Pintoreak

Zuloaga Zabaleta, Ignacio

Nolanahi ere ez zuen lortu lehen domina eman zion obrak Espainiako epaimahaikideen onarpena izatea 1900ean Parisen ospatutako Nazioarteko Erakusketa Handian paratzeko (Madril aurka zuen); dena den, Brusela, Berlin, Düsseldorf eta Kolonian hainbat erakusketa egin zituen. Urte horretakoak dira Parisienses eta París. Hurrengo urtean Dresdeko Nazioarteko Erakusketan lehiatu zen Anglada Camarasa eta Iturrinorekin batera, eta Urrezko Nazioarteko Domina Nagusia erdietsi zuen. Rilke ezagutu zuen. Leku orotan ukan zuen arrakasta (Paris, Düsseldorf, Praga, Rotterdam, Anberes, Lieja, Venezia, Dresde, Viena, etab.). 98ko literatura-taldeak omenaldia egin zion oturuntza batekin (1904); 4 mihise egin zituen Anateko Andra Marian (1904 ) eta Berlingo Operak Carmen de Bizet operako eszenografia bere eskuetan utzi zuen (1905). Parisen lantegia ireki zuen (1905). Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ohorezko diploma eta erregearen diploma eskuratu ostean, hiru hartako Museoak pintore eibartarraren Mis primas (1906) obra bereganatu zuen. Halaber, bere garaiko gizarteko erretratugile ospetsuenetakoa izan zen. 1909an New York hiriko Hispanic Society delakoan egin zuen erakusketara milaka pertsona bertaratu ziren. 1910ean egin zituen bere lehen erakusketak Iberoamerikan: Mexiko, Txile, Argentina. Orobat, Veneziako Bienalera joan zen, Zumaiako bere "Santiago Etxea" egiten hasi zen eta La víctima de la fiesta, La familia de Daniel Zuloaga, Retratos del Duque de Veragua y de su hijo obra ezagunak pintatu zituen (San Telmo). Bere izena 1911n sortutako Artista Euskaldunen Elkarte handinahikoan ageri da. Arestian esan bezala, bere obra arras eztabaidatua izan zen. Lafuente Ferrarik "Zuloagaren auzia" izendatu zuen polemika hori, izan ere, zenbaitek Espainia txiro eta atzeratuari buruzko irudi iraingarria islatu izana leporatu zion. 98ko belaunaldikoen artean oso gustuko zen ikuspegi hori. Beste muturrean, Unamunok honakoa idatzi zuen:

"Niri buruz esan izan dute Zuloagaren mihiseak ikustea baliagarri izan zaidala Espainiarekin lotutako oldarraldi askotan harri buruz kokatu dudan ikuspuntua sortzeko, eta mihise horiei beha nire sentimenduetan murgildu naizela eta gure herrialdearen tragedia duinaren kontzeptuan, bere larritasun lazgarri eta funtsezkoan, bere arimaren barneko kutsu historikoa duena. Margolan horiei begira geratzen den horretan dugun ugaritasuna eta gertatzen den horretan dagoen eskasia sentitu dut" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ezinezkoa da bere 400 margolan baino gehiagoz osatzen den zerrenda hona ekartzea. Gehienak tamaina handikoak eta presarik eta zalantzarik gabe gauzatuak. Horien artean Espainiako eta Amerikako aristokraziaren zenbait erretratu (Alfontso XIII erregearena barne) eta biluztu tartekatzen dira, 1930era arte egin zituenak. 1912an Eibarrek omenaldia egin zion Astelena pilotalekuan. Gerra Handiaren urtean Zumaian pintatu zuen. Bertan islatzen den euskal estiloko etxea bere egoitza bihurtu zuen. Horrez gain, Fuendetodos herrian Goyaren etxea bereganatu zuen eta bertan finkatu zuen maisu miretsiaren museoa. 1916an Estatu Batuetako hiriburu nagusietan barna ibili zen. Hainbat lantegi agertzen dira garai horretan, tartean, Madrileko Las Vistillasekoa. 1925ean AEBra itzuli zen bere adiskide handi Pablo Uranga pintorearekin batera; Habanak ere ezagutu zuen bere erakusketa bat. 1928an Eusko Ikaskuntzako bazkide bihurtu zen. Urte horietan izandako arrakastak 1931n jo zuen goia. Orduan Juan de la Encinak Madrileko Arte Modernoko Museoan areto bat eskaini zion armaginari, Encina bera baitzen bertako zuzendari. Aipatu Museoko Patronatuko presidente izendatu zuten.