Écoles basques

Amassorrain ikastola. Donostia

Hirurogeiko hamarkadaren hasieran haurrentzako eskola bakarra zegoen Añorgan eta, hura, Eskola Nazionala zen: erdalduna. Egoera horren aurrean, guraso batzuk beren haurrak eskola horretara eraman nahi ez eta, ikastola bat sortzearen beharra sentitu zuten. Aurreneko urratsa ematen Kasimiro Aizpurua eta Maitere Telleria senar-emazteak izan ziren. Senar-emazte hauek, Añorgan apaiz zegoen Jose Mari Aranalde eta Periko Basurtorekin harremanetan jarri eta ideia mamitu ondoren, ekin egin zioten lanari.

Añorga Club Deportivo-ri egin zitzaion lokalaren eskaera; honek baietza eman zuen, lokala, zinearen atzean zegoen. 1964ko ikasturte hasierarako l5 familia prest zeuden, 16 haurrekin parte hartzeko. Andereñoari buruz, Jose Mari Aranaldek Elbira Zipitriarekin gauzak aztertu ondoren zera erabaki zuten, beraiek nahi zutena ekartzeko beste urte bat itxoin beharko zutela. Miren Terese Aleman aukeratu zuten eta Irakasle-eskola bukatu ondoren, ikastolarako prestaketa berezia egiten ari zen.

1965ean lortu zen Añorgako ikastola irekitzea, ia auzotar guztien diru laguntzari esker. Ikasle taldea 5 urteko 8 haurrek eta 4 urteko beste hainbestek osatu zuten, Miren Terese Aleman andereño zutelarik. Ikastolaren hasierako izena Nuestra Señora de Añorga izan zen eta titularitate pribatua zuen, hots, hainbat familien izenean zegoen.

1967-68 ikasturtea lasai eta itxaropentsu hasi bazen ere, ez zen horrela amaitu. Eztabaidaren ardatz nagusia Espainiatik zetorren lege berria izan zen. Lege berri honek agintzen zuenez, ikasle bakoitzak "Libro de Escolaridad de Enseñanza Primaria" izan behar zuen, eta baita ere aiderazten zuen sei urte-arteko haurrek jarrai zezaketela ikastolan, "Jardín de Infancia" bezala. Gero, haur kopuru jakin bat izan ezean (Añorgako Ikastolak ez zuena), erdal eskoletara pasa beharko zuten. 1967-68 ikasturte bukaeran eta udara hamaika bilera egin ondoren, botazioz Legea onartzearen alde azaldu zirenak irabazi zuten. 1968an haur zaharrenak Aizpurua-Telleriatarren etxean kokatu ziren. 1969ean Añorgako Elizak, Sakristiaren gaineko lokala utzi zion Ikastolari, Aizpuruatarren etxean zeudenak bertara paseaz. Ordurako baziren hiru andereño (ikastola hasten joan zenez 1966an Maritxu Illarramendi andereñoa hasi zen eta 1967an Arantxa Agirresarobe).

1970-71n lortu zuen Ikastolak legalizazioa. 1971n Añorga Txikin, Rezola lantegiak utzitako lokal batean gela bat zabaldu zen. Ondoren lortuko zituzten auzo berean beste bi lokal. 1973an Añorgak heziketa arloan zuen arazoari aurre egiteko Irakaskuntza Kooperatiba sortu zen, gerora Amassorrain deituko zena (Añorgako jatorria du Amassorrain sortetxeak, hau Gipuzkoako antzinako eta gorenetarikoa izan da, bere antzinatasuna urrutian galtzen da, eta bere garaian Antiguako parrokiaren fundatzaile izan zen). 1978an Amassorrain Ikastola eraikiko zen terrenoetan barrakoi bat jarri zen eta bertan hiru gela egokitu. 1980-81 ikasturtean Haur Eskola, Eskolaurrea eta Oinarrizko Heziketa Orokorreko (OHOko) hiru zikloak bateratu zituen ikastetxea, Amassorrain Ikastola, estreinatu zen. 1982an OHOko lehen promozioa irten zen. 1990ean Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.

1993an publifikazio prozesuaren ondorioz sare publikoan sartu zen Ikastola. 1996an Amassorrain Lehen Hezkuntzako ikastetxe bezala geratu zen Ikastola, irakaskuntza 0tik 12 urte bitartera emanez.

  • Amassorrain Ikastola. Amassorrain Ikastola 1965-1990. Donostia: Ikastolen elkartea, 1990.
  • Amassorrain Ikastetxea. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7a].