Merindad de Olite, VII. tomoa, Iruñea, Pamiela Argitaletxea, 2010.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.) Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 351-353 orr.
  • MARTINENA, J.J. Navarra, castillos y palacios, Iruñea, N.A.K., 1980.
  • SAGREDO, Iñaki. Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Iruñea, Pamiela Argitaletxea, 2006, 103-108 orr.