Architecture

Armentiako San Prudentzioren basilika. Gasteiz

Armentiako San Prudentzioren basilika Gasteizko hiri-eremuan dago (42.833241,-2.702149), Armentia herrian. Arabako kultu zentruetatik gurtza haundienetarikoa duena da, lurralde historikoko patroia baita San Prudentzio.



Ver mapa más grande

Erromatar garaiko Astorgatik Bordelera zihoan bidean dago kokatua, baina bere lehen berriak IX. mendean hasten dira hainbat dokumentu historikoetan, eta haietan agertzen da gotzain-hiria izan zela 1087. urtean elizbarrutiaren egoitza Calahorrara eraman zuten arte. Hortaz, katedrala ere izan zen garai hauetan. 1135 eta 1498 urte bitartean Kolegiata mailara igo zen, eta geroztik basilikaren izendapena izan du. Mendeetan zehar komentu bat ere izan zen, gaur desagertua.

Eraikina estilo Erromanikokoa da, XII. mendean eraikitzen hasia, ziurrenik Rodrigo de Cascante apezpikuaren (1146-1190) agintaldian, baina estruktura erromaniko originala oso eraldatua eta estalia dago birgaitze ugari jasan dituelako, garrantzitsuena XVIII. mendean eta itxura guztiz aldatu ziona. Urteen poderioz ere hainbat elementu desagertu edo lur azpian geratu dira, hala nola hilerri bat edota sacraria bat. Sacrariak Erdi Aroan eliza batzuen inguruan esistitzen ziren lursailak dira, juridikoki sakratuak eta hortaz erasoezinak. Euskal Herrian ezagutzen den bakarra da Armentiakoa, nahiz eta Catalunyan eta Europan hainbat ezagutzen diren.

Tenpluak gurutze latinoko oinplanta dauka, hiru tramuko nabe bakarra gurutzadurarekin eta abside borobila. Nabeko gangak aristatuak dira baina berreraikiak. Ziurrenik egurrezko estalkia izango zuen jatorrian hormek ez dutelako kontrahormarik. Gurutzadurako tramuetan aldiz, kanoi zorrotzeko ganga dauka. Epistolaren aldeko tramoak barruko perimetro guztia jarraitzen duen erlaitz xakeztatu bat dauka, estilo erromanikoaren dekorazio gai ezaguna eta basilikaren kanpokaldean ere ikusi daitekena.

Burualdeko lehen tramuan ere kanoi zorrotzeko ganga dago eta abside borobilean aldiz, esfera laurdeneko ganga. Absidean hiru leiho erromaniko dauzka, estuak eta luzeak, puntu erdikoak eta txaranbelduak. Leiho hauek xumeak izan arren arkiboltetan soka itxurako gaiak eta geometrikoak dauzkate eta kapitelak historiatuak dira hainbat gaiekin, kanpotik eta barrutik. Burualdea oso sendoa da harlanduz egina baita eta horizontalki inposta lerro batek bi zatitan banatzen du, inposta hau leihoen hasiera delarik. Bertikalki berriz, atxikitutako koloma luze batzuei esker hiru horma-ataletan zatitzen da.

Gurutzaduran zinborrio karratu interesgarri bat dauka. Barrutik arista gangaz dago estalia eta alde bakoitzean leiho bat dauka. Zinborrioaren elementurik interesgarrienak gangako nerbioen mentsulak dira, irudikatuak baitira, protogotikoan ikusi dezakegun bezala. Irudietan lau ebanjelariak ikusi daitezke. Zinborrio orijinala harladuzkoa da eta lau dorretxo ditu angelu bakoitzean Gaztela Leongo hainbat tenplu erromanikoetan agertzen den legez, baina egitura hau ez dago ikusgai, beranduago harlangaitzez egindako zinborrio berri batek estaltzen baitu.

Burualdearen alde banatan bi sakristia daude, oinplanta karratukoak eta artistikoki interesik ez daukatenak, eraikin funtzionalak baitira. Bi altuera dituen dorrea, gurutzadura eta nabearen iparraldeko angeluan dago kokatua eta eskailera kiribil baten bitartez du igoera basilikaren barrukaldetik. Oinplanta karratua dauka eta harlanduxkoz dago egina.

1776. urtean eraldaketa sakona jasan zuen basilikak, eta horren emaitza dira hegoaldeko eliz ataria eta erretorearen etxea zena. Eliz atariak erdi puntuko bost arku dauzka eta bere horma simetrikoki kokatuak dauden leiho laukizuzen batzuek urratzen dute. Itxura soila dauka, garai honetako arkitekturak izaten duena.

Eliz ataria eraikitzearekin batera basilika erromanikoaren egitura ere aldatu zen, portada zaharrak desegin eta tokiz aldatu zituztelako. Horren ondorioz gaur egun zaila da basilikaren programa ikonografikoa irakurtzea eta eskulturaren analisi zehatz bat egitea ere. Hala ere esan behar da Armentiako tenplu honen eskultura lanak Arabako erromanikoan lehen postuetan kokatzen direla erakusten duten kalitateagatik.

Eraikuntza erromanikoetan eskultura lana arkitekturaren parte izaten da beti, edo beste modu batean esateko, eskultura arkitekturaren zerbitzura jartzen da eta berau edertzeko erabiltzen da. San Prudentzioren basilikan bi maisuen estiloak bereizi daitezke. Bata herrikoia da, irudi geometrikoak, trauskilak, arkaikoak eta bakunak dituelako. Joera honetakoak dira burualdeko leihoak eta bere garaia XII. bukaera izan daiteke.

Bigarren joera berriz, XIII. mendearen lehen laurdenekoa, askoz landuagoa da eta lehen mailako kalitatea erakusten du, Donejakue Bidean nabaritzen den Nafarroa eta Aragoiko eskulturaren eragina duena. Oso deigarria da maisu honen lanak aintzinate klasikoko eskulturarengandik jasotako legatua zuzenean jarraitzen duela. Berari dagozkio basilikaren eskultura lan gehienak, hala nola zinborrioko ebanjelariak, barruko kapitelak, kanpokaldeko harburuak eta eliz atarian dauden erliebe guztiak. Bere estiloa fina da: arropen tolesturak organo tuboen teknikaren eginak daude baina naturaltasuna agertzen dute, irudien mugimendu eta adierazpenak naturalistak dira, landare gaiak maisutasunez eginak daude eta gai geometrikoak oso zuzenak dira.

Teilatua sostengatzen duten 56 harburuak oso interesgarriak dira. Gai ezberdin asko irudikatzen dituzte, adibidez animalia naturalistak eta fantastikoak, animali musikariak, malabaristak, giza aurpegiak, arkitektur miniaturak, sirenak, etab. Harburu batean aintzinate klasikoko gai bat ikusi dezakegu: oinean arantza bat daukan mutikoa, K.a.ko II. mendeko eskultura helenistikoaren eredua darraiena. Beraren ondoan dago gizonezko buru bat eta bere ilearen tratamenduak ere eskultura klasikoa dakarkigu gogora.

Atarian dauden erliebeak tokiz kanpo daude XVIII. mendeko birmoldaketaren ondorioz. Bertan Constantino erromatar enperadorearen ikonografia duen zaldun baten irudi bat dago, bai eta Deikundearen beste erliebe bat ere. Horretaz gain, hiru tinpano daude, ziurrenik basilika erromanikoaren sarrerak zirenak. Batean Agnus Dei-a irudikatzen da. Bildotsak Isaias eta Joan Bataiatzailea dauzka alde banatan eta beheko partean bi aingeruk sostengatzen duen krismoia, Jakan sortutako eredua jarraituz. Beste tinpano batean Anastasia edo Jesusen infernurako jeistea dago, eta azkenekoan Jesusen ehorztea, Mariak hilobian eta Berpiztea daude, erdi puntuko arku baten barruan hirurak.

Bai arkitekturaren aldetik eta bai eskulturaren aldetik, Armentiako basilika Arabako obrarik gorenena da, Estibalitzeko santutegiarekin batera. Bere egitura aldatua egon arren erromanikoaren aparteko lana da. Eskultura lanak dira agian balore gehien dutena, Gaztela Leon, Nafarroa eta Errioxako eskultura erromanikoaren korronte berean daudelako, Santo Domingo de Siloseko erliebeekin eta Lizarrako San Mikelen elizako portadarekin alderatu daitezkelarik.

  • AZCÁRATE RISTORI, José Mª. "Basílicas de Armentia y Estibaliz". ENCISO VIANA, Emilio (koord.). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria. Tomo IV: la Llanada alavesa occidental. Vitoria-Gasteiz: Obra cultural de la Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 1975, 4. liburukia, 99-115 orr.
  • AZCÁRATE RISTORI, José Mª. Basílica de San Prudencio de Armentia. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia = Diputación Foral de Álava, 1984
  • LÓPEZ DE OCÁRIZ, J. Javier. "El temor al infierno hacia 1200. Análisis de la iconografía de la Anástasis de Armentia (Alava)". Alfonso VIII y su época, 2º Curso de Cultura Medieval. Aguilar de Campoo: Fundación Santa María la Real, 1992, 253-269 orr.
  • LÓPEZ DE OCÁRIZ, J. Javier. "Románico". GONZÁLEZ DE SAN ROMÁN, Miguel (zuz.). Vitoria-Gasteiz en el Arte. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, 1995, 159-209 orr.
  • OCÓN ALONSO, Dulce. "El tímpano del cordero de la Basílica de Armentia". La Formación de Álava. Congreso de Estudios Históricos. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldunia, 1985, II. liburukia, 791-799 orr.
  • OCÓN ALONSO, Dulce. "La representación de la Anástasis de la Basílica de Armentia". Cuadernos de Arte e Iconografía, VI. liburukia, 11 zbkia, 1993, 192-202 orr.
  • OCÓN ALONSO, Dulce. "La arquitectura románica vasca: tipos, modelos y especificidad". Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Erdi Aroko Artearen Berrikusketa Euskal Herrian, 15 zbkia, 1996, 51-78 orr.
  • PÉREZ ALONSO, Aiskoa. "Una nueva interpretación de la escultura del pórtico de Armentia". Boletín de la Institución Sancho el Sabio, 28 zbkia, 2008, 129-156 orr.
  • RUIZ MALDONADO, Margarita. Escultura románica alavesa: El foco de Armentia. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991