Architecture

Karlos V. Gaztelua. Hondarribia

Karlos V. gaztelua Hondarribiko Erdi Aroko hiribilduan kokatuta dago, itsas gainean 26m-ko muino batean (43°21'48" N 1°47'28" O). Lehen eraikuntza Nafarroako Antso Abarkak egin zuen eta zabaltze eta gotortze lanak Nafarroako beste errege batek, Antso Azkarrak, 1190. urtean. Bere fatxada nagusia Carlos V. enperadoreak agindu zuen XVI. mendean, eta hemendik datorkio izena.

Harrizko eraikuntza sendo laukizuzen honek urteetan zehar eraso eta setio ugari pairatu behar izan ditu, ikuspegi militarretik balio estrategiko handiko kokapena edukitzeagatik: Frantziarekin mugan, kostaldean eta Nafarroatik hurbil lekutzen baita. Kuartel, jauregi eta defentsa funtzioak izan ditu baina 1968an Turismoko paradore bihurtu zen.

Nafarroako errege Antso Abarkak (errege, 970-994) eraiki zuela uste da, beste hainbat gaztelu bezala. Baina azkeneko hipotesien arabera, Hondarribikoa zaharragoa dela ere pentsatzen da, hain zuzen Rekaredo bisigodoaren garaikoa (errege, 586-601). Hondarribia eraso normandiar eta bikingoetatik babestuko zuen dorre bat izango zela pentsatzen da.

Gaztelua Antso VII.ak (errege, 1194-1234) handitu eta gotortu zuen, Nafarroari zegokion itsasertzeko hainbat tokitan egin zuen bezala. 1200. urtean Gaztelako Alfontso VIII.aren esku zegoen gaztelua eta 1203an errege horrek berak hiribildu izendatuko zuen Hondarribia. Hiri harresiko zati bat zen gaztelua.

Nafarroaren, Gaztelaren eta Ingalaterraren arteko mugetatik gertu zegoenez, 1200. urtetik aurrera Frantziaren eta Espainiaren interesen borroka-leku bilakatu zen eskualdea, itsaso zein lurrean. Hirigunea babesteaz gain, Txingudi badia zaintzea eta lurralderako sarrera zaintzea ziren gazteluaren funtzio nagusiak. Hau honela Erdi Aroko mendeetan zehar gaztelua Gaztelako erregearen aginduetara egon zen eta mendean hartutako lurraldeetako eremua antolatu eta defenda zezakeen hortik.

XVI. mendean Hondarribiko plazari Donostiako Motako gazteluari baino garrantzi handiagoa ematen zitzaion. 1638an jauregiaren sendotasuna proban jarri zen. Setio bat izan zen eta mila eta berrehun kanoi tiro baino gehiago jaso arren ez zuten eraitsi. Gazteluaren garrantzia ikusita, Karlos V.ak gaztelua handitzeko, eraldatzeko eta bolborako toki bat egokitzeko agindua eman zuen 1539an. Era honetan hartu zuen gaurko itxura.

Proiektu berriak, Erdi Aroko gaztelua eraldatzea ekarri zuen eta egitura berri batekin inguratuta geratu zen, mendebaldean gorputz prismatiko bat goititzen zela. Terraza bat ere sortu zen Bidasoaren beste ertzera begira eta artilleria jartzeko prestatu zen.

Ondorengo mendeetan hainbatetan eraso zioten Hondarribiari eta XVIII. mendearen bukaeran behin betiko utzi zioten gaztelua erabiltzeari. Izan ere, Hondarribiak berak muga zaintzeko gero eta ahalmen txikiagoa zeukan. 1847an behin betiko abandonatu zen eta aginte zibilari entregatu.

  • Ezaugarri nagusiak

Eraikin sendoa da; lau angeluko egituraduna eta harrizko fatxada lauduna. Hiru metro lodiko harresi perimetralak ditu iparraldeko, mendebaldeko eta hegoaldeko hormataletan; ekialdekoetan berriz bi metro ingurukoak. Eraikin militarra izanik, eraikinaren funtzio taktiko eta estrategikoari garrantzi gehiago eman zitzaion estetikoari baino. Monumentaltasuna, sendotasuna eta soiltasuna dira eraikinaren arkitektura ezaugarri nagusiak, baita formaren erregulartasuna ere. Barnealde guztian, nabe handien sinpletasuna eta estalkien ganga formako amaiera nabarmentzen dira, eta horrek eraikinaren soiltasuna areagotzen du.

  • Barne antolamendua

1797ko abenduaren 7ko kartografia dokumentu bat kontserbatu egiten da, Jose Prieto de Quintanak izenpetua. Bertan oso ongi erreproduzitzen da Karlos V.a enperadorearen gazteluaren egoera.

Eraikina gaztelua eta jauregia zen aldi berean. Lehenera destinaturiko aldeak plazara ematen zuen, sei pisu zituen. Lurzoruko oinplanoaren marrazkian ikusi daiteke patio baten inguruan dagoen Erdi Aroko gune primitibo karratua. Lehenengo solairuan eraikitako azalera guztia bi zatitan banatzen zen. Mendebaldekoak bost solairu zituen, eta ekialdekoak altuera handiko solairu bakarra. Mendebaldean bi hormarte zeuden; eta bertan gobernadorearen eta buruzagien gelak zeuden. Artilleria biltegia iparraldean zegoen; gela angeluzuzen bat zen, gazteluarekiko paralelo.

Mendebaldeko bigarren solairua armadaren zalditeriarentzat zen, baina azken finean bertan logela kolektiboak baino ez zeuden, presoentzako gelez aparte. Soldaduen gelen erdian sabaizulo bat zegoen eta bertatik artilleria eta munizio guztiak sartzen ziren. Sabaizulo hori goiko beste solairuetan ere bazegoen, munizioa eraikinaren azken solairuraino eraman ahal izateko.

Hirugarrena eta laugarren solairuak espazioaren antolamendu eta kokapen bera zuen. Haatik, bosgarren solairuko espazio guztia armadarentzat zen. Harrizko bobeden gainean terraza antzeko bat zegoen, eta 10 artilleria piezekin.

Jauregiari destinaturiko alderi dagokionez, itsaso aldera ematen zuen. Bertan kapitain jeneralak, errege, alkate, gobernadore etab.ek ostatu hartzen zuten. Zati honek gazteluak baina altuera txikiagoa zeukan, eta 1794 urtean frantsesek deuseztatu eta gero, eraikin partikularrekin bete egin da.

  • Kanpo itxura

Gazteluaren kanpoaldeko egitura lau angelukoa da. Eraikinak fatxada nagusi bat dauka, Arma Plazara ematen duena. Jatorrian laua zen, zulo txiki gutxi batzuekin eta gerora zulo horietan leihoak ipini ziren. Sarrera gailentzen da soilik, dekoraziorik gabeko arku deprimitu txiki batez osatuta dago eta honen gainean armarri inperiala kokatzen da.

Hegoaldeko fatxada, elizaren aldekoa, bere horretan mantentzen da. Sarrera bat izan zitekeen zulo bat kontserbatzen da bertan, bolen bidez apainduta, atari nagusian egiten den antzera.

Ostatuaren barruan Erdi Aroko gazteluaren aztarnak daude, eta askoz txikiagoa zela ikusten da. Gotorlekuaren jatorrizko egiturak oinplano angeluzuzena zuen, eta izkinetan oinplano biribileko dorreak zituen, gazteluko barruti aldera zabaldurik; uste da erdian ere dorre nagusi bat izango zuela. Kubo haietariko batek besterik ez du iraun, hego-ekialdeko izkinakoak.

1990eko hamarkadan egindako indusketetan, beste dorre baten aztarnak aurkitu zituzten, ipar-ekialdeko dorrearenak, eta agerian daude haren oinarriak. Ostatu barruko hormetan igar daitekeenez, guztira lau kubo egon ziren, agerian beste arrastorik ez badago ere.

1968tik aurrera egokitu egin da ostalaritzako erabilerara, turismoko Paradore Nazionala bihurtzeko.

  • ALTUNA, Jesus [et al.]. Hondarribiko historia. Hondarribia: Hondarribiko udala, 2004.
  • ARRIETA VALVERDE, Antton. Gipuzkoako gazteluak. Donostia: Hiria, 2009.
  • DE ARAMBURU, Javier; SAGARZAZU, Javier. Paseos por la ciudad de Hondarribia. Hondarribia: Hondarribiko udala, 2006.
  • PORTU IRIBARREN, Florentino. Hondarribia: notas históricas y curiosidades.H ondarribia: Hondarribiko udala, 1989.
  • SARASOLA, Nerea; MORAZA, Alfredo. Erdi Aroko arkeologia Gipuzkoan. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011.