Konposatzaileak

Zubiaurre Urionabarrenechea, Valentin Maria de

1860an, Amerikako esperientziaz asperturik, bere korrespondentzian Espainiara itzultzeko ideia ageri da. Itxaropen falta eta garai bateko irakaslea izan zen Nicolas Ledesmaren kontseilua jarraituz, urte bat beranduago, Madrilera itzuli zen Kontserbatorioan armonia eta konposizio ikasketak Hilarion Eslavaren eskutik jarraitzeko asmoz. Eslavaren ikasle izan zen sei urte horietan (karrera-amaierako lehen saria eta ohorezko domina jaso zituen saritzat) eliz-musika eta eszena munduan mugitzen ikasi zuen, garai honetan konposaturiko obretan ikusten den moduan. Azpimarratzekoena 1864an konposatu eta H. Eslava maisuari eskeini zion Luis Camoes bere lehen opera. Garai honetakoa den beste azpimarratzeko lan bat Misa a cuatro voces y orquesta da, Bizkaiko Aldundiaren enkargua 1864ko San Inazio eguneko ospakizuna zela eta. Honek erakusten du Valentin de Zubiaurre Madrilen bizi arren, lotura estuak mantentzen zituela euskal musika eta instituzioekin. 1869an Madrilen lehiaketa nazional bat antolatu zen espainiar opera bat saritu eta horrela espainiar opera ikuskizuneko oinarrizko errepertorio bat osatzeko asmoz egina. Urte horretako abenduaren 15ean lehiaketako lehen saria jaso zuten bi operen izenburuak argitaratu ziren: Valentin de Zubiaurreren Don Fernando el Emplazado eta Burgosko katedraleko kapera maisua zen Enrique Barreraren Atahualp. Baina 1871ko maiatzaren 12rarte ez zen estreinatu Don Fernando el Emplazado Madrilgo Alhambra antzokian, Aquiles di Franco enpresagizon eta Jose de Cardenas idazleak sortu zuten elkarteari esker. Urteak geroago Cardenasek Zubiaurreren hirugarren opera izango zen Ledia lanaren libretoa idatziko zuen. Hiru urte geroago Don Fernando el Emplazado-ren italiar bertsioa Teatro Real-ean antzeztua izan zen, garaiko abeslari bikainenen ezhoiko zerrenda batekin.