Concept

Alboka

Musika tresna.

Euskal Herrian alboka noizkoa, nondik edo nola sortua den esatea oso zaila da. Aita Donostiak euskal soinu-tresnei buruz idatzi zuen liburuan bildu zituen albokaren inguruko berri zaharrenak1:

1443. urtean Arrasaten:

"se utilizaron para bailes y canciones en Mondragón el tamboril, las albocas y panderos".

1777. urtean Durangaldean

"...considerando perjudicial la orden de suspender, en verano a las cinco y en invierno a las dos y media, la diversión del tamboril, silbo y albogue..."

1826. urtean Bizkaiko Eguberritako bertso zahar batzuetan "albokia" aipatzen da".

Zinburruna izenarekin ere ezagutzen zen soinu-tresna hau".

Iñaki Irigoienen "Dultzaina-Gaita Bizkaian" idazlanean, albokaren eralbilpenari buruzko datu zahar gehiago aurkitzen dira2:

"Portugaleteko parrokiako ordainketetan. 1670etik 1673ra bitartean egindako kontuetan, / / ... albokariei egindako ordainketak be. Bi dira, eta urte desbardinetakoak, euretariko batek honako hau dino:"a un alboquero que asistio a bispera y dia de Nuestra Señora".

"Hurrengo urtean, 1675ean, 1682an legez, beste ordainketa batzuk agertzen dira: "alboqueros y tamborileros que asistieron a las fiestas acostumbradas".

"Antzertaleseko kontuok 1679tik 1713ra bitartekoak.... Urte batean zera agertzen da gastuetan: "que hizo Çabala el al boguero".

"...Larreako orubeko dorretxean eta Karmeliten Komentuaren artean egoan plazatxo baten, "danzas con tamboril, alboque, flauta y otros instrumentos" egiteagatik sortutako auzian. Auzia dorretxeko jaubeak eragin eban, bertan batzen ziran lagunek sortzen ebezan eragozpenen eta jasan ezineko zaratengaitik. ... hau 1730 inguruan jazo zan.

"Záraterengandik hartuta (Barcelona, 1884), euren sakrifizioak egiten ebezan Gipuzkoako mendi goi batez egiten dau berba, eta han dino: "tambien a usanza antigua sus biguirias, danzando al son de rabeles, albocas, y tamboriles".

"Durangoko artxibuetan / / egindako ordainketaren barri be badala, artxibuetan nahikotan aitatzen dana, "los alboqueros que estuvieron durante la permanencia de SS.MM." (1828).

Alboka antzinatik erabili izan dela argitzeko, ez gara dokumentu zaharrak ematen gehiago luzatuko. Emandakoekin nahikoa dela iruditzen zaigu. Ikusten dugunez, aspaldikoa da alboka gure inguruan. Azken garaietan atzerakada handia jasan zuen albokak, baina zuzenean entzunda eta idatzitakoetan ikusten dugunez3, orain dela gutxi arte Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan erabili izan da. Gorbea mendi inguruko Arratia eta Durangaldean, Aizkorri magaleko Oñatitik Otzaurteraino, Arrasaten eta Urbasan. Guk Gipuzkoako Antzuola eta kostaldean, Deba eta Aian ere albokarien berriak jaso ditugu.

1DONOSTIA, P. (1952): Historia de las Danzas de Guipúzcoa-Instrumentos Musicales del Pueblo Vasco. Ed. lcharopena, Zarauz. (1983): Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia'n, II. alea, 257-309 or. Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao. (1983): Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia'n, II. alea, 257-309 or. Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao.

2IRIGOIEN, Iñaki (1994): La Dulzaina-Gaita en Bizkaia. Artal, A., Zunzunegi, I., Zorrilla, I.en Bizkaiko Dultzaina - La Dulzaina en Bizkaia liburuan. Bizkaiko Foru Aldundia, Kultur Saila. Bilbo.

3BARRENECHEA, José Mariano. (1976): Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia. Lecároz (Navarra).



Neurri ezberdinetako albokak egiten ziren, ez zegoen erabat finkaturik ez soinu-tresnen afinazioa ez eta ematen zuen eskala. Arteako Leon Bilbao eta Igorreko Silbestre Elezkano "Txilibrin" Arratiako alboka egile zaharrek egindako albokek, dena itxirik Lab-La tarteko nota ematen dute eta Zegamako Gorrotxategik egindakoak la#.

Ezagutu ditugun albokari zahar guztiek dijitazio itxia erabiltzen zuten eta beraien albokekin ematen zituzten eskalak nahiz eta berdinak ez izan, denak tendentzi bera zeukaten: Dena itxia La bezala hartzen badugu, behetik hasita lehen zuloa irekirik Sib-Si tarteko nota ematen dute, bigarren zuloa irekia Do-Do# tartekoa, hirugarren zuloa irekia Re, laugarren zuloa irekia Mi eta bosgarrena irekia (lehena goitik hasita) Fa#. Ikusten dugunez, eskala zahar hau ez da gaur egun entzuten dugun horietakoa, horregatik alboka horiekin jotzen den guztia oso berezia egiten zaigu.

Albokariek ezkerreko kanaberarekin (bost zulokoa) kantuaren doinua ematen dute eta eskuinekoarekin (hiru zulokoa) lagundu; gehienetan tonuaren La nota pedala emanez, besteetan dominante funtzioa betetzen duen Si erabiliz edo Mi eta Fa noten duoa egiten duten Do eta Re joaz, beraien joaldietan joku armoniko aberatsa lortuz.

Jose Mari Bilbao

Jose Mari Bilbao (1886-1977), Arteako albokaria5.

5BARRENECHEA, José Mariano. (1976): Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia. Lecároz (Navarra).