Architectes

Uriarte Aldaiturriaga, Luis Maria

Arkitektoa. Laudio, Araba, 1950.

Luis Maria Uriarte arkitekto arabarra lurralde honek azken hiru hamarkadetan eskaini digun arkitekto belaunaldi interesgarrienetako kidea da. Hasieran bereziki Araban lan egin bazuen ere azken urtetan hainbat lan Bizkaian burutu ditu, ezagunena Bilboko Arte Ederretako Museoaren azken eraberritzea izanik.

Azken lau hamarkadetan zehar, hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, Euskal Herriko lurralde guztietan, arkitekto interesgarriak aurkitzeko aukera badugu ere, bitxia gertatzen da Araban bereziki zenbat arkitekto interesgarri sortu edo bertan lan egiten duten ikustea. Bide berri horri honako hauek ekin zioten: Fernando Ruiz de Ocenda, Iñaki Usandizaga, Miguel Angel Campo, Javier Botella edota Roberto Ercilla. Ondoren beste asko gehitu zitzaizkien, besteak beste, Jose Luis Caton, Iñaki Aspiazu edo Luis Maria Uriarte. Belaunaldi horren eraikinak ezagutzera emateko orduan Javier Mozas arkitekto arabarrak egingo duen lana nabarmendu behar da, hainbat aldizkaritan horien inguruko berriak argitaratuz.

Luis Maria Uriartek 1980ean Madrilgo Arkitektura Eskolan ikasketak amaitu ondoren -Iñaki Aspiazu eta Jose Luis Catonekin batera-, bere herrira itzultzea erabakiko du, Laudiora alegia, eta bertan bere estudioa ezarri zuen. Erabaki horrek, neurri batean, bere ibilbidea eta asmoak baldintzatuko ditu, Uriartek geroztik nahiko estilo pertsonala erakutsi baitu. Gehienbat eraikin publikoak burutu ditu, bere burua hainbat txapelketetara aurkeztuz eta gainera askotan sariak lortuz.

Estiloari dagokionean, bere ibilbidean aldaketa handirik ez badu izan ere, harrigarriena ez da hori, baizik eta hasiera hasieratik egun lantzen duen arkitektura eredua jorratu duela. Horrela, bere estiloa nolabait minimalista bezala izendatu izan dena egun ohikoa bada ere eta nahiko orokortua dago, laurogeigarren hamarkadan horrela lan egiten hasi zenean egia esan berezia gertatzen zen. Eta orduz geroztik bere estiloan hainbat aldaketa izan baditu ere, funtsean hasierako arkitekto bera izaten jarraitzen du, arkitekto arrazionala, funtzionala, geometrikoa, materialei dagokionean guztiz garaikidea -beirak garrantzia handi du bere lanetan-, eta ahal duen neurrian beti taxuzkoa, gehienetan adierazkortasuna baztertuz, edota beste era batera esanda, eraikinak berak eskatzen duenean bakarrik erabiliz.

Berez, lehen lanak Roberto Ercillarekin batera burutu zituen, Laudion bertan aurrena -Hezkuntza Bereziko Zentroa (1984)- eta horren ostean Gasteizen -Lau Haur eskola (1986-87)-. Azken lan horretan, lau Haur eskola diseinatu zituzten oinplano bera erabiliz, hau da, lauki bat beste lau laukitan zatituz, horietako hirutan sei gela bilduz -zati bakoitzean bi-. Laugarren zatian ikastetxeak behar zituen beste zerbitzuak; lau laukiak elkartuz beiraz estalita dagoen gurutze formako korridorea jarri zuten -bi isurialdeko formarekin, posmodernitateari eskainitako mesede bakarra-. Gurutzearen kontrako bi alboetan, batean sarrera dago eta bestean patiora irteera. Lau Haur eskolen oinplanoa, formak eta materialak berdinak izanik, gero ikastetxe bakoitza bereizita dago elementu desberdinen erabilpenaren bitartez.

Uriartek hurrengo lan esanguratsua Gasteizen bertan burutuko du eta hau ere beste hainbat lagunekin elkarlanean, oraingoan Luis Lopez de Armentia eta Gerardo Zarrabeitiarekin batera alegia. San Antonio kalean dagoen Musika Etxeaz (1985-87) ari gara. Oraingo honetan, Pantaleon Iradierrek 1880ean eraikitako etxebizitza blokea berrerabili beharko dute, baina fatxada mantenduz, barruko espazio guztia berria egingo baitute. Aurreko lanetako izpiritu bera mantendu zuten, hau da, arrazionalismo argia, funtzionalismo zorrotza eta adierazkortasunik gabe.

Baina benetako ospea ekarriko dion lana bere lehen banakako lan garrantzitsua izango da, Gasteizen San Martin auzoan kokatzen den Ariznavarra Osasun Etxea alegia (1988-92). Proiektu horretan Uriartek bere aurreko lanen printzipio berak aplikatuko baditu ere, oraingo honetan askeagoa ikusten du bere burua, hizkuntza arkitektonikoa ziurtasun handiagoz erabiliko du eta horrela eraikin benetan berezia lortu ahal izango du sinatu, zentzu guztietan taxuz egina, funtzioa, kokagunea eta formari dagokionean alegia, baina era berean liluragarria. Osasun Etxea izanik, bai bere kanpo itxurak bai bere barne espazioak ez du larritasun sentsaziorik transmititzen, bakea eta sosegua baizik, eta hori arkitekturarekin lortzen du Uriartek, hau da, elementu sinple eta soilak erabiliz, forma geometrikoak, materialen hautaketa, eta argia eta kolorearen erabilpenarekin, bien arteko jolasarekin. Bestela, planteamendua oinarrizkoa da, oinplanoa laua da, patio estali baten inguruan antolatuta. Patioak egongelaren funtzioa betetzen du eta alboetan kokatzen diren espazioak kontsulta gelak dira. Bolumena inguratzen lubaki bat dago eta ondorioz eraikinetara malda batzuen bitartez igotzen da, horrela esanahia adierazteko elementu gehiagorik ez da behar.

Lan horrekin batera, Uriartek bi etxebizitza multzo gauzatuko ditu Bizkaian, bata Etxebarrin (1988) eta bestea Santurtzin (1992). Lehenengo kasuan, Uriartek tipologia honi aurre egiteko orduan Luis Peña Ganchegui arkitekto gipuzkoarrak bere garaian, hirurogeigarren hamarkadan eta Gipuzkoa mailan alegia, hartutako hainbat erabaki bereak egiten ditu. Adibidez, balkoiak itxuraz aldatzen ditu eta blokeen artean espazio publikoak sortzeko aukera ematen du. Beste kasuan, Uriarteren plantamendua desberdina izango da, aurreko espazio publikoei uko egiten baitie eta oraingo honetan jendeari irekitako espazioak eraikinean bertan sortzea eta sartzea erabakitzen du. Bi lan horien bitartez Uriartek erakusten digu bere hizkuntza arkitektonikoa sinplea eta soila dela, baina aurkitzen dituen emaitzak testuingurura guztiz egokituta daudela. Gainera, lan horiekin urteekin konfiantza, askatasuna eta neurri batean adierazkortasuna irabazten ari zela ere argi ikusten zen.

Azken ezaugarri horiek, guztiak hurrengo lanean aurkituko ditugu, hau da, Bilboko Arte Ederretako Museoaren eraberritzea (1997) bere gain hartzen duenean. Proiektu honetan Uriartek erabaki asko eta garrantzitsuak hartu behar izan zituen Museoaren etorkizunari begira. Alde batetik, aurreko bi eraikinen arteko lotura hobetu eta bateratu egin behar zituen. Aurretik bi eraikin zeuden, lehenengoa 1945koa Fernando Urrutia eta Estanislao Segurolaren lana, eta bigarrena 1963koa Alvaro Libanorena. Horretarako eraikin berria burutu zuen, aurreko biak beirazko mihise batez elkartuz. Era berean zerbitzu berriak -kafetegia, jatetxea, bulegoak, erakustoki gehiago- ezarri zituen. Eraikin berriaren lanak burutzean eta aurreko espazioak elkartzeko ahaleginetan, Uriartek maisutasunez jardun zuen, Museoaren sarreren antolakuntza berria bezala: Euskadiko plazara ematen zuen sarrera nagusia itxi egin zuen eta beste bi ireki, Arriaga eta Chillida plazetara. Horrela Museoa Doña Casilda parkera ireki zuen, lehen eraikinak bizkarra ematen baitzion.

Azken urte hauetan burutu dituen lanen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: Laudion bertan Arraño auzoan eskailerak eta igogailu publikoa (2005), eta Galdakaon Gandasegi ikastetxearen eraikin berriak (2010). Bi lan horiei esker, Bilboko Arte Ederretako Museoarekin gertatu zen bezala lanak amaitu zirenean (2003), Uriartek hainbat sari irabazi zituen, horien artean Euskal Herriko Arkitekto Elkargoak urtero eskaintzek dituenak.

Lehenengo proiektuan lana sinplea eta xumea badirudi ere, Uriartek jostun baten gisa kaleak, eraikinak eta espaloiak josi eta elkartzen ditu, emaitza benetan bikaina da, bai funtzionalki bai formalki. Gainera, lan horretan eta hurrengoan ere, Uriartek bi ezaugarri berri erakutsiko dizkigu. Alde batetik material berrien erabilera izango da, egurra bezalako materialen aldeko apustua eginez, eta bestetik, bere hizkuntza formalean adierazkortasun areagotzen da. Azken ezaugarri hori nabarmenagoa da Galdakaon. Eraikin horrek printzipioz funtzionalki adierazkortasuna eskatzen ez bazuen ere, ikastetxeei dagokien tipologian egun esanahi berezirik ez baita bilatzen. Hala ere, Uriartek bertan lan egingo duten irakasleei, eta bereziki, heziketa jasoko duten haurrei benetan eraikin liluragarria eskaini die, guztiz praktikoa, betebeharreko funtzioak primeran eginez, baina era berean ederra.

Bukatzeko aipatu dezagun entregatu duen azken proiektua, Getxoko Antzokia (2012). Bere ezaugarri guztiak berriro bateratuak aurkitzen ditugu baina oraingoan forma geometrikoen aldeko apustu benetan ausarta eginez. Oraingo honetan ere eraikin funtzionala eta abstraktua izanik. Gainera orube txiki eta zaila batean eraikuntzak funtzio asko eta desberdinak jaso behar izan ditu. Kanpoko itxura oso berezia du, eraikinak itsasargien esanahiarekin jolasten duelako.

  • CENICACELAYA, J.; ROMAN, A.; SALOÑA, I. Bilbao. Guia de Arquitectura Metropolitana. Bilbo: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • MOZAS, J.; FERNANDEZ, A. Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Gasteiz: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1995.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madril: Catedra, 1997.
  • URIARTE. L.M. Luis Maria Uriarte. Almeria: Almeriako Arkitektoen elkargoa, 1996.