Pintoreak

Zubiaurre Aguirrezabal, Ramon de

1882ko irailaren 1ean Garain jaiotako margolari bizkaitarra. Madrilen hil zen 1969ko uztailaren 9an.

Haurtzaroko lehen urteak Garain pasatu zituen arren, berehala joan zen Madrilera; izan ere, aitak Madrilgo Errege Kaperako maisu postua zuen. Gor-mutua jaio zen, Valentin anaia bezalaxe eta 1893an hasi zen marrazketa ikasten Luis Cartiedorekin batera, eta aldi berean Arte eta Lanbideen Eskolan eman zituen lehen urratsak; 1896an San Fernandoko Arte Ederren Eskolan sartu zen eta han egon zen 1905 arte, Carlos de Haës eta Jaime Morera-ren jarraitzailea izanik. Muñoz Degrain, Luis Madrazo, Alejandro Ferrant, Luis Alvarez eta Moreno Carbonero ere maisuak izan zituen; horiek prestakuntza akademikoa eman zioten; prestakuntza hori, geroago, bere lehen etapako Euskadiko paisaietan islatu zuen, naturalismoan adierazita, batzuetan zehatza eta besteetan inpresionistagoa.

1899. urtetik aurrera, Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan hasi zen parte hartzen, eta 1901, 1904, 1906, 1908, 1910, 1912, 1915, 1920, 1924, 1952 eta 1957 urtekoetan hartu zuen parte. Ramonek, bizitza osoan zehar, oso erakusketa-jarduera garrantzitsua izan zuen eta Europa eta Amerika zeharkatu zituen. 1903an diploma bat lortu zuen Arte Ederren Zirkuluko Erakusketan eta Bizkaiko Foru Aldundiko pentsio-emailea izan zen. 1905ean Parisera joan zen Valentin anaiarekin batera, eta denboraldi batean Julien Akademiako eskoletara joan zen. Ondoren, Italia eta Europako zenbait hiri zeharkatu zituzten eta bi anaien nortasun artistikoa sustatu zuen prestakuntza-aldi garrantzitsua izan zen hura, maisu handiekin eta pintura moderno berriarekin kontaktuan.

Zubiaurre gaztea zenean, Café Nuevo Levante-n hartzen zuen parte, literaturgile eta artistekin batera: Anselmo Miguel Nieto, Julio Antonio, Ricardo Baroja, Arteta eta Gutierrez Solana; azken horrekin adiskidetasun estua izan zuen. Euskadiko Artisten Asoziazioaren fundazioan ere hartuko dute parte; horien lokaletan erakutsiko dituzte lanak behin baino gehiagotan.

1910an Pio Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia nobela irudiztatu zuen. Ordutik aurrera, sariak jaso zituen etengabe, eta gainera, kritikaren begirunea ere izan zuen; horrek kanpora begirako proiekzio handia emango dio. 1912 eta 1913 artean Herbehereetan bizi izan zen. Aldi horretan, Ramonen lanak bilakaera izan zuen eta estilo pertsonalerantz bideratu zuen, naturalismo piktorikoa alde batera utziz, kolorearen osotasunera hurbiltzeko, eta alemaniar joeretara hurbilduz, batez ere Roerich-engana. 1917an Isolina Gallegorekin, Baroja familiaren adiskidea zen kultura emakumearekin ezkondu zen; lagunen artean, Ortega y Gasset, Lozoyako markesa, Eugenio D'Ors eta beste intelektual batzuk zeuden. 1918an Hispanic Society of America-ko kide izendatu zuten eta hurrengo urtean Bilbon ospatutako Pintura eta Eskulturako Nazioarteko Erakusketan hartu zuen parte. Era berean, dominak lortu zituen Munich-eko nazioarteko erakusketetan (1909), Buenos Airesen (1910), Txileko Unibertsitatean (1910), Bartzelonan (1911), San Frantziskon (1915), Euskadiko Artisten Erakusketan (Bilbao, 1915) eta Erakusketa Hispanofrantsesean (Zaragoza, 1919).

1920an bere eta anaiaren lana jarri zuen erakusgai Buenos Airesen. Parisek ere jasoko du bere lana 1923an eta Ohore Legioa emango diote. Urte horretan bertan, bi anaiek Pittsburgh-eko Carnegie Institute-n erakutsi zuen beren lana; horrela, antolatutako hainbat erakusketa hasi zituzten 1926 eta 1936 artean New Yorken, Bostonen, Argentinan, Txilen, Perun eta Uruguain. 1921an erakusketak antolatu zituen Buenos Airesen, Montevideon eta Rosarion, eta data horietatik aurrera, Paris, Valparaiso, Madril, Bilbao, Caracas, Mexico eta abarretan; baita 1954ko Artearen Biurteko Hispanoamerikoan ere. Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan Ohorezko Aipamena izan zuen Amor y juventud (1906) lanarekin, eta hirugarren domina jaso zuen 1908ko edizioan, bigarren domina Los remeros vencedores de Ondarroa (1915) lanarekin. Zubiaurreren izen ona 1924. urtean finkatu zen behin betiko, Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan Lehen Domina lortu zuenean El Marino vasco Shanti Andia el Temerario (Madrilgo Arte Modernoaren Museoa) lanarekin.

1936-1939ko gerran Ramon Zubiaurrek aszetismoz, garbiketa- eta sintesi-ikuspegiak markatutako etapa nabarmendu zuen pinturan. Gerra amaitu ostean, Amerikara joan zen eta Txilen finkatu zen, emaztearen jaiolekuan; han, erakusketa-jarduera zabalarekin jarraitu zuen. 1951n Espainiara itzuli zenean, margotzen eta aurretik erabilitako modelo berberak errepikatzen jarraitu zuen, eta bere estilo pertsonalarekin jarraitu zuen heriotzara arte.

Lanen artean, hauek nabarmenduko genituzke: Apoteosis de la pelota vasca, El limosnero de Ondarroa, Mary, Las autoridades de mi aldea, Viejos ondarreses, Segovianos, Retrato de Miguel de Unamuno (Chicagoko Museoa), Paisaje de Durango, Paisaje de Garay, Encajeras lagarteranas, La partida (Buenos Aireseko Arte Ederren Museo Nazionala), Esperando la barca, Danza vasca, Puesta de sol en Garay, El cabo Ogoño de Bermeo, Un caserío en Mañaria, Regreso de pescadores. Reina Sofia Arte Eremuak Marino Vasco mantentzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Pescadores de Ondarroa (1914) du esku artean. Koadro adierazgarrienetako bat, Autoridades de mi aldea (1909-1910) eta Dulcísima Mirentxu (1954) Arabako Arte Ederren Museoko bildumari dagokio. Bilboko Arte Ederren Museoan Los intelectuales de mi aldea (1912-1913) da nabarmendu beharrekoa. Donostiako San Telmo Museoa, Fruteras de Ondarroa.

Pilar Mur-ek hau dio Ramoni buruz:

"Valentin baino kolorista eta espresionistagoa, optimista eta alaiagoa, anaiarekin arrakasta eta ospea partekatu zituen, baita Euskadiren ikuspegi berezia ere. Askotan engainagarriak diren perspektibek, etengabeko planoek -kolore eta marrazkiarekin armonian zehaztutakoak- kolorazio argi eta gardena lortzen dute ikuslearengandik urruntzen diren heinean, akuarela izango balitz bezala, horizonterik gabeko espazioaren sakontasuna iradokitzeko baliabide egokia". José Francések Valentinen melankolia gozoa eta Ramonen optimismoa baloratzen ditu. Azken horrek "Nolabait iseka eginez pintatzen du. Akorde argitsuak, nota dardarkariak maite ditu, kolorez jaurtitakoak esan geniezaiokeena..." (itzulpen moldatua gaztelaniatik).