Arkitektura

Zumetxagako San Migel baseliza. Mungia

Zumetxagako San Migel baseliza Mungian dago, Larrauri auzoan eta Jata mendiaren maldan, eta XII. mende bukaeran edo XIII. mendearen hasieran altxatu zuten eraikina da, estilo erromaniko berantiarrean.

Nabe bakarreko oinplanoa du, gehi estuagoa den burualde zuzena, lau kontrahormekin indartua kanpotik. Oinplano topografikoa da, inguruko lurraren gorabeherei egokitua beraz. Sarrera nagusia oinetako murruan dago, eta beranduago eraikitako elizpe arin batekin babestua doa. Beste bi ate daude, aurrez aurre kokatuak, nabearen bi aldeetan. Epistolaren aldekoa lehen aipaturiko elizpearen luzapen estu batekin estalita doa, Ebanjelioaren aldekoa kanpoaldera zuzenean irekitzen den bitartean.

Murruak harlangaitz irregularrez egina doaz kanpotik eta barrutik. Nabea eta burualdearen arteko iragana garaitza-arku batekin markatua dago. Bertan pilareen gaineko bi arku zorrotz handiak daude. Pilareek zutabeak dituzte itsatsita, eta kapiteletan orden korintoarreko apainduraren estilizazio zakarrak daude, pinaburuekin eta iratzeekin dekoratuak. Aipatutako hiru ateetatik aparte, gainera, murruak leiho estu eta luze batekin irekita doaz, barnealdearen behar bezalako argiztapena bermatzearren. Leiho hau burualdearen ardatzean dago, eta ermitaren osagai garrantzitsuenetako bat bezala deskribatu ohi da. Laprandura bikoitza du, kanpora eta barnera begira, eta lau zutabetxo ditu itsatsita fronteetan, arku zorrotz bikoitzei eusteko. Kanpoko zutabeek harroina garatua dute, eta apaindura geometrikoa duten fusteekin doaz, sareak eratzen dituzten zirkuluez eta erronboez osatuak, kapiteletan "greenman" batzuk ikus daitezkeen bitartean, iratze eta pinaburu ugarirekin osatuak. Arkuen hariak antzeko apaindurarekin doaz. Barruko zutabeei dagokienez, loreekin apaindutako fustea dute, baina kapiteletan kanpoaldean ikusitako gai berdinak errepikatzen dira.

Estalki gisan, baselizak profil zorrotzeko kanoi ganga bat jaso zuen nabean eta burualdean. Hori bai, burualdearena jatorrizkoa da, nabearena entokadura daraman XX. mendeko lan modernoa den bitartean. Gainetik, bi isurialdeko teilatu arrunta doa.

Kanpotik, baselizaren fabrika neurri handi batetan estalita dago mendebaldetik eta iparraldetik luzatzen den elizpearekin. Iparraldeko murruari itsatsita dagoen hegala estu eta altua da, eta oinetako hegala, mendebaldekoa beraz, zabalagoa eta sakonagoa, eta horregatik bere egitura lau pilareen gainean doa, zurezko gapirioekin eta isurialde bakarreko teilatuarekin. Elizpe hau harlangaitzez egindako zokalo baxu baten gainean doa, eta materiala bereko pilareek eusten diote teilatuari, leiho moduko bao luze batzuk sortuz. Sarrerei dagokienez, bao sinple eta xumeak dira. Horietatik, oinetakoa erdi puntuko arku bat da, eta mendebaldekoa zorrotza eta lapranduna, murruaren lodiera apaindurarik gabeko hiru arkiboltekin bideratzen delarik. Kapitelen ordez, apaindurarik gabeko inposta laua dago, eta atearen gainetik garai batetan egon zen beste elizpe bati eusteko beharrezkoak ziren mentsulak ikus daitezke. Burualdearen gainean, azkenik, kanpai-horma motz eta xumea ikus daiteke, kanpaiaren zerbitzurako. Eraikinari beranduago gehitutako osagaia da, zalantzarik gabe.

Laburbilduz, Zumetxagako baselizak Bakioko San Pelaioko baselizarekin ahaidetasun nabaria duela esan dezakegu, baita Bilboko Museo Arkeologiko, Etnografikoan eta Historikoan dauden Sondikako eta Mungiako hainbat kapitelekin ere. Arabako Arespalditzako baselizarekiko antzekotasunak ere nabarmendu ohi dira, baita Nafarroako eta Burgoseko beste baselizekin dituenak ere. Azpimarratzekoa da, bukatzeko, leihoko kapiteletan agertzen diren "greenman" delako giza basati begetalen erabilera, Europako iparraldeko korronte kulturalekiko eta mundu zeltarekiko nolabaiteko erlazioa adierazten duelako.



  • Arregi Azpeitia, G. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Labayru Ikastegia, 1987.
  • Arregi Azpeitia, G. Las ermitas de Bizkaia, Bilbo: Labayru Ikastegia, 1999.
  • Arregi Azpeitia, G. "Origen y significación de las ermitas de Bizkaia", Munibe aldizkaria, 42 zk., Donostia 1990, 473-477 orr.