Dantza

Zozuarena

Baztango mutil-dantza.

Txori izena duen mutil-dantza hau "puntukako" mutil-dantzen kategorian sar dezakegu. Xoxoaina edo Xoxuaine izenekin ere ezaguna da Baztanen. Mutil-dantza mota honen teknika esaldi musikalen errepikapenean datza, baina melodiaren momentu zehatz batzuetan esaldiak luzatzen dira eta dantzariek oinekin markatu behar dituzte "puntuak". Puntua oin librearekin egiten den ostikadatxo bat da, zeinak nota zuriaren balorea luke partituran. Puntu horiek batetik bostera igotzen dira gero jaisteko berriz ere hasierako neurrira, mutil-dantza bukatzeko.

Maurizio Elizalderen 1943ko bilduman "Zozuarena y su variación" izenarekin agertzen da. Baina ez Herrikoi Musika Sorta bildumarako egin zuen grabaketan, ez eta entzun dugun eta berarekin mutil-dantza hau dantzatu dugun parada ugarietan, sekulan ez du jo puntuak jaisteko inongo aldaerarik edo itzulirik.

Xoxoaina (del mirlo) izenburupean biltzen du R.M. de Azkuek Antonio Elizalderengandik jasota melodia bat, Biligarroarena zaharrari dagokiona. Melodia hau da Maurizio Elizaldek bere 1943ko bilduman Zozuarenaren aldaera edo itzulia bezala paratzen duena.

Bernardo Zalduak, bere aldetik, Erratzuko txistularia zen Jose Telletxearengadik jasotako informazioaren arabera, bi Xoxoaina leudeke: Lehendabizikoa Zozoarenakin bat dator eta bigarrena (kasu bietan behean jartzen dugun partiturari buruz ari gara) Maurizio Elizalderen Txoriarenari dagokio.

  • AZKUE, R.M.. Cancionero Popular Vasco. Bilbao: Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • DONOSTIA, J.A. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • ELIZALDE, Maurizio. Baztango dantzak. Herrikoi Musika Sorta 2-3. Herri Gogoa, 1971.
  • GUILCHER, J.M. La tradition de danse en Pays Basque Française et Béarn. Paris: Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • GUILCHER, J.M. "Les mutil dantza du Haut-Baztan. Zozuarena". Bulletin du Musée Basque (Baiona). 73, 1976, 49-58 or.
  • GUILCHER, J.M. "Les mutil dantza du Haut-Baztan. Xoriarena, Biligarroarena". Bulletin du Musée Basque (Baiona). 76, 1977, 91-96 or.
  • JORDÁ, E. "Nota preliminar a un manuscrito de Bernardo de Zaldua". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País.(Donostia). Año XXIX, cuaderno 4º, 1973, 556-581 or.
  • LARRALDE, Xabier; LARRALDE, Patxi. Baztango Folklorea. Donostia: IZ Estudioa, 1991.